Azken eguneratzea: 2010eko urria

ELKARRIZKETAK

Mikel Ubarrechena
Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen lehendakaria

“Tabakoaren aurkako legearen ezarpena
atzeratzea eskatu dugu”

Zein da erakundearen iritzia tabakoaren aurkako legeari buruz?

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartetik legearen ezarpena atzeratzea eskatzen dugu; batez ere, egoera ekonomikoa hobetzen denean ezarri behar dela esango genuke. Krisialdiak eragin nabaria du ostalaritza sektorean, eta lege hau negatiboa izan daiteke.

Horren harira, gure aburuz, Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri hitzartu beharko ditu EUDELekin, tabakoaren aurkako legeak eragin negatiborik izan ez dezan. Neurriak, esaterako, terrazen edo zaraten ingurukoak izan daitezke.

Legearen gaiarekin jarraituz, uste duzu bezeroek tabernetara joateari utziko diotela, edo guztiz kontrakoa gerta litekeela?

Ez dut uste bezeroen murrizketarik egongo denik, baina pentsatzen dut egonaldien denbora jaitsi egingo dela. Hau da, lehen bi trago eskatzen bazituzten, oraingoan, agian, soilik bakarra hartuko dute; horrela, posible izango zaie kanpoan zigarroa erretzea.

Bestalde, uztailean gauzatutako BEZaren igoera kontuan izanik, tarte labur honetan eraginik izan al du ostalaritzan?

Kasu batzuetan, esan genezake aldaketa nabaria izan dela, baina orokorrean ez da prezioen gehiegizko aldaketarik egon BEZaren eraginez.

Esaterako, eguneko menua 12 eurokoa bada (BEZ barne), normalean ostalariak ez du igoerarik egin.

Ostalariaren ikuspuntutik, zerga horren igoera egokia iruditu al zaizu? Kontsumitzaileengan izango duen eragina gogorra eta nabaria izan daiteke?

Esango nuke ez dela bidezkoa, edozein zergaren igoerak eragin negatiboa duelako kontsumoan. Gainera, kontsumitzaileengan eragin handiagoa izango duela uste dut, hazkundea orokorra delako, eta ez soilik ostalaritza sektorekoa.

Krisialdi ekonomikoari dagokionez, hainbat adituk diote krisi garaia bukatzear dagoela; iritzi horrekin bat egiten al duzu?

Ez nago ados. Nire ustez, asko falta da krisialdi ekonomikoa guztiz desagertzeko; hamar urte barru arte ez da egongo sektore ekonomiko indartsurik, duela urte gutxi batzuk eraikuntza arloak izandako onurak eskainiko dituenak.

Oro har, 2012. urtera arte ez da izango errekuperazio zantzurik.

Azkenik, krisi ekonomiko ospetsua hasi zenetik, zeintzuk izan dira ostalaritza sektorean izandako ondoriorik nabarienak?

Kontsumitzaileen eta biztanleriaren artean, orokorrean, bizimoduaren aldaketa garrantzitsua eman da, baina oraindik ezin dugu esan aldaketa hori estrukturala edo koiunturala izan den, krisialdia bukatu arte ezin izango baitugu jakin.

Adibidez, jateko orduan, enpresa askok jantoki txikiak eraiki dituzte, non hozkailuak eta mikrouhinak ipini dituzten. Hortaz, jatetxeak, eta ostalariak ere, beste irtenbide berri batzuen bila hasi beharko gara.





   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   

Encarna de la Maza
SATSE-Euskadiko Antolakuntza idazkaria

Osakidetzaren egoera eta betebeharra


Osakidetzaren izaera ez da guztiz publikoa, eskubide pribatuak dituen erakunde publikoa baita; horregatik, krisialdi ekonomikoak eragin zuzena eta argia izan dezake gure osasun-sisteman.

Azkenaldi honetan, Osakidetzaren erabaki guztiak ez dira zuzenak izan; adibidez, gure sindikatuan ez dugu ondo ikusi anbulatorioen itxiera asteburuetan, 'txapuza' izan dela uste dugu eta ez dituzte kontuan izan kaltetuta atera diren profesionalak. Erabaki horren eraginak ez dira hain nabariak izan, uda aurretik hartu zelako; dena dela, batez ere larunbatetan, 112 zenbakira egiten diren deiek gora egin dute, eta astelehenetan zentroetara hurbildu den hiritarren kopurua ere igo egin da, larunbateko eskaera metatu egiten baita.

Osakidetzaren inbertsio teknologikoari dagokionez, esan beharra dago kasu honetan ez garela atzean geratu, baina posible da oraindik gehiago inbertitzea, I+G+i gero eta garrantzi edo pisu handiagoa duen sektorea delako; hala ere, orokorrean, Osakidetzak lan positiboa egin du arlo honetan.

 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK