Azken eguneratzea: 2010eko abuztua

ELKARRIZKETAK

Esther Unceta
Gasteiz On-eko kudeatzailea

 

“BEZaren igoeraren eragina psikologikoa izango da gehienbat”

Gasteiz On 2001ean sortutako merkatarien elkartea da. Helburua da, gero eta konplexuagoa eta lehiakorragoa den testuinguru batean garatu ahal izateko, Gasteizko hiriguneko merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza etorkizuneko estrategia komun batean biltzea. Horretarako, merkataritza-formatu berrien aurrean hiriko merkataritza indartzeko bidean, merkataritza-politika helburu, hainbat estrategia eta ekintza-plan bultzatu ditu

 

 

Oro har, Gasteizeko merkataritzari dagokionez, zein da egungo egoera? Krisialdiak eragin handia izan du bere ibilbide edo bilakaeran?

Ia hamar urte hauetan zehar merkataritza txikiak aurrerapen izugarriak egin ditu, bai eta gure elkarteak ere. Hasiera batean mehatxu gisa ikusten genituen merkataritza-gune periferikoak errealitate gertu bihurtu dira, eta horrek merkatuaren berrantolaketa eragin du.
Dena dela, hiriko merkataritzak aurrera egiten jarraitu du; gabeziak eta ahuleziak existitu arren, ekintzaileen laguntzari esker, kontzeptua berritu eta bezero berriak lortu ahal izan dira.
Zalantzarik gabe, krisialdiak eragin negatiboak izan ditu bi urte hauetan zehar, baina sektorearen indarguneak egiaztatzeko ere balio izan du.

BEZaren igoerari begira, nolakoak izan dira lehenengo efektuak edo izan dituen eraginak? Asko nabaritu da hiriko saltokietan?

Nahiz eta eraginen inguruan hitz egiteko goiz izan, uste dut BEZaren igoeraren inpaktua gehienbat psikologikoa izango dela kontsumitzaileengan. Hala eta guztiz ere, ziur prezio altuetako produktuetan gorakada nabariagoa izango dela, eta, kasu horretan, bezeroen erosteko asmoa jaitsi egingo da.

Gasteiz On-eko denden %70ek BEZaren igoeraren zati bat jasango zuela jakinarazi zuen; zergatik gauzatu da ideia edo proiektu hori? Zein izan da helburua?

Inkesta batean, Gasteiz On-eko kideek erantzun zuten BEZaren %70 jasango zutela, baina kontu hori saltoki bakoitzaren esku dago; ez da gure elkarteak indarrean ezarri duen araua, ezta marketinarekin zerikusirik duen eskaintza ere, baizik eta nahi izan duten dendariek hartu duten erabakia, krisiak kaltetuta atera diren bezeroei laguntzeko xedearekin.

Kontu berarekin jarraituz, epe ertainean edo luzean, dendarientzat igoera honen ondorioak positiboak izango direla esango zenuke?

Ez dut uste ondorioak positiboak izango direnik. Zerga-bilketen hazkundeak eta gastu publikoaren murrizketak eragin positiboak izan ditzakete kontu publikoetan, baina horren truke, epe laburrean, langabe ugari egongo dira; une honetan lan egiten duten behargin asko enplegurik gabe geratuko dira, eta, batez ere, autonomo, merkatari eta enpresari ugariren negozioek porrot egingo dute. Hori dela eta, merkataritza txikiarentzat, BEZaren igoera albiste txarra dela esango nuke, ziurgabetasuna sustatzen duten faktore berri eta kaltegarriak barne hartzen dituelako.

Bestalde, azalera handiko merkataritza-guneei dagokienez, zein da elkartearen iritzi orokorra zentro horien inguruan? Uste duzue eragin negatiboa duela merkatu txikian?

Hiriko merkataritza ez dago azalera handiko merkataritza-guneen kontra, lehiakortasun oldarkorraren aurka baizik. Merkataritza txikia kale kantoian dagoen saltokia baino askoz gehiago da, kantoi, kale eta auzo guztietan dagoen denda baita. Azken finean, arriskuan dagoen espezie da, gizarteak babestu behar duena, bere biziraupena bermatzeko.
Jakina azalera handiko merkataritza-guneek merkataritza txikiari min egiten diola, baina benetan garrantzizkoa dena hiritarra eta bere bizimodua dira; horri amaiera ematen badiogu, egoera tamalgarria biziko dugu.

Ildo berari jarraituz, posible da azalera handiko merkataritza-guneei aurre egitea? Zuen aukerak murriztu egin dira zentro horien agerpen masiboaren ondorioz?

Merkataritza txikiak ez du bitartekorik ezta aukerarik ere enpresa erraldoiekin lehian sartzeko; haiek dituzten baliabideak mugagabeak dira, guk ditugunekin alderatuta. Esaterako, guk ezin ditugu zentro itzelak eta artifizialak eskaini; hala eta guztiz ere, gure irudimena, gogoa, ahalegina eta ideiak mantendu ditzakegu, eta horiekin hiriko merkataritza gertu, erakargarri eta kalitatez betea sor dezakegu.

Jai-egunetan edota eguerdietan irekitzearen inguruko eztabaida zabaldu da azkenaldi honetan; Gasteiz On-en ideia horren alde egiten duzue? Zein da enpresarien iritzia honen guztiaren inguruan?

Egun edota ordu horietan irekitzea edo ixtea enpresarien erabakia da; beraien interesen arabera, nahi dutena egin dezakete, presiorik gabe. Betiere, kontuan izan beharko dute euren negozioaren egoera, estrategia komertziala, eta bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko mugak. Horregatik, askatasun osoarekin hartu beharreko erabakia da, kanpoko faktoreek ebazpena oztopa ez dezaten.





   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   
Jose Antonio Diez Alday

Jose Antonio
Diez Alday
Kazetaria eta analista ekonomikoa

Euskadiko industria eta teknologia


Euskal Herriko egoera eta errealitate ekonomikoa ez dira kontuan hartuak izan lan erreformaren inguruko hainbat neurri ezartzerakoan.

Dena dela, argi dago euskal ekonomiaren ardatz nagusia industria dela, eta sektoreari esker, euskal enpresa asko nazioarteko beste talde batzuekin lehian sartu ahal izan dira; gainera, Euskadiko BPGren zati handia ordezkatzen du. Era berean, aurrekontu orokorrari dagokionez, Euskadiko berankortasun tasa eta defizit publikoa espainiarrak baino baxuagoak dira, eta langabeziaren kasuan ere, batez bestekoa Europako datuetatik gertuago dago. Horregatik, euskal ekonomiaren egoera hobea da, eta ez da beharrezkoa hainbeste murrizketa egitea defizita jaisteko, sarrerak handitzeko edo enplegua sortzeko.

Beraz, ideia ona izango litzateke Eusko Jaurlaritzak aukera aprobetxatzea eta teknologia berriak edo prestakuntza sustatzen dituzten enpresetan inbertitzea, hasiera batean zorrak izan arren, epe ertainean emaitzak positiboagoak izango baitira. Hau da, Euskadik inbertitzen jarraitu behar du, merkatu lehiakorren pare kokatzeko.

 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK