Ekonomiaren alorrean bizitzen ari garen ziklo aldaketa kontuan izanik, zein ari da izaten Bilboko turismoaren garapena?
Azken urteotan, Bilbao Euskadiko hiriburu turistiko bihurtu da. 2008. urtean 604.318 turistak bisitatu zuten Bilbao, hau da, Euskadira etorri ziren turisten %30 Bilbao ezagutzera animatu zen.
Argi utzi nahi dut 2003tik Bilbok urtero bere marka historikoa hautsi duela, eta turisten tasa 2008an jaitsi dela soilik. Dena dela, kontuan izan behar dugu mundu osotik hedatu den krisia, eta turisten kopurua nabarmen murriztu dela Estatu osoan. Beraz, Bilboko turismoa ondo mantentzen dela esan dezakegu.
Bilbon jasotzen diren bisita gehienak egun bateko ihesaldiak edo epe laburrekoak izaten ohi dira; nola baloratzen da datu hau Bilbao Turismotik?
Egoera hori guztiz arrunta da kasu honetan; hiriko turismoan beti gertatzen da gauza bera, ez soilik Bilbon. Gure hiriko egonaldiak Europako hiri turistikoen batez bestekoaren barnean daude, bi eta hiru egunen arteko egonaldiak, hain zuzen.
Gure eskaintza ez da Bilbon amaitzen; hamaika leku eta alternatiba desberdin aurki ditzakegu Bizkaian: hondartza edo barneko herrietako paisaiak, munduan parekorik ez duten toki edo monumentuak (Bizkaia Zubia edo Loizaga Dorrea), gastronomia, e.a.
Estazionalitateari dagokionez, gai honek Bilbori ere eragiten dio; izan ere, jende askok asteburu edo zubiak hautatzen ditu hiria ezagutzeko. Zein neurri ezar daiteke hau guztia ekiditeko?
Zorionez, Bilboko turismoak ez du estazionalitaterik. Horrek bakarrik eragiten die 'eguzkia eta hondartza' duten hiri edo herriei. Bilbon negozioen turismo asko jasotzen dugu, eta, bereziki, astelehenetik ostiralera bitartean egiten dira aurrera negozio gehienak. Beraz, lanegun eta asteburuen artean oreka manten-tzen dugula esan dezakegu; batez ere udako hiletan ugaritasun handiagoa nabaritzen da, oporren garaia baita.
2008an, oparotasun handieneko hilabeteak honako hauek zan dira, hurrenkeran: abuztua, uztaila eta iraila. Horrez gain, joan den urtean bidaiarien sarrera igo egin zen urtarrilean eta otsailean, nahiz eta hilabete eskasak izan ohi diren turismoarentzat.
Diozun bezala, krisi mundialaren hedapenak Bilboko turismoaren hazkundea mantsotu du; zure ustez, zeintzuk dira Bilboko turismoaren ahuleziak eta indarrak?
Bilbao Turismoren oinarrizko indarra gure eskaintza zabala da, eta hiri handia garela eremu txiki batean. Denetarik dago, eta kasu honetan distantzia ez da muga bat; izan ere, oinez ikusi dezakegu ia hiri osoa, edo, bestela, metro, autobus, trenbide edo tren sare desberdinak ditugu helmugara lehenbailehen iristeko. Horrez gain, Estatuko museorik garrantzitsuenetarikoak ditugu hirian, Guggenheim eta Arte Eder Museoa, eta oinez bi minutu baino ez ditugu behar museo batetik bestera joateko.
Ez dut uste gure turismoak ahuleziak dituenik, baina bai hobetu ditzakegun arloak. Esaterako, baliabide batzuk xurgatzen baditugu, merkataritza eta kultura adibidez, bezero gehiago erakartzea lortuko genuke.
Adituek komentatzen dute, Bilbon, Guggenheim eta moda-denda batzuk izan ezik, ez dagoela eskaintza handirik; iritzi horrekin bat egiten duzu?
Ez nago batere ados. Egia esanda, baieztapen hori egiten duen pertsonak ez du Bilbao ezagutzen. Gainera, arlo turistikoan lan egiten duen jendeak (touroperadoreak, agentziak, handizkako merkatariak...) egunero guztiz kontrakoa helarazten digute.
Bilbon ez ditugu soilik nazioarteko edo Estatuko moda-denda edo firmak; diseinugile berrien firmekin ere lan egiten dugu. Gazte asko Bilbora hurbiltzen dira arropa erosteko, euren hiri edo herrian denda horiek ez daudelako.
Zeintzuk dira zure aurreikuspenak Bilboko turismoaren inguruan? Zure ustez, igo egingo da, edo guztiz kontrakoa?
Nire ustez, sektore turistikoa beste arlo edo sektoreak baino indar handiagoarekin ari da mantentzen krisi egoera honetan. Dena den, argi utzi nahi dut zaila izango dela 2008ko emaitzak hobetzea.
Alabaina, ez dugu ahaztu behar 2003 eta 2007. urteen artean turisten kopurua izugarri igo zela. Egungo garaia beste bat da, eta testuinguru ekonomikoa ere beste bat da; horregatik, emaitzak testuinguruaren araberakoak izango dira.