|
Euskaltelek 2009.
urtean izandako emaitzei dagokienez, zein da egiten
duzuen balantzea edo zein ondoriotara iritsi zarete?
Emaitzak ez dira berdinak
izan Euskaltelen eta sektorean orokorrean. 2009an,
etekinei begira, gure sektoreak bilakaera negatiboa
izan du (%7 eta %8 puntu arteko beherakada). Euskaltelen,
berriz, datuak oparoagoak izan dira: joan den
urtean, taldeak bezero gehiago bildu ditu,
etekinen egoera mantendu du eta emaitzak hobetu
ditu. Beraz, modu honetan, euskal merkatuan lidergoa
handitu ahal izan dugu.
Etorkizunari begira,
zeintzuk dira Euskaltelen aurreikuspenak 2010.
urterako? Eta zeintzuk dira entitatearen helburu
nagusiak epe luzerako?
Ez da erraza iragarpenak
zerrendatzea krisiaren erritmoa ezegonkorra dela
ikusita, baina gure helburu orokorrak dira, betiko
moduan, bezero kopurua gehitzen jarraitzea eta
etekinak eta emaitzak hobetzea.
Epe luzeari dagokionez,
gure nahia da esparru geografikoa handitzea eta
beste merkatuetara iristea.
Krisialdi ekonomiko
finantzarioan murgilduta gaudela kontuan hartuz,
sektorearen lehiakortasuna gogorra al da momentu
honetan?
Sektore honetako lehiakortasuna,
bereziki, oso gogorra da, eta Euskaltelen kasuan,
Euskadiko merkatuan ditugun lehiakideak lider
mundialak dira. Horretaz gainera, sektorearen
eskaintza berriak oso erakargarriak izaten dira,
eta zaila da gainditzea; horrek, beste faktore
batzuen artean, zerbitzuaren prezioak murrizten
ditu.
Zertan desberdintzen
da Euskaltel gainerako telefono-operadoreetatik?
Euskaltelen desberdintasuna,
hasieratik, sare teknologikoaren aldeko apustua
izan da. Bestalde, zerbitzu berritzaile askoren
integrazioan ere zentratu gara (telefonia finkoa,
banda zabala, telebista digitala, telefonia mugikorra
eta abar).
Esan genezake enpresaren
produktu izarra zuntz optikoa dela? Zeintzuk dira
bere abantailak? Datozen urteetan ere Euskaltelen
produktu nagusia izaten jarraituko du?
Zuntz optikoa Euskaltelek
merkatuari eskaintzen dion sinbolorik adierazgarriena
da. Gainera, zalantzarik gabe, gure produktu izarra
izaten jarraituko du, etorkizuneko zerbitzu berri
askoren oinarria baita.
Hori dela eta, gure
xedea da maila berean mantentzea eta zuntz optikoan
inbertitzen segitzea, teknologikoki herrialde
aurreratuenen artean kokatu gaituen sarea baita.
Gauzak horrela, 2009. urtea bukatu zenetik, Euskaltelek
285.000 kilometroko zuntz optikoa hedatu du EAE
osoan.
Teknologiari dagokionez,
zein izango da Euskaltelen hurrengo erronka edo
apustua?
Taldearen erronkarik
esanguratsuena da gure bilakaera eta garapena
arrakastarekin jarraitu ahal izatea. Horretarako,
lan izugarria egingo dugu sareen integrazioen
errefortzuan, batez ere, Euskalteleko bezeroei
zerbitzu ezin hobea eskaintzeko eta edozein momentuan
edota lekutan gure zerbitzuaz gozatzeko.
Vodafone taldearekin
duela bi urte baino gehiago sinatutako itunaren
inguruan, zeintzuk izan dira lortutako ondorioak
eta emaitzak?
Akordio hori oso positiboa
izan zela esango nuke, telefonia mugikorreko sarbideari
dagokionez, Vodafone hornitzailerik onenetakoa
baita. Horren ondorioz, une honetan, Euskaltel
Vodafoneren bezerorik garrantzitsuenetarikoa da
Europa mailan.
Horregatik, gaur egun
ez dugu arrazoirik beste aukerarik bilatzeko edo
beste enpresaren batekin sarbide berria hitzartzeko.
Azkenik, Euskadin
azken urte honetan izandako aldaketa politikoaren
ondorioz, Euskaltel taldean, oro har, bestelako
ekimen azpimarragarriren bat egin da?
Eusko Jaurlaritzak
Euskal Autonomia Erkidegoan telekomunikazio zerbitzu
gehien kontsumitzen duen entitate edo instituzioa
da; gainera, Euskaltelen bezeroa da duela 12 urte
baino gehiago. Beraz, gobernu aldaketa dela medio,
Euskaltelen eta Jaurlaritzaren arteko hainbat
solaskide aldatu egin dira, baina harremanak oparoa
eta positiboa izaten jarraitzen du.
|