Azken eguneratzea: 2010eko ekaina

ELKARRIZKETAK

Jose Angel Corres
Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea

“Egoera eskasa bizi dugu,
baina azken hilabeteetan
hobetu egin da”

Jose Angel Corresek Bilboko Merkataritza Ganberako
presidentearen kargua hartu zuen martxoan, Ignacio Echebarriaren ondorengo bihurtuz. Hala ere,
Corresek esperientzia handia du
arlo honetan, eta azken urteetan harreman estua izan du Ganberarekin.
Presidente berria Bilboko Portu Agintaritzaren buru ere izan zen.
Gauzak horrela, Ekonomiaren KZ Corresekin harremanetan jarri da, elkarrizketa egiteko.

 

Zein egoeratan aurkitu zenuen Merkataritza Ganbera Presidentziara ailegatzerakoan?

Egoera bikaina da; aurreko urteak pozgarriak izan dira ekonomiaren arloan, eta Ganberatik aprobetxatu egin da momentua. Hemendik aurrera, irabazitako hori guztia ondo kudeatzea egokitzen zaigu, jasotako ondasunak egun batetik bestera gal ez daitezen.

Nola baloratzen duzu zure aurrekoaren lana? Zure ustez, zeintzuk dira hobetu daitezkeen alderdiak?

Berak aldeko giroa aurkitu zuen, izan ere, azken 12 urteotako ziklo ekonomikoa berezia izan da, hazkunde etengabearekin. Aldiz, egungo kasua guztiz desberdina da, krisialdi ekonomikoa dela medio; horregatik, orain dugun lana desberdina da, askoz zailagoa, izan ere.

Datorren urtean Bilboko Merkataritza Ganberak 125 urte beteko ditu; zein da egiten duzun balantzea edo nola baloratuko zenuke, orokorrean, Ganberak urte hauetan egindako lana?

Egindako lana ezinbestekoa eta oinarrizkoa izan da. Duela 120 urte inguru industrializazioan murgilduta geunden, eta Merkataritza Ganberaren sorkuntza hainbat gai edo konturen aitzindari bihurtu zen.

Egungo krisi ekonomikoaren eraginez, euskal enpresen hazkundea eten egin da; zeintzuk dira honen inguruan egiten dituzun aurreikuspenak?

Ekoizpenaren ahalmenaren %72 erabili da, eta horrek hazkundearen nondik norakoak azaltzen ditu. Dena dela, azkeneko urteetan BPGk behera egin du eta izandako deflazioak eragin negatiboa izan du. Hortaz, jarraitu beharreko bidea eskasa da, baina, hobekuntza lortzeko, guztiz beharrezkoa da ildo horri segitzea. Gainera, oraindik, kutsu negatiboa duten albisteak gailentzen dira positiboak direnen aurretik.

Zein da zure diagnostikoa Bizkaiko merkataritzaren egungo egoeraren inguruan?

Egoera hobetu egin da, baina, iraganarekin alderatuz, eskasa dela esango nuke. Hala ere, une honetan ez gaude esaten den bezain txarto, eta duela hilabete edo urte batzuk ere ez geunden esaten zen bezain aberats. Azken finean, merkataritza gutxiengo kezkagarrira murriztu da; hori dela eta, egoera ekonomikoa hobetu egin behar da, eta kontsumitzaileok beldurra galdu behar dugu, beti kontsumitzaile onak izan baikara.

Zer iruditzen zaizu azalera handiko merkataritza-guneek duten eragina merkatu txikiaren gainean?

Neurri batean, merkatu txikiari kalte izugarria egiten diote, baina gure bizitza erarekin lotuta dagoen kaltea da, hau da, 2010ean baloratzen ditugun balioak kontuan hartuz, kontsumitzaileok gure filosofia aldatu dugu, eta, berarekin batera, baita erosketak egiteko era ere, besteak beste.
Horretaz gainera, sarritan, ordutegiari dagokionez, gure aukera bakarra azalera handiko merkataritza-guneak dira; hori dela eta, merkatu txikiak beste nitxo edo estrategia batzuk bilatu beharko ditu.

Bestalde, nola hartzen duzu ELA eta LAB sindikatuek KESetik kanpo geratzea?

Tristea da. Kontseilu Ekonomiko eta Sozial bitxiarekin topatuko gara, non gehiengo sindikalak ez baitu ordezkaritzarik izango. Hori negatiboa da, bai arlo politikoan, ideia batzuk ahotsik gabe geratuko baitira, baita arlo sindikalean ere, hartuko diren erabakiak gehiengo hori gabe hartuko direlako.

Zure aburuz, alderdibitasun politikoak eragina du negoziazio kolektiboaren gainean?

Arazoa da kooperazioko kulturarik ez daukagula, hots, politikari edo alderdi politiko bati bururatzen zaion ideia edo ekimena automatikoki errefusatuko du oposizioak. Horregatik, nire ustez, kooperazioko kultura hori da gure gizartean falta dena. Arlo politikoko erabaki garrantzitsuenetan alderdi guztien adostasuna egongo balitz, askoz errazagoa izango litzateke krisialditik ateratzea eta arazoak gainditzea.

Iberdrolari dagokionez, enpresaren administrazioan Florentino Pérez sartu ostean, zein uste duzu izango dela ACSren eragina Iberdrolan etorkizunean?

ACS taldea ikaragarria da eta autoelikatu egiten da. Beraz, epe ertain edo luzean eragin beldurgarria izan dezake enpresa ertain edo txikietan, hau da, enpresa horiek beste batzuen trukean ordezkatu ahal ditu, Iberdrolaren azpikontratisten kasuan.

Nazioartekotasunak egun duen garrantzia kontuan hartuz, oro har, Euskadiko enpresak nazioarteko merkatura ateratzeko prest daudela esango zenuke?

Bai, zalantzarik gabe. Euskadin kudeaketa ona egin da; agian ez gara gehiegi kezkatu berrikuntzari edo desberdintzeari dagozkion gaiez, baina lan handia egin dugu Euskadiko enpresek kanpora irteteko aukera izan dezaten. Dena den, merkaturatzean egin beharreko lana edo esfortzua handiagoa izan behar da.



   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   

Felipe Serrano
UPV/EHUko ekonomia katedraduna

Pentsioen erreforma

Gobernu zentralak aurrera eramandako proposamena positiboa dela esan genezake, batez ere, jubilazioaren adina atzeratzea Gizarte Segurantzaren sistema finantzarioaren oreka lortzeko onuragarria izan daiteke.

Hala ere, langileei dagokienez, ezarritako neurria negatiboa suerta daiteke, baina langile talde askoren kasuan ondorioak ez dira hain latzak izango, euren baldintzak ez baitira okertuko. Hori dela eta, gomendagarria izango liteke lege berri hau beste aldaketa batzuekin batera ezartzea, lan eremuan langile askok ukituta ez izateko xedearekin.

Europar Batasuneko gainontzeko herrialdeekin alderatuz, Espainian askoz nabariagoa izango da zahartzearen efektua; hortaz, tendentzia demografikoa ez aldatzekotan, zahartze prozesuak bortitzagoa izango da Estatuan EBean baino.

Dena dela, orokorrean esango nuke neurri hau ez dela krisialdi ekonomikoaren ondorio soila, erreforma beharrezkoa izango liteke ere kontu publiko saneatuekin.

 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK