Azken eguneratzea: 2010eko abuztua

ELKARRIZKETAK

Joseba Villarreal
ELAko Negoziazio Kolektiboaren arduraduna

“Gezurra da funtzionario guztiek
diru asko irabazten dutela”

Joseba Villarreal legazpiarra da, eta ELAko Negoziazio Kolektiboaren arduradun gisa lan egiten du. Villarrealek ez du bat egiten funtzionarioen inguruan sortu diren hainbat aurreiritzirekin, eta beraien soldata eta eskubideak defendatzen ditu ELA sindikatuaren izenean. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako azkeneko hauteskundeetan Villarrealen sindikatuak gehiengoa lortu zuen; hala ere, LAB sindikatuarekin soilik mantentzen dute harremana.

 

Egungo krisialdiari dagokionez eta joan den urteko emaitzetan oinarrituz, orokorrean zeintzuk izan dira ekonomiaren eta langileriaren argi-ilunak ?

Argi gutxi, langileentzat iluntasuna nagusi izan baita. Gainera, krisia ez da langileek eragindako zerbait izan, baizik eta sistema-finantzarioaren errua izan dela esango nuke. Horren ondorioz, enpresetan txantajeak egin dira, langileen eskubideak ahulduz. Beste alde batetik, moderazio salarialak eta langabeziak ere indar handia izan dute 2009. urtean zehar.

Une honetan, nolakoa da ELAren harremana gainerako sindikatuekin?

Gure harremana urria da gainerako sindikatuekin; egia da harreman esklusiboa daukagula LABekin, hainbat ekimenetarako batzen baikara. Esaterako, maiatzaren 21eko greban edo orain ere dekalogo bat eratu dugu beste talde batzuekin batera.

Uste al duzu aurrerapausoak emateko beharrezkoa dela sindikatu guztiak ados jartzea erabaki guztietan?

Beharrezkoa ez dakit, baina interesgarria ziur baietz. Hala eta guztiz ere, ezinezkoa da guztiok bat egitea ideia guztietan, bizitzaren edozein arlotan gauza bera gertatzen baita, alderdi politikoekin, adibidez. Baina jendeak beti sindikatuei botatzen die errua.

Zein da ELA momentu honetan gehien kezkatzen duen kontua?

Zalantzarik gabe, langileriaren egoerak, langabeziaren garapenak eta lan-baldintzak beheraka botatzeko patronala administrazioaren laguntzarekin ematen ari den erasoari aurre egiteak. Egia esanda, horiek dira gure lehentasun bakarrak.

Administrazio publikoari dagokionez, zuen aburuz egokia al da funtzionarioen soldata?

Ez da egokia; handiagoa izan beharko litzake. Oso injustuak dira funtzionarioekiko botatzen diren iritziak eta kritikak. Funtzionarioek ez dute sortu krisia, ezta industria sektorean azken bolada honetan dauden arazoak ere. Haien abantailarik nabarmenena lanpostu egonkorra izatea da; dena dela, irakaskuntzan, adibidez, langileen %30 aldi baterakoak dira. Bestalde, gezurra da funtzionario guztiek diru asko irabazten dutela, izan ere, badaude soldata oso baxua daukaten batzuk ere. Hori bai, haien lan-baldintzak oso onak izan ohi dira, baina beraien inguruan askok duten aurreiritzi negatiboa ez da batere zuzena.

Administrazio publikoan lan egiten duten beharginen soldatak izoztearen alde egiten duzu?

Politikariek diote aurretik euren soldatak izozten dutela eta jarraian funtzionarioena; niri hori ez zait batere ondo iruditzen. Esaterako, bizitza osorako 90.000 euroko soldata izozteko ez nuke arazorik izango. Beraz, nik pentsatzen dut, soldatari dagokionez, funtzionarioek ez daukatela besteek egiten dutena baino gehiago egin beharrik, beraien izaera edo lanpostua justifikatzeko. Hortaz, ez dugu bat egiten haien soldata jaistearekin.

Zergatik jokatu beharko luke Lanbide entitateak organismo autonomo gisa?

Lehenengo eta behin, transferentzia hori partziala da, horregatik ez gaude ados horrekin. Politika aktiboak eta pasiboak etorri beharko lirateke, eta ez da bidezkoa transferentzia zati bat bakarrik bidaltzea.
Izan ere, organismo autonomoaren abantaila izan daiteke bestean baino kontrol gehiago egotea; hala ere, orokorrean ez gaude ados ez batarekin ez bestearekin.

Joan den urtean Eusko Jaurlaritzan izan zen aldaketa politikoaren ondorioz, Gobernuarekiko harremana aldatu egin da zuen aldetik?

Ez. Aurreko Jaurlaritzarekin ia ez geneukan harremanik, eta egungo egoera ez da hainbeste aldatu, baina negoziatzeko orduan eztabaidatzeko ahalmena dugu eta prest gaude horrela egiteko.

ELA sindikatutik zein uste duzue izango litzatekeela krisialdiari aurre egiteko metodorik eraginkorrena?

Krisia sistemaren krisia da; beraz, sistema aldatu beharko genuke edo, bestela, gutxienez, administrazioak mugak ezarri beharko ditu sistema horretan.
Fiskalitatea aldatzea aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke, bai eta zerga zuzenen eta zeharkako zergen arteko proportzioa aldatzea ere.





   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   
Jose Antonio Diez Alday

Jose Antonio
Diez Alday
Kazetaria eta analista ekonomikoa

Euskadiko industria eta teknologia


Euskal Herriko egoera eta errealitate ekonomikoa ez dira kontuan hartuak izan lan erreformaren inguruko hainbat neurri ezartzerakoan.

Dena dela, argi dago euskal ekonomiaren ardatz nagusia industria dela, eta sektoreari esker, euskal enpresa asko nazioarteko beste talde batzuekin lehian sartu ahal izan dira; gainera, Euskadiko BPGren zati handia ordezkatzen du. Era berean, aurrekontu orokorrari dagokionez, Euskadiko berankortasun tasa eta defizit publikoa espainiarrak baino baxuagoak dira, eta langabeziaren kasuan ere, batez bestekoa Europako datuetatik gertuago dago. Horregatik, euskal ekonomiaren egoera hobea da, eta ez da beharrezkoa hainbeste murrizketa egitea defizita jaisteko, sarrerak handitzeko edo enplegua sortzeko.

Beraz, ideia ona izango litzateke Eusko Jaurlaritzak aukera aprobetxatzea eta teknologia berriak edo prestakuntza sustatzen dituzten enpresetan inbertitzea, hasiera batean zorrak izan arren, epe ertainean emaitzak positiboagoak izango baitira. Hau da, Euskadik inbertitzen jarraitu behar du, merkatu lehiakorren pare kokatzeko.

 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK