Nazioarteko merkatu berriak arakatzea betidanik egon da euskal enpresen nortasunean. Zein da kanpora doazen euskal enpresen profila?
Bildu ditugun datuen ara-bera, atzerrira esportatzen duen ohiko euskal enpresa txikia izaten da, 50 langile baino gutxiagokoa, industriala eta kanpo merkatuetan produktuak saltzen bost urte baino gehiago daramana. Enpresa multzo honen barnean, bostetik batek ezarpenen bat du atzerrian, eta ezarpen hori komertziala zein produktiboa izan daiteke.
Zenbakiei begira, zenbat euskal enpresa joan dira atzerrira euren negozioen zabalkuntza burutzeko? Zer-nolako fakturazioa dute?
Industria sektoreari begiratuta eta bildutako azken datuen arabera, 2.698 enpresa esportatzaile ditugu Euskadin. Beste modu batera esanda, enpresa industrialen %18 edota 20 langiletik gora dutenen %68. Fakturazioari dagokionez, argi dago atzerrian aritzea hazkunderako aukera dela. Izan ere, esku artean ditugun datuak oso esanguratsuak dira: esportzaile ez diren enpresen %51,3k milioi 1 euro baino gutxiagoko fakturazioa du; esportatzaileen artean, berriz, %50,9k 1-10 milioi arteko salmentak egiten ditu, eta, bukatzeko, atzerrian ezarrita dauden enpresen %51,4k 10 milioi eurotik gorakoak.
Zein garrantzi izan dezake enpresa baten internazionalizazioak bere negozioaren garapenerako?
Oso modu laburrean esanda, internazionalizazioak dakartzan ondorio positiboen artean bi azpimarratuko nituzke. Alde batetik, hazkunderako aukera paregabea, merkatu zabalago batera bideratzen ditugulako geure produktuak nahiz zerbitzuak. Bestalde, hobekuntza eta berrikuntzarako motorra izan daiteke, atzerrian aritzeak sektoreko onenekin lehian aritzea baitakar, punta-puntako teknologien berri izatea eta merkaturatutako berrikuntzak ezagutzea. Horrek guztiak enpresaren etengabeko hobekuntzarako grina ere suspertzen du.
Zer-nolako eragina izan dezake krisialdiak euskal enpresen nazioarteko hedapenean? Zabalkuntza horiek geldiarazi ditzake egungo egoera ekonomikoak?
Logikoa denez, bizitzen ari garen egoera honetan, gure enpresen atzerriko inbertsioak (produkzio planta berriak irekitzea, besteak beste) moteltzen ari dira. Baina horrek ez du esan nahi proiektu horiek bertan behera geldituko direnik, atzeratu egingo direla baizik. Bestalde, 2009rako aurreikusitako promozio ekintzei begira (parte-hartzeak nazioarteko azoketan, merkataritza-bidaiak atzerriko merkatuetara, eta abar), aurreko urtearekin konparatuta zertxobait murriztuko direla pentsatzea normala iruditzen zait. Hori bai, enpresentzat lehentasunezkoak diren merkatuetan jarduera maila mantendu egingo dela ere seguru nago. Egoera honek zerbait frogatu badu, zera da: nazioarteko merkatuetan ari diren enpresek hobeto egiten dietela aurre krisiari, hain zuzen ere.
Negozio aukera interesgarria ekar dezaketen herrialdeen zerrenda aldatuz doa urtez urte. Zeintzuk izan daitezke, gaur egun, negozioa garatzeko atzerriko herrialde aproposenak?
Duela bi urte, etorkizunari begira euskal enpresentzat negozio aukera gehien eskaintzen zuten merkatuak identifikatzeko lan sakona egin genuen, besteak beste, datu esta-tistikoak zein iritziak bilduz. Lan horren ondoren, lehentasunezko 9 merkatu identifikatu genituen: AEB, Txina, Txekiar Errepublika, Polonia, India, Mexiko, Brasil, Errusia eta Turkia. Horiekin batera, Europako lau merkatu handiak ere gehitu behar ditugu, Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batua, hain zuzen ere.
Aurrekontu ekonomiko handia behar dela-eta, internazionalizazioa euskal enpresa handien esku bakarrik dago?
Neurria ez da internazionalizazio ezarako arrazoia, 2005ean atzerrira esportatzen ari ziren 20 langile baino gutxiago zuten 1.385 euskal enpresa industrialak horren lekuko baitira. Egia da enpresa txikiak baliabide gutxiago dituela, baina egoera honi aurre egiteko formulak egon badaude, esate baterako, esportaziorako partzuergoa bezalako lankidetza formula, bai eta laguntzak ere.