Joan den apirilean Euskadin erregistratu diren langabeen kopurua igo egin da beste behin. 1.021 pertsona gehitu dira zerrenda triste horretara. Zifra horrek, 2008ko apirilarekin alderatuz, langabeen %49,45eko hazkundea erakusten du, eta %0,84koa, 2009ko martxoarekin konparatuta. Aurreko urteko hilabete bera ardatz moduan hartuz, 40.406 pertsona gehiago geratu dira langabezian.
Euskadiko lurralde historikoei dagokienez, datu positiboenak lortu dituen probintzia Gipuzkoa izan da, soilik 53 langabe gehiagorekin, hau da, martxoan baino %0,15 langabe gehiago. Adituek zifra positiboa dela diote, kontuan izan behar baititugu azkeneko hilabeteetan izandako datuak.
Aldiz, Bizkaia eta Arabaren kasuetan, datuak ez dira hain onak izan, 530 eta 430 langabe berri gehitu baitira zerrendetara, hurrenez hurren. Joan den hilean erregistratutako 1.021 langabeen artean, %50 aurretik enplegurik izan ez duten langabeak dira, hau da, lan-merkatuan lehenengo aldiz sartzen diren pertsonak.
Sektoreen arabera
Euskadin, apirilean zehar, langabezia tasa sektore guztietan igo da, salbuespenik gabe. Dena den, EAEn industriaren sektoreak jarraitzen du kaltetuena izaten. Datu hori kezkagarria da, industrian desegiten den enplegua berreskuratzea oso zaila delako; zerbitzuetan desegiten dena baino askoz neketsuagoa.
Bestalde, zehazki, gaur egun Euskadin 122.111 langabe daude erregistratuta. Horietariko 12.387k 25 urte baino gutxiago dituzte eta gainontzekoek adin hori gainditzen dute. Haien artean, 61.714 emakumeak dira eta 60.397 gizonak; kasu honetan, oso orekatuta daude.
Lan Erregulaziorako Espedienteak
UGT Euskadiko Prestakuntza eta Enpleguko ordezkariak, Felipe Garciak, apirileko datuen inguruan hitz egin du; bere ustez, emaitza horiek ez dira batere onak, “baina, gutxienez, azkeneko hilabeteetan gero eta negatiboagoak izaten ari ziren zifra horiek pixkanaka mantsotuz doaz”, adierazi zuen Garciak.
Horrez gain, Euskadiko hurrengo Gobernuari Lan Erregulaziorako Espedienteen (LEE) “etengabeko kontrola” izatea eskatu zion. Izan ere, azken bolada honetan, Euskadin LEEen hazkunde nabaria eman da. Adibidez, 2008an 496 espediente aurkeztu ziren, eta 2009ko lehenengo hiruhilekoan jada 543 LEE gehitu dira. “Joan den urtean, erregulazio horien ondorioz 12.000 langile kaltetu ziren, eta, aurten, orain arte, kopuru hori ia bikoiztu egin da, 21.000 langile baitira”, gaineratu du UGT Euskadiko ordezkariak.
Garciak, giroa lasaitzeko xedez, udan lan-kontratuen gorakadak izaten direla gogorarazi zuen bere hitzaldian. |