Enplegua erregulatzeko espedienteak edo dosierrak oraindik kalte eta eragin izugarria izaten ari dira langile taldeen artean; Euskadin, batez ere, industria sektorean. Nahiz eta uda honetan zehar espediente hauek modu nabarmenean ez azaldu eta bere presentzia mantsotu, urrian langile kaltetuen kopuruak berriz ere egin zuen gora. Joan den hilabetean, 5.656 langileri eragin dieten 230 txosten berri onartu zituzten EAEko eta Nafarroako administrazioek, horietako gehienak irailean aurkeztutakoak.
EEEak aurten inoiz baino protagonismo handiagoa ari dira izaten; krisi egoera da espediente hauen hazkundearen erruduna, baina sindikatu eta aditu askorentzat, errudun nagusiak enpresariak dira; "askotan, erregulazio mota hau beharrik gabe gauzatzen dute", aitortu dute zenbait sindikatutako ordezkariek.
Gipuzkoan EEE gehiago gauzatu dira
Euskadi osoan, lau lurralde historikoak kontuan hartuta, urte hasieratik 2.617 erregulazio espediente onartu dira, baina Gipuzkoako enpresak izan dira dosier gehien aurkeztu dituztenak, 906 guztira, hain zuzen ere (2009ko lehenengo hamar hilabeteetan); aitzitik, Araban kopururik txikiena izan da, 288 izan baitira.
Hala eta guztiz ere, nahiz eta Nafarroan ere irailetik urrira igoera izan, ez da hain nabarmena izan, izan ere, 34 espedientetik 45era igo da. Aurtengo lehenengo hamar hilabeteetan, enpresen ordezkariek sindikatuekin hitzartutakoak izan dira Hegoaldean onartutako EEE gehienak, %86, hain zuzen ere.
Arcelor kasua
Oro har, murrizketa hauek gauzatzeko, enpresek emandako arrazoirik entzunena eskaeren jaitsiera izan da. Horretaz aparte, industria izan da sektorerik kaltetuena.
Bestalde, Etxebarrin dagoen Arcelor Mittal enpresaren egoitzako langile batzordeak ez du onartu hango 120 lanpostu kentzea; hori dela eta, aurreikusitako plana bertan behera geratu da. Beraz, langileek bilera eskatu diote Arcelorreko zuzendaritzari, bere asmoak aldez aurretik ezagutzeko.