Azken eguneratzea: 2011ko abendua
AZKEN BERRIAK

Jaurlaritzak 2.215 eskari jaso ditu etxebizitza arloan


Gobernuak bildutako dirua babestutako alokairuaren sustapenean bideratuko du
Etxebizitza Sailak 2.215 eskari jaso ditu etxebizitzen, lokalen eta eranskinen titulartasun osoa azalera-eskubidean eskuratzeko. Lurraldeka, 490 izan dira Araban, 940 Bizkaian eta 785 Gipuzkoan. Jabeen %33,86k aurkeztu du eskaria lurzoruaren jabetza eskuratzeko.

Aurkeztu diren eskarietatik, 1.834 dira baldintza guztiak betetzen dituztenak eta Sailak onartu dituenak. 20 milioi euro inguru bilduko ditu horrela Gobernuak, eta babestutako alokairua sustatzeko bideratuko ditu.

Aurreikuspenak

Sailaren aurreikuspenak gainditu egin dira, izan ere, bai lehenengo eragiketak eta bai bigarrenak oso harrera ona izan dute babestutako etxebizitzen jabeen aldetik, eta are gehiago egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta.

Lurzorua erosi dutenek euren etxebizitzaren edo eranskinaren jabetza osoa eskuratu dute. Horrela, 75 urte igarota ez diote Administrazioari eraikina itzuli beharko eta eraikina ez da apurka-apurka balioa galtzen joango erosi zeneko 75 urteak hurbiltzen joan ahala.

Lurzoruaren balioa zehazteko, eraikinaren balio osoa kalkulatu da, eta gero zenbateko horri %10 gehitu zaio, lurzoruaren eragin-balioa dela-eta. Ordaindu beharreko azken prezioa jabetza horizontalaren partaidetza-kuoten arabera esleitu da, eta kuotari BEZa gehitu zaio.


Bizkaiko Aldundiak helburu estrategikoa ezarri du enplegua suspertzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak enplegua sortzeari eta finkatzeari emango dio lehentasuna 2011-2015 legegintzaldian. Imanol Pradales diputatuak jarduteko bost ardatz estrategikoren bidez jarri nahi du martxan helburu hori, enpresak bultzatzea, ETEei bultzada berria ematea, gazteak laneratzea eta autonomoei laguntzea, azpiegiturak sustatzea eta turismoaren industria bultzatzea.

Ekonomia Sustatzeko foru diputatuaren ustez enplegua berreskuratzeari eta finkatzeari lehentasun osoa emango zaio 2011-2015 legegintzaldi berri honetan.

Enpresen sorrera eta lehiakortasuna

Lehenengo ardatz estrategikoa empresa berrien sustapena da. Garrantzi berezia emango zaie kultura ekintzailea sustatzeari eta enpresa-proiektuak garatzeari, besteak beste.

Lehiakortasunari begira, ETEak berrabiarazteko plana eratu dute BFAn, plan honek funtsezko hiru ardatz izango ditu: berrikuntza, nazioartekotzea eta inbertsioa.


Gazteak eta autonomoak

Hirugarren ardatz estrategikoa enplegagarritasuna da, non gazteak laneratzea eta autonomoei laguntzea erdigunea izango dira.

Bestalde, legegintzaldi berrian dinamizazioari ere garratzia emango zaio, azpiegitura ekonomiko, teknologiko eta sozialen sustapenarekin batera.

Azkenik, erakargarritasunari dagokionez, kanporako sustapena eta turismoaren industria aztertuko da, baita kanporako bultzada azpimarratuz.

Imanol Pradales
Imanol Pradales, BFAko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatua



Arabako Foru Aldundiak gastu propioa %16 jaitsiko du


Jose Zurita Arabako Ogasun diputatua aurrekontu berriaren aurkezpenean

Arabako Foru Aldundiaren gastu propioa %16 jaitsiko da hurrengo urtean. Guztira, 437 milioi euro kudeatuko ditu zuzenean foru gobernuak, 2011n baino 87 milioi gehiago. Arabako sozietate publikoak aintzat hartuz gero, jaitsiera are handiagoa da, %22koa hain zuzen ere.

Gauzak horrela, Jose Zurita Arabako Ogasun diputatuak 2012ko aurrekontu proiektua  aurkeztu du, eta udako oporren ostean adierazi zuen moduan “gerra ekonomikoa” ezarri behar izan du.

Hiru ardatz

Hain zuzen, hiru arazori aurre egin behar izan dizkio PPk gidatutako foru gobernuak. Alde batetik, 2012an zerga bidez bildutako diru sarrerak %6 eroriko dira, eta horrek orain dela bost urte zituenen pare utziko ditu. Bestetik, bi auzi fiskalen ondorioei aurre egin beharko die datorren urtetik aurrera, Rover auziko epaiaren dirua itzuli behar dio Espainiako ogasunari, eta berreskuratu dituen opor fiskaletatik dagokion partea ordaindu behar dio Eusko Jaurlaritzari.

