Merkealdiak amaitu berri dira, zer-nolako balorazioa egiten du Bilbao Dendak?
Merkealdietako kanpaina primeran hasi zen, ondoren mantendu, eta azkeneko partea normaltasunean garatu da, batez ere kontuan izanda bizi garen momentu ekonomiko zaila. Egin diren kanpaina erasokorrak kontsumitzaileen onurarako izan dira, aukeratzeko asko zegoelako eta, gainera, oso prezio lehiakorretan. Merkatarien aldetik, denetarik dugu, baina, orokorrean, komentatzen digute okerra izan den garaia negukoa izan omen dela. Urritik abendura doazen hilabeteetan asko nabaritu da salmenten beherakada. Merkealdiak ez dira txarrak izan, baina deskontu hauekin merkatariek sobera duten stocka kentzea besterik ez dute lortu. Ekonomikoki errentagarritasun gabekoak dira merkealdiak, aurreko kanpaina on batekin batera ez badator.
Sasoi berria hasita, zeintzu aurreikuspenak maneiatzen dituzue?
Ditugun aurreikuspenek ekonomia egoera orokorraren antza dute. Egoerak ez du baikortasunera gonbidatzen. Kontsumoaren murrizketa emango da. Horren lehenengo kaltetua komertzioa izaten omen da. Ez da logikoa egoera latza dela ukatzea. Beherakada honek merkatariak ezustean berriro ez hartzea espero dut. Izan ere, neguko hilabeteetan izan genituen salmenten jaitsierak espero gabe hartu gintuen. Bat-batean behera jo zuten etxe, kotxe, eta abarren salmentek. Krisialdia antzematen bazen ere, errealitatea oso era zakarrean azalarazi zitzaigun. Oso normaltzat hartzen dugu diru-sarrerak murriztuta ikusi dituzten lagunek euren kontsumoa moteltzea. Kontua da diru-sarrerak mantentzen dituztenak ere gutxiago kontsumitzen ari direla, egoera ekonomikoak bultzatuta. Horiek zuhurragoak bihurtu dira. Antza, egungo egoerak zuhurtziaz aritzera bultzatzen gaitu, eta askok hori praktikan jarri dutela ematen du. Horren aurrean zera esan dezaket, Bilbao Dendak elkartetik erantzukizunezko kontsumorako deialdia egin dugula behin eta berriro, hau da, bakoitzak ahal duenaren arabera kontsumitzea, inguruaren mesederako.
Bilbao turistikoaren ideia jai-egunetan ematen den merkataritzaren itxierarekin bateragarria al da?
Bateragarria da Bilbora iristen den turismoa, momentuz behintzat, negozioekin erlazionatuta dagoelako. Bisitatzen gaituen turismoak nahikoa du astelehenetik larunbatera irekita egotearekin. Gero, urtean zehar inportanteak diren datak ditugu, Aste Santua, besteak beste. Egun zehatz horietan irekitzera animatzen dute Bilboko Udaletik, baina horrek beste sektore batzuengan izaten omen du eragina, ostalaritzan, esaterako, merkataritza-guneetan baino askoz gehiago.
Ostalaritzak erabaki du, printzipioz, ez duela apirileko egun santuetan irekiko. Aste Santuan zehar Bilboko komertzioek ere itxiko dute?
Kolektiboki, antza denez, ostalaritzak ez du era masiboan irekiko. Azken erabakia negozio eta jabe bakoitzaren esku geratuko da, ireki ala ixtea erabaki boluntarioa baita. Iaz bezala, aurten ere irekita egongo diren merkataritza-establezimenduen zerrenda prestatuko du Udalak, eta turistei informazioa eskaini. Aste Santuan komertzio batzuk irekita egongo dira eta beste batzuk itxita, bakoitzaren arabera.
BilbaoCentro bezalako elkarte batzuek eguerdietan irekitzearen beharra antzeman dute. Zein behar jaso ditu Bilbao Dendak kontsumitzaileen aldetik?
Alternatiba interesgarria izan daiteke eguerdietan irekitzea, batez ere Bilboko zonalde batzuetarako. BilbaoCentro elkarteak denbora darama bere bazkideak eguerdietan irekitzera animatzen. Ordutegia luzatzeko irtenbide ona izan daiteke. Emaitzak aurreikustea ezinezkoa da, ireki eta bi hilabetez-edo frogatu arte.
Komertzioen jai-egunetako itxialdiak ika-mika ugari sortu du historikoki Bizkaian.
Oihartzun gehiegi antzeman dut komunikabideetan jai-egunetan ireki ala ez auziaren inguruan. Ez dut uste hainbesterako denik, azken finean, urtean 12 jai-egunez soilik ari gara. Jai-egunetan irekitzea interesgarria izaten da, adibidez, data garrantzitsu baten bezpera denean, merkataritza-estrategia batean kokatuta. Merkatari bakoitzak uste badu salmentaren bat egin dezakeela, bere negozioa ireki dezake, saltzearen aukera, betiere, interesgarria delako. Aldi berean, ez irekitzea erabakitzen dutenek ere errespetu osoa merezi dute, negozio bakoitzaren nortasuna desberdina delako eta, sarritan, jai-egun horietan irekitzea zaila egiten zaielako, langileekin txandak egin behar dituztelako, besteak beste.
Zer-nolako eragina du sindikatuen presioak merkataritza-guneetan?
Presio sindikalak eragina duela ukaezina da. Sindikatuek beren printzipioak aldarrikatzeko eskubidea dute, baina gauza guztien gainetik errespetua gailendu behar da. Onartezina da ireki nahi izan duelako denda bat papereztatzea. Azken finean, kontuan izan behar da enpresaburu gehienak langileak direla aldi berean. Egin behar duguna da legeari so egitea. Legeak dio urtean 12 jai-egunetan ireki dezakegula. Hori kontuan hartuta, bakoitzak erabaki dezala. Guztiok itsasontzi berean goaz, eta batu egin behar gara, lanpostuak mantendu ahal izateko eta guztiontzako aberastasuna lortzeko.
Bilboko Udalak hiriko komertzioen kontsumitzaileen iritzia jaso du azken asteetan. Inkestaturiko %82k "atseginez" definitzen ditu hiriko komertzioak. Aztertu beharreko ondorioak izango dira ikerketa honen emaitzak.
Halaxe da. Bilbotarrek oso nota altua ematen diote gure merkataritzari. Emaitzek erakusten dutenez, barietatea, garraiobide publikoen bitartez Bilbora heltzeko erraztasunak eta zerbitzuak, besteak beste, azpimarratzen dituzte kontsumitzaileek. Gaur egun, denetarik du Bilbok. Hori dela eta, nahitaez egin behar diren erosketak hiriko merkataritza-gunetan egitera animatzen dugu jendea. Hirian, komertzioek beste faktore bat suposatzen dute. Hirian paseatu dezakezu, bertan bizi, eta abar, baina merkataritza-gune handiek erosteko aukerak eskaintzen dituzte bakarrik. Betiko auzoko komertzioetan erostea merkeagoa izaten dela uste dugu, behar duzuna bakarrik erosten duzulako eta, horrez gain, ezagutzen zaituztelako eta horrek balioa eransten diolako. Hiriko merkataritza-dendetan erostea errentagarriagoa den iritzikoa naiz.