Maiatzaren 21ean egindako grebak oraindik badu oihartzunik. Gaur esango zenuke emaitzak onak izan zirela?
Jakina. Greba Orokorra mugarria izan zen. Langileen borroka indartzeko fase berria ireki zuen, eta kalera irtetea beste irtenbiderik ez dagoela barneratu zen. Garbi geratu zen langileok ez dugula sortu krisia, eta, beraz, ez dugula zertan ordaindu.
Mota bereko beste greba orokor bat antolatzeko prest egongo zinatekete?
Ezin dugu bitarteko moduan sekula baztertu. Eta krisia langileen eskubideetan atzerapauso berriak inposatzeko erabili nahi dutenean, neurriko erantzunak emateko aukerak beti egon behar du mahai gainean. Orain, kontua ez da zenbat greba orokor egiten ditugun, baizik eta mobilizazio bakoitzarekin zein aurrerapauso eman dezakegun.
Sindikatu batzuek dekalogo bat plazaratu zenuten. Zein izan da gainerako sindikatuen eta herritarren erantzuna edo jarrera?
Gure ustez, bizi dugun krisi egoeratik irteteko, ezinbestekoa da beste eredu ekonomiko eta sozial bat, hau da, politikak goitik behera aldatu beharra dago, eta bide luze horretan, dekalogoa da lehen urratsa. Dekalogoaren bidez, momentu honetako larritasunari erantzuten dioten premiazko neurri zehatzak eta errealak jarri ditugu mahai gainean, eta orain sinadura bilketa egiten ari gara.
Zein da une honetan abertzaleak ez diren alderdiekin duzuen harremana?
Gauza bat da elkarrizketa sozialaren mahaian parte ez hartzea, eta beste bat abertzaleak ez diren alderdiekin izan dezakegun harremana. Guk garbi dugu López lehendakariak eta bere ekipoak patronalaren interesak defendatzeko hartutako neurriei abala emateko mahaian ez dugula parte hartuko, baina prest gaude krisi egoera honi benetako irtenbideak bilatzeko neurriei buruz alderdi guztiekin hitz egiteko, eta, zentzu horretan, gehiengo sindikalak alderdi politiko desberdinekin erronda bat egiteko asmoa du, dekalogoaren berri emateko.
Zertan desberdintzen dira sindikatu abertzaleak eta abertzaleak ez direnak?
Euskal Herrian jakina da bi eredu sindikal desberdinen existentzia, baina krisi testuinguru honetan emandako erantzunak areagotu egin du alde hori: alde batetik, konfrontazioan oinarritzen den eta eskubideen defentsa borrokarekin egiten dela uste dugun sindikatu abertzaleen eredua dago, eta, bestetik, osagarria edo kudeaketa hutsekoa den eredua, abertzaleak ez diren sindikatuen eredua.
Krisiarekin batera, azken aldi honetan eskatu diren EEEak gehitu egin dira. Uste duzu enpresari askok lan-murrizketak egiten dituztela, krisiaren aitzakia erabiliz?
Hortan ez dago zalantzarik. 15 urtean izugarrizko irabaziak pilatu ondoren, lehenengo zailtasunen aurrean langileak izan dira ondorioak pairatu behar izan dituztenak. Kasu gehienetan, enpresariek errazegi jotzen dute EEEra, diru publikoa erabiliz enpresaren gorabeherak kudeatzeko. Legedia enpresarien neurrira eginda dago guztiz, eta, gainera, instituzioen eta patronalaren arteko aliantza erabatekoa da, horregatik ditugu hainbeste EEE.
Zer egin dezakezue alderdi sindikalek EEEak eta krisiaren egoera baretzeko? Edo ekonomia hobetzea alderdi politikoen kontua da soilik?
Lehen aipatu dudan moduan, bizi dugun krisi egoeratik irteteko, ezinbestekoa da beste eredu ekonomiko eta sozial bat. Ezinbestekoa da indar korrelazioa aldatzea kapital eta langileen arteko gatazkan azken horien mesedetan, eta hori mobilizazioaren eta borrokaren bidez bakarrik lor daiteke. Beraz, ez da alderdi politikoen kontua soilik, sindikatu eta gizarte eragileok zer esan handia dugu.
Zein esango zenuke dela krisi finantzario honen errudun nagusia eta noiz eman zitzaion hasiera egungo egoera latzari?
Krisi ekonomiko honen errudun nagusia eredu ekonomiko kapitalista da, eta azken urteetan ekonomiak izandako bilakaeraren ondorioa da. Horregatik diogu eredu ekonomiko eta sozialean benetako aldaketak egiten ez badira, eta partxeak jarriz, ezinezkoa izango dela krisi egoeratik irtetea, langileen kasuan behintzat. Izan ere, eredu kapitalistarekin langileok beti gaude krisian, momentu batzuetan gehiago areagotu daitekeen krisian. Azken urteetan hazkunde ekonomikoa nagusi izan arren, langileentzat prekarietatea areagotu egin da.