Legealdi batetik bestera AFAn aldatu ez diren sailetan jaitsiera aipagarriak eman dira; adibidez, nekazaritzan %46ko beherakada, herrilan publikoetan %35, eta euskara, kultura eta kirol arloan %29ko jaitsiera.

Zorraren hazkundea

Aurrekontu propioa orekatzeko asmoz, aurten baino zor gutxiago eskatzeko asmoa du foru gobernuak. Izan ere, aparteko zorpetzeari heldu beharko dio opor fiskaletatik Jaurlaritzari dagokion dirua ordaintzeko.

Faktura guztia, 54 milioi euro, estaltzeko adina zorra jaulkitzeko baimena eskatuko die Biltzar Nagusiei, baina 2012an dena ordaindu behar ez izateko akordioa dute bi administrazioek. Azken negoziazioen arabera, 18 milioi inguru heldu den urtean ordainduko lituzke.

Hortaz, Arabak 435 milioiko zor bizia du. Elkarte publikoak gehituta, 619 milioi euro dira; interesak ordaintzera 39 milioi bideratuko ditu aldundiak datorren urtean.



Gobernu zentralak etxeko langileen
soldataren araudia aldatu du

Ministroen Kontseiluak etxeko langileen soldata 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko Errege Dekretua onartu du.

Besteak beste, urteko lanbidearteko gutxieneko soldata dirutan jasotzeko bermea izango dute, aurten 8.979,60 eurokoa dela.

Halaber, aparteko bi ordainsari izango dituzte urtero, hileko soldataren parekoak
Valeriano Gomez Lan ministroak Ministroen Kontseiluaren ostean jakinarazi duenez, “aldaketa horrek 150.000 lanpostu ekarriko ditu”, gaineratu du Gomezek, Gaur egun 300.000 pertsona daude afiliaturik kotizazio talde horretan.

Araudi berria

Dekretuaren puntu nagusiak jada ezagutzera eman dira, etxeko langileen baldintza berriak 2012ko urtarrilean indarrean jarriko baitira.

Hitzarmen edo konbenio horretan sartuko diren langileek ezin izango dituzte 40 orduko lanaldia baino gehiago izango, eta asteko 40 orduak eginda, langilea ez da etxean egotera behartuta egongo.

Langileak bi soldata extra jasoko ditu urtean eta horren zenbatekoa gutxienez soldata minimoa izan beharko da. Langileak zuzenean, enplegu zerbitzu publikoen bitartez edo baimendutako agentzien bidez kontratatuko dira. Hemendik aurrera probaldi bat ezarri ahal izango da, baina ezin izango da bi hilabete baino gehiago luzatu.

Barne langileak

Bestalde, etxeko langilearen soldatatik gehienez %30 kendu ahal izango da alojamenduagatik edo otorduak emateagatik. Dena dela, lan egun baten eta hurrengoaren artean gutxienez 12 orduko atsedenaldia egongo da, baina barne langileen kasuan, hamar ordura murriztu daiteke.

Horren harira, barne langileek gutxienez bi ordu izango dituzten egunero otordu nagusiak egiteko, eta ordu horiek lanordu gisara zenbatuko dira.

Oporrei dagokienez, 30 egun natural hartzeko aukera izango dute etxeko langile guztiek, eta gutxienez 15 jarraian hartu behar dituzte, zatika ere posiblea da. Kontratuak eteteko kalte-ordaina lan egindako ure bakoitzeko 20 egunekoa izango da bidegabeko kaleratzeen kasuan eta 12 egunekoa enplegatzaileak atzera egiten duenean.


Gureak Taldeak MerkaOn sortu du, Gipuzkoako aurrezki klub berria

Gureak taldeak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak MerkaOn sortu dute, kontsumitzaileen eta merkatarien kluba izango dena. Ekimen honi esker, gipuzkoarrek, erosketetan izango dituzten deskontuak ez ezik, hutsune sozial garrantzitsua ere beteko dute. Hau da, hogei lanpostu sortuko dira edozein urritasun mota duten biztanleei bideratuta, Gureak taldekoak, hain zuzen ere.

Talde horren baitan dauden enpresek (aurreikuspenen arabera, epe laburrean 4.000 izango dira) galdetegi berezia egingo dute, kontsumitzaileek bete beharko dutena, eta, horri esker, hainbat produktutan deskontuak izango dituzte.

Orain arte egin diren kontsumo familiarraren inguruko ikerketen arabera, erosleek, MerkaOn-en eskaintzen diren beherapenei esker, urtero mila euro aurreztuko dituzte.

Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren laguntza

Iñaki Alkortak, Gureak taldeko presidenteak, baikor agertu du bere burua; “ekimen berria jaio da, eta, berari esker, ezaugarri zehatz batzuk dituzten pertsonei enplegua izaten lagunduko zaie, betiere, Ganberaren kolaborazioarekin”.

Horren harira, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Berrikuntza eta Ezagutza Saileko zuzendari Ana Ugaldek azaldu du, beraien laguntzari esker, “enpresa ertain eta txiki asko merkaOn egitasmoaren barne izango direla, IKTak lurraldean txertatzeko helburuarekin eta enplegu berriak sortzea xedea izanik”.

Online zerbitzua

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari Lore Martinez Axpek gaineratu du “merkaOn plataformak Gipuzkoa gozatzeko eta ezagutzeko” erramintak eskaintzen dituela; “lurralde historikoan negozioa sortzeko eta enpresa berriak irekitzeko aukera zabalduko du, eta merkaOn Gipuzkoako erakusleiho digital bihurtuko da, enpresa txikien presentziak garrantzia hartuko baitu Interneten”, esan du Martinez Axpek.

Hori dela eta, merkatariek eskura izango dute aukera digitala, online zerbitzua eskaintzeko (erosketak, aholkuak, eskaintzen iragarpena...) edo marketin multikanala txertatzeko.


 
 
HILEKO GRAFIKOAK

EAEko BPGk urte arteko %0,6ko hazkundea izan du
2011ko hirugarren hiruhilekoan

grafiko 1

Euskal Autonomia Erkidegoko BPG %0,6 hazi da 2011ko hirugarren hiruhilekoan, 2010eko tarte berdinarekin alderatuz gero, Eustatek landutako datuen arabera. Aurreko hiruhilekoan izandako hazkundearekin erkatuz gero, tasa positibo hau bi hamarren baxuagoa da.

Espainiako ekonomiari dagokionez, datu hau %0,8koa izan da, EINek argitara emandako aldez aurretiko zenbatespenaren arabera.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Euskal AEko BPGk hazkunde nulua izan du; aurreko hiruhilekoan, ordea, %0,2ko hazkundea gertatu zen. Hiruhileko arteko aldaketa berdina erregistratu du Espainiako ekonomiak ere.

Iturria: Eustat


Euskadiko eraikuntzaren sektoreko kostuek
ez dute aldaketarik izan urrian

grafiko 2

EAEn eraikuntzako kostuen indizeak ez du aldaketarik izan 2011ko urrian, aurreko hilabetearen aldean; baina hilabete horretako urte arteko tasa %2,0 igo da. Era berean, aurreko hilabetearekin alderatuta, 2011ko urrian eskulanaren kostuak eta lehengaien kostuak ez dute aldaketarik izan.

Eraikuntza eta obra zibila azpisektoreetako lehengaien kostuek antzeko bilakaera izan dute urrian, eraikuntzakoen kostuek ez dute aldaketarik izan; obra zibilean kontsumitu diren lehengaien kostuak %0,1 egin du behera, aurreko hilabetearekin erkatuta. Bi azpisektore horien urte arteko bilakaera aztertuta ikusten da eraikuntzako lehengaien kostuek %1,5 egin dutela gora, eta obra zibileko kostuek ere gora egin dutela, %4,9.

Iturria: Eustat


2011ko urrian industriako prezioek %0,1 egin dute gora

grafiko 3

Euskadiko industriako prezioek %0,1 egin dute gora 2011ko urrian, aurreko hilabetearen aldean. Datu horien arabera, azken hamabi hilabeteetako industriako prezioen aldaketa jaso duen urriko urte arteko tasak %7ko hazkundea izan du.
Sektore-azterketa xehekatuenak erakutsi bezala, 2011ko urrian, eta aurreko hilabetearen aldean, “Energia elektrikoa, gasa eta lurruna” (%0,5) adarrak izan du inflaziorik handiena. Prezioetan beherakada handiena izan duen adarra, aldiz, honakoa izan da, “Kautxu eta plastikoa, beste produktu mineral ez-metalezkoak” (%0,4).

Iturria: Eustat


Euskadi adinekoen proportzio handiena du Estatuko autonomia-erkidegoen artean

grafiko 4

EAEk %2 puntu baino gehiagorekin gainditzen zuen Espainiako 64 urtetik gorakoen proportzioa. Europarekin alderatuta, Alemaniak eta Italiak bakarrik zuten gurea baino proportzio altuagoa.

Guztira 113 udalerrik gainditu zuten Euskal AEko batez besteko portzentajea; eta 138 udalerrik portzentaje bera edo txikiagoa zuten. Gainditu zutenen artean zeuden Bilbo, Donostia eta Barakaldo, erkidego osoko biztanleen ia % 30arekin.

65 urteko eta gehiagoko pertsona asko zituzten udalerri gehienak Araban zeuden.

Iturria: Eustat

 
 
 



   


 
 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK