Nola sortu zen Edan sortzeko ideia?
Egia esanda, ideia duela asko sortu zen, eta beti galdetu diegu geure buruei ea zergatik Bilbon ez den existitzen honelako zerbitzu bat; enpresaz arduratzen garen bazkide biok bilbotarrak gara eta 15 urte daramatzagu hemendik gauez ateratzen. Horregatik, asteburu guztietan egiten genion galdera bera geure buruari: "zergatik ez dago edaria etxera ekartzen digun enpresa edo zerbitzu bat?".
Horretaz gainera, azken urte hauetan hainbat bidaia egin ditut eta negozio honek kanpoan duen eragina egiaztatu dut. Hortaz, emaitzak ezagutuz gero, zerbitzua abian jartzea erabaki genuen. Bestalde, egungo ekonomiaren egoera ere kontuan izan behar dugu; horren ondorioz, jendeak nahiago du etxean geratu eta bere festa bertan antolatu, gutxiago gastatzeko helburuarekin.
Zehazki, zertan datza enpresa edo zein da bere helburua?
Gure helburu orokorra eta zuzena da bezeroari edozein motatako edariak, janariak edo gehigarriak (kartak, jokoak, e.a.) etxera bertara eramatea. Ordutegiari dagokionez, gure ustez, Bilbo eta hiriko eskuinaldea hilda zeuden orduetan lan egingo dugu, hau da, gauez. Era berean, farmazia zerbitzuak ere eskaintzen ditugu etxez etxe.
Gaur egun Euskadin dauden gainerako enpresa eta eskaintzekin alderatuz, zein da Edanek egiten duen ekarpena?
Gure enpresa Bilbon eskaintzen diren gainerako zerbitzuekin konparatzen badugu, gure aburuz, desberdintasun nabariena gure ardo eta likoreen karta zabala dela esango genuke; hori bai, betiere, EDAN packekin batera.
Horrez gain, enpresaren bazkideok egiten dugun ekarpena berritzailea dela esan genezake; bi pertsona gazte eta ekintzaile gara, eta Bilboko gazteen nahiak eta gogoak gertutik ezagutzen ditugula esango nuke.
Desberdintasun handia edo nabaria dago supermerkatuan erosten den produktu baten eta zuek saltzen duzuenaren artean?
Gure arrakastaren giltza prezioa da. Hasieratik erabaki genuen prezioaren kontua gertukoa eta erlatiboki merkea izan behar dela, horrela, edozein publiko motatara ailegatu ahal izango baikara. Hori dela eta, guk eskaintzen dugun prezioa eta supermerkatuetakoa oso antzekoak dira; desberdintasuna egotekotan, oso txikia izango litzateke.
Zuen estreinaldia duela gutxi izan zen; nolakoa izan da hasiera? Aurreikuspenak gainditu dituzue?
Oraindik hasieran jarraitzen dugula esan dezakegu, baina, momentuz, jendearen onarpena oso positiboa izan da; oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. Iritziak positiboak izaten ari dira, baina, oraindik, itxaron egin beharko dugu ea nola egiten duen aurrera negozioak; espero dugu hazten jarraitzea, eta, ahal izanez gero, etorkizun hurbil batean merkatua irekitzea hiriko ezkerraldera, asmo handiko proiektua baita.
Orokorrean, zein da Edaneko bezeroen profila edo izaera?
Orain arte Edanera hurbildu diren bezero gehienak gazteak izan dira, neska eta mutilak, baina, orokorrean, gazteria izan da gehien animatu den talde soziala. Gazteek aisialdia euren kabuz antolatzen dute, eta askok lagunekin edo bikotekidearekin etxean geratzea erabakitzen dute; horiek horrela, gure zerbitzua onuragarria izaten da beraientzat.
Egungo abagune ekonomikoa ezagutuz, normalena da ikustea nola enpresa askok euren negozioa ixten duten; zuek, aldiz, enpresa berri bat irekitzea erabaki duzue; zein da honen guztiaren arrazoia?
Lehen azaldu dudan bezala, gainerako enpresek edo negozioek ateak ixteak ez du eraginik guregan. Gure helburua eta zeregina bezeroen etxeetara produktu batzuk bertaratzea da; horregatik, agian, gure enpresarentzat positiboa da jendea gero eta beranduago ateratzea etxetik edota ez ateratzea.
Zure ustez, ba al dago krisirik edari alkoholdunen adarrean edo eraginik izan ez duen produktua izan da?
Gaur egun guztiok bizi dugun krisiak sektore eta arlo guztiak ukitzen dituela esango nuke, baita edarien eremua ere. Alabaina, Bilbon, egoera ez da Estatuko gainerako lurraldeetakoa bezalakoa; krisia egon badago, jendeak gutxiago kontsumitzen du lokaletan eta etxetik gero eta gutxiago ateratzen da, baina Bilboko kaleetatik bueltatxo bat emango bagenu, ikusiko genuke nola tabernak eta diskotekak gutxi gorabehera beteta dauden. Bilbotarrak, eta euskaldunak orokorrean, irteteko joera du.
Dagoeneko lehenengo kritikak entzun dituzue alkohola etxez etxe merkaturatzeagatik? Zein izango litzateke zure erantzuna?
Momentuz, jaso ditugun kritika eta iritzi guztiak izaera konstruktibokoak izan dira, baina iritzi negatiboak iristen badira, modu baikorrenean bereganatuko ditugu; kontu horrek ez digu beldurrik ematen.