Azken eguneratzea: 2009ko abendua
ELKARRIZKETAK

Joseba Ruiz de Alegría
Ibermaticako zuzendari nagusia

"Bagenekien aurten ez genuela
jardueraren gorakadarik izango"

Joseba Ruiz de Alegriak 2002. urtetik egiten du lan Ibermatica Taldearen buruan. Gasteiztar hau
Zientzia Ekonomiko eta Enpresarialetan lizentziatua da, Donostiako Deustuko Unibertsitatearen eskutik. Une honetan, Ibermatica Estatuko Informazioaren Teknologien zerbitzu nagusien artean dago; enpresaren jarduera hurrengo sailak ditu ardatz gisa: IKT aholkularitza, hornikuntza
eta azpiegiturak edota informazioaren sistemen integrazioa, besteak beste.

Joseba Ruiz de Alegría

Egungo krisi ekonomiko-finantzarioa kontuan hartuta, zein eragin izan du egoera ekonomiko honek Ibermaticaren 2009ko ekitaldian?

Zalantzarik gabe, bizi dugun testuinguru negatibo honen ondorioz gure sektoreak ere ahuleziaren bat nabaritu izan du; krisiak Informazioaren Teknologietan izandako eragina ez da oso handia izan, baina, hala ere, ezin dugu ekidin gure bezeroek dituzten arazoek guri ere eragitea. Era berean, bagenekien aurten ez genuela jardueraren gorakadarik izango.

Nazioarteko merkatuetara irekitzea enpresen artean gero eta hedatuagoa dagoen ideia da; une honetan, zein egoeratan dago zuen konpainiaren sarrera kolonbiar merkatuan?

Nahiz eta krisialdiak gogor jo enpresa edo sektore askotan, askok nazioartekotasunean aurkitzen dute giltza; horregatik, kanpoko merkatuekin batzea edo elkartzea oso ondo ikusten dute gero eta enpresari gehiagok.

Gure kasuan, Latinoamerika hautatu dugu, bertan presentzia garrantzitsua genuelako, eta Kolonbiako sarrerarekin indar handiagoa hartuko dugu lurraldean. Horrez gain, hango konpainia garrantzitsu batekin batu gara, Ecopetrol izenekoarekin. Horrek berme handia ematen digu eta aurreikuspen positiboak izatea baimentzen digu.

Kolonbiako merkatuan egindako sarreraz aparte, munduko beste merkatu batean sartzea pentsatu al duzue?

Gure heburuen artean dago nazioartean presentzia handia izatea; momentu honetan, gure erdigunea Latinoamerika da, hain zuzen ere, Argentina, Mexiko, Txile, Venezuela, Ekuador edo Kolonbia bezalako merkatuak. Europaren kasuan, estrategia-plan berri batean lan egiten ari gara, merkatu europarrera hurbiltzeko; kasu honetan, gure helburuak honakoak izango lirateke: Frantzia, Erresuma Batua, Alemania edo Portugal, non jadanik presentzia dugun.

Bestalde, zein izango da Ibermaticaren oinarria edo xedea Euskadiko neurozientzien ikerketaren zentro berrian parte hartzeko orduan?

Basque Center on Cognition Brain and Language (BCBL) zentroko hornitzaileak izango gara. Esan dezakegu azpiegitura teknologiko hau osatzen duten elementu guztiak Ibermaticak kudeatu eta hornitu dituela. Enpresa berri bat denez, eraikin osoaren azpiegitura berria da, eta hasieratik gure kolaborazioa izango du.

Zeintzuk dira neurozientzien euskal zentro berriak izango dituen teknologia berriak?

IKT azpiegiturak gordetzeko sistemaren elementuak barnean hartu ditu, baina beste ezaugarri edo teknologia batzuk ere osatzen ditu, esaterako: software mota desberdinak, VoIP komunikazio sistemak, administrazio-ekipoa edo ikus-entzunezko elementuak. Horrez gainera, ezaugarri bereziak ere eraiki dira, esaterako, soinu txartel bereziak edo CRT monitoreak, AEBetako fabrikatzaile bati esker lortu ditugunak.

ETEei dagokienez, uste al duzu enpresa mota hauen etorkizuna Interneten eta teknologia berrietan dagoela?

ETE bakoitzaren negozio edo sektoreak kontutan izan barik, argi dago enpresa txiki edo ertain batek teknologia berriak erabili behar dituela, batez ere Internet; bestela, atzeratua geratzeko arriskua izango luke eta lehiakideak bere gainetik pasako lirateke. Hala ere, gaur egun kudeaketa teknologikoa ez da enpresaren ezinbesteko faktorea.

Zein motatako laguntza edo aholkularitza eskainiko die Ibermaticak ETEei?

Momentu honetan, eskaintzen dugun laguntzarik nabariena edo berriena milioi bat euroko funtsa da, Ibermaticak sortutakoa. Modu honetan, informazioaren teknologiak ETEetan sustatzea bilatzen dugu. Ekimena espainiar enpresa txiki eta ertain guztiei bideratuta dago, krisialdiak gehien kaltetuenei, alegia. Baldintzak ez dira estuegiak; edozein sektoretako enpresak izan daitezke, eta laguntza 15.000 eta 50.000 euro artekoa izango da, ERP edo CRM programak edo proiektuak txertatzeko; horrela, euren kudeaketa prozesuak hobetu ahal izango dira.

Fakturazioari eta enpresaren etorkizuneko proiektuei dagokienez, zeintzuk dira Ibermaticaren aurreikuspenak epe laburrerako?

Gure xedea hazkundearekin eta munduko beste proiektu batzuetara hedatzen jarraitzea da. Une honetan, 2010-2012 epealdiko Plan Estrategikoaren onespenaren zain gaude. Gure helburua da proiektu enpresarial sendo, lehiakor eta egonkorra lortzea, protagonismo handiarekin sektorearen barruan.

   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   
Idoia Mendia

Idoia Mendia
Justizia eta Administrazio Publikoetako sailburua

San Mames futbol-zelaiaren egoera

San Mames Barria aurrera eramateko baldintzen artean bi nagusitu ziren; alde batetik, estadio berriaren titulartasuna publikoa ere bihurtzea, eta, bestetik, azpiegituraren erabilera publikoa ere izatea, hori bai, beti Athletic-en beharretara moldatuz. Dena dela, zelai berriaren azpiegitura oso handia izango da, eta beste gune edo areto batzuk izango ditu hainbat ekintza gauzatu ahal izateko.

Guk eskatzen duguna da gune horiek erabilera publikokoak izatea eta hiritar guztien interesa asetzea, azken finean beraiek baitira ordainduko dutenak.

Aurrekontuari edo diruari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak urtero egingo dituen ekarpenak bere aukeraren araberakoak izango dira. Hori dela eta, 2010ean egingo den ekarpena urria izango da, euskal ekonomia momentu latza ari baita bizitzen.

Futbol taldearen borondatea, Jaurlaritzak ere konpartitzen duena, 2018an lanak amaitzea da.

 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK