Estatu mailan inposatutako lan erreformaren erabakiekin ados al zaude? Hartutako neurriak egokiak edo nahikoak direla esango zenuke?
Espainiako lan-merkatuaren gabezia lan erregulazio egokiaren falta izan da betidanik; horregatik, nahitaezkoa da sisteman aldaketa berriak sartzea, eta erreforma baten beharra bistakoa da. Enpegua sortzeko eta lehiakortasuna hobetzeko, beharrezkoa da aldaketa ugari egitea.
Dena dela, gainditutako erreforma ez dut uste nahikoa izango denik, batez ere barne malgutasunari eta kaleratzeen argitzapenari dagokienez.
Beste elkarrizketa batzuetan adierazi duzun bezala, aipatutako lan erreforma gogorragoa izan behar da, baina zeintzuk izango lirateke neurri gogor horiek?
Nire ustez, gauzatutako aldaketak ez dira guztiz zuzenak; ziurrenik, etorkizun hurbilean erreforma berriak beharrezkoak izango dira, oraingoan aukera galdu baitugu.
Lanpostuen iraunkortasuna hainbeste babestearen ondorioz (kontratu mugagabeen lan-baldintzen inguruko babesa, esaterako), egokitze edo moldaketaren pisua aldi baterako kontratua dutenen langileengan erori da. Beraz, gaur egun kaleratzeak lan-baldintzak aldatzea baino errazagoa izaten jarraitzen du.
Langabeziari begira, oro har, nolakoa ikusten duzu egoera? Zure aurreikuspenen arabera, aurten emaitzak hobetuko al dira?
Langabeziari buruz argitaratutako azkeneko datuek argi uzten dute txarrena pasa egin dela; hortaz, lan merkatuaren narriadura atzean geratu da. Hala eta guztiz ere, hazkunde ekonomikoa indartzen ez den bitartean, zaila izango da berraktibazio nabaria antzematea.
Erreformaren neurririk eztabaidatuena lan-kanporaketena izan da. Orain, kaleratzea merkatuta, patronalaren ikuspegitik, enpresek askatasun handiagoa izango dute beharginak kaleratzeko orduan?
Oraindik ikusteke dago ea enpresek askatasun handiagoa izango duten edo ez langileak kaleratzeko orduan. Baina ziur dakiguna da kontratazioa moteldu egingo dela. Gainera, ziurgabetasun egoera honek zalantza hedatu du enpresarien artean, eta kaleratze objektiboa bezalako irudiak bideraezin bihurtu dituzte, esaterako.
Ildo berari jarraituz, esango zenuke Zapaterok hartzen dituen neurri berberak Euskadin ezartzea dela bide egokiena? Nola ikusten duzu Euskadiko egoera ekonomikoa Estatukoaren aldean?
Espainia 2010ean hazkunde negatiboa izango duen euroguneko herrialde bakarra izango da, ekonomia oparoena duten zonaldeak kontuan hartuz. Beraz, Espainian erronka eta zailtasun ugari gainditu behar izango dira datozen hilabeteetan; horregatik, galdutako posizioa berreskuratzeko, beharrezkoa da neurri gogorrak ezartzea.
Bestalde, Euskadiko ekonomiari begira, Espainiakoa baino osasuntsuagoa da; dena dela, errekuperazio geldoa izango da eta gorabeherak izango ditu; aurten, posible da hazkunde txikia izatea. Krisialdiak dakartzan aldaketen artean, eredu ekonomikoaren eraldaketa dago; etorkizun hurbilean, nazioartekotasuna, berrikuntza eta teknologia aurreratua izango dira ardatzak.
Ezartzen ari diren neurri gehienen aurka azaldu dira sindikatuak; zure ikuspuntutik, euren mobilizazioek eraginik izango al dute?
Ez dut uste mobilizazio horiek eragin handia izango dutenik. Oro har, esango nuke sindikatuen jarrera nahiko kontserbadorea izaten ari dela; gaur egun dituzten abantailak eta eskubideak mantendu nahi dituzte inguruan gertatzen ari dena kontuan izan gabe. Hain zuzen ere, langileen gehiegizko babesa da gertatzen ari denaren arrazoia.
Azkenik, esan genezake atzeraldia edo erresezioa atzean utzi dugula? Zure aburuz, noiz berpiztuko da Euskadiko ekonomia?
Nahiz eta krisialdiaren zatirik txarrena pasatu eta ekonomiaren errekuperazio txikiak bere lehenengo urratsak eman, aurtengo hazkundea ahula izango da, eta emaitzak oso desberdinak izango dira munduko zonaldearen arabera.
Gauzak horrela, Euskadin 2010ean hazkunde positiboa izan arren, horrek ez du esan nahi krisitik atera garenik; izan ere, aurreikuspenen arabera, 2012. urtera arte Euskadi ez da atzeraldi ekonomikotik irtengo. Horrez gain, industriaren sektoreak ez du aktibitate maila egokia eskuratuko 2012-2013. urtera arte.