Kronologia
Esan bezala, 2008ko irailean, Lehman Brothers bankuaren porrotaren eraginez, AEBek krisialdiari aurre egiteko plangintza berria aurkeztu zuten. Hortaz, burtsek etengabe gora egin zuten, Madrilen, esaterako, IBEX-35ek bere historiako itxierarik oparoena izan zuen.
Dena dela, urriaren 31n, Espainiako ekonomiak bere lehenengo atzerapena jasan zuen, azken 15 urteetan lortutako daturik pobreena.
Langabeziari dagokionez, eraginak ere nabariak dira, eta hilabeterik hilabete langabetuen zerrenda ugalduz joan da gaur egun arte. Horren ondorioz, Enpleguko Erregulazio Espedienteek (EEE) gora egin zuten, eta 2009an, aurreko urteko EEEak 15 aldiz biderkatu ziren.
Aurtengo ondorioak ezagunagoak dira; Gobernu zentralak inposatutako neurriak maiatzean ezagutu eta irailaren 10ean jarri ziren indarrean (lan erreforma, funtzionarioen soldataren eta pentsioen izozketa, e.a.). Horrez gain, uztailean BEZaren igoera ere sartu zen indarrean.
Bi urte geroago
Garai hartan, Henry Paulsonek, Altxortegiaren idazkariak, eta Ben Bernankek, banku zentral estatubatuarraren presidenteak, Lehman Brothersen porrotak aurrera egin zezan utzi zuten, hau da, ez zuten ahalegin handirik egin egoera saihesteko; hori guztia, Lehmanen beteranotasuna kontuan izanik, 158 urte, hain zuzen ere. Harrezkero, ondorioak oso larriak izan ziren, eta hartutako erabakiak esku artetik ihes egin zien.
Higiezinen merkatuaren beherakada porrotaren azken urratsa izan zen, eta, horren ondorioz, munduko ia ekonomia guztiak krisi berean sartu ziren. |