Azken eguneratzea: 2010eko abuztua

ELKARRIZKETAK

Jose Luis Bilbao
Bizkaiko ahaldun nagusia

“Bilboko Guggenheim Museoa
Urdaibaira zabaltzea espero dut”

Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia da 2003. urtetik. Bilbotarra pozik aurkeztu da
bere karguarekin eta zazpi urte hauetan egindako lanekin. Bilbaok arazorik gabe erantzun die gure galderei, aldi berean bere iritzia emanez Guggenheim Urdaibai proiektuaren edo Zapateroren Gobernuak ezarritako neurrien inguruan, beste kontu batzuen artean

Egungo egoera ekonomikoak nola eragiten die Bizkaiko foru-kutxei? Orain arte zein izan da 2010eko bilakaera, iazkoarekin alderatuta?

Krisia beste lurralde batzuetara baino beranduago iritsi zen Bizkaira, baina nahiko gogor eraso zigun. Iaz diru-bilketa jaitsi izanak alarma piztu zuen, baina badirudi aurtengo lehenengo sei hilabeteetan egoera egonkortu egin dela.

Ezin gara baikorrak izan, baina badakigu azken bi urte hauetan gure zereginak bete ditugula, kargu publikoen soldatak izoztu, gastuari eutsi, gutxi zorpetu, sailak eta sozietate publikoak bateratu, eta itzulkin ekonomikodun inbertsio estrategikoen aldeko apustua egin baitugu.

2010eko ekaineko bilketari dagokionez, guztira %13,1 igo da (305,6 milioi euro gehiago), 2009ko epe berarekin alderatuta.

Puri-purian dagoen beste gaietako bat BEZaren igoera da; zure aburuz, zein eragin izango du igoera horrek gizartean orokorrean?

Oraindik goiz da. Kontsumoan eta jarduera ekonomikoan jaitsierarik ez egotea espero dugu. Dena dela, gai honi Zapateroren PSOEren Gobernuak proposatutako neurriek sortutako ziurgabetasuna gehitzen badiogu, ikuspegi ilun samarra dugu aurrean.

Zerga-igoerari buruz erabakitzeko orduan, zein aldetan egon zinen, alde ala aurka?

Aldea ez da pertsonala. Bi gauza hartu behar dira aintzat. Foru Aldundiek ez daukate eskumenik BEZaren gainean; Madrilen onesten dena aplikatu behar dugu. Gainera, aurrekontu orokorrak onesteko erabaki globalagoaren baldintzapean eman zuen botoa EAJk Madrilgo Parlamentuan. Gai honi buruzko desadostasuna adierazi zuen, eta ordain ezberdinak izan zituen Euskadiren onerako, besteak beste, kontzertuaren blindajea, Araban Rover eragiketaren BEZaren 300 milioi baino gehiago itzultzea, eta I+G+b proiektuetako inbertsio ugariak.

Hainbat adituk egiaztatu dutenaren arabera, bai merkataritza, bai bezeroa, galtzen irtengo dira aldaketa honekin. Ados al zaude aurreikuspen horiekin?

Ez naiz gai honetan aditua. Lehenengo hilabeteetan egoera arraroa izan daitekeen arren, azkenean, bai dendek, bai erosleek, ez dute egoera honetara egokitu beste biderik izango. Dena dela, egia da guztiok erosteko ahalmena galduko dugula eta horrek produktuen kontsumoan eragina izango duela, horiek ere garestiagoak izango direlako.

Oraintsu utzi duzu Bizkaiko Garraio Partzuergoaren buruzagitza; zein balantze egingo zenuke BGPn bizi izandako etapari buruz?

Urte hauetan BGPko buru gisa izan dudan esperientzia oso aberasgarria izan da. Ez dut haserrealdirik izan udal eta administrazioekin, eta gure partaidetza izan duten proiektu guztiek aurrerapen handia izan dute.

Hala eta guztiz ere, PSE Gobernuko postuetara iritsi denetik, jarrera, modua eta harremana aldatu egin dira eta ordezkari sozialistak batu egin dira, gehiengo politikoa lortzeko eta herritarren onerako soilik ez diren interesak defendatzeko.

Garraioen gaiaren ildotik, azkenean Bilbo eta Castroren arteko metro-lotura egingo dela uste duzu? Zer deritzozu kontu honi?

Planteatzea bera astakeria da. Egitea arduragabea eta akats handia irudituko litzaidake. Eskatzen diedan gauza bakarra bizkaitarren interesak errespetatzea da; ez aitortu nahi ez dituzten eta normaltasun faltsuarekin ezkutatzen dituzten beste interes batzuk defendatzea.

Bestalde, bigarren Guggenheimen proiektua gelditu egin dela ematen du; zein fasetan dagoen egiaztatu ahalko zeniguke? Zein iritzi duzu Urdaibai Guggenheimi buruz?

Proiektu ona da, eta traktore ekonomikoa izan daiteke Urdaibaik dituen premiak asetzeko. Proiektua ez egitea Urdaibai etorkizun beltzera zigortzea litzateke. Orain edo gero, Gobernu honen babesarekin edo gabe, Bilboko Guggenheimen Museoaren zabalkuntza Urdaibaira iritsiko dela espero dut.

Nire proposamena sozialistentzat honakoa da: erabakiak datorren urteko udal- eta foru-hauteskundeak igaro arte atzeratzea, eta gero erabakitzea, bestelako presiorik gabe.

Azkenik, Espainian jarritako eta Eusko Jaurlaritzak jarraitutako lan-erreformak haserrea eragin du euskaldunen artean. Zein iragarpen egingo zenuke erreformaren gainean?

Zapatero eta bere gobernua urduritasuna ereiten ari dira gizarteko maila guztietan. Ez dira konturatu herritarrek behar dutena lan-segurtasuna izatea eta langabezia-kuotak murriztea dela, eta espero dut Lópezen gobernuak ez dituela Madrilgo neurri horiek kopiatuko. Espainiak behar duena zera da: ekonomian, lanean eta gizartean garai oso zailei aurre egiteko prestatzea.



   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   
Abaunza

Asier Abaunza
Bilboko Udaleko Garraio eta Zirkulazio Saileko zinegotzi ordezkari laguntzailea

Mugikortasun jasangarriaren garrantzia


Bilbon dauden bidegorriak eskasak dira, baina bide hauen inguruko plangintza berezia egon badago, gure aukerak beste herri edo hirienak baino mugatuagoak izan arren. Gure kasuan zenbait barrutitara jada iritsi da, eta udal barruti guztietan bidegorri sare konektatua aurrera eramatea da plangintza horren helburuetariko bat. Era berean, posible izango litzateke auzo batetik bestera bizikletaz joatea.

Hain zuzen ere, zenbait auzotan jada hasi dira bidegorriak eraikitzeko obrak; eta, aldi berean, aurten aldatuko dugu bizikleten mailegurako sistema ere, Estatuko inbertsiotarako fondoaren barruan sartuko baikara.

Horrz gain, Bilboko garraio publikoari dagokionez, aurreikusita dago Gaztetrans deituko den txartel berezia, gazteei bideratuta egongo dena. Barik txartel berrian txertatuta egongo da, eta une honetan autobus guztietan makina berriak txertatzen ari gara. Zehazki, 2011ko uda ostean jarriko da martxan Barik, Gaztetrans barne.

Gerora, Barik horren barruan beste txartel guztiak ere sartuko dira (Creditrans, Hirukotrans, Gizatrans...), azkenean txartel bakarra izateko xedearekin, txip baten bidez funtzionatuko duena.

 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK