Eusko Jaurlaritzako
azkeneko bi lehendakariak ezagutu dituzu eta bien
agintaldian lan egin duzu; ildo berari jarraituz,
ekonomia arloan, zeintzuk izan dira nabari dituzun
aldaketarik esanguratsuenak?
Erakunde arteko lankidetza dela
eta, nola Ibarretxeri hala Lópezi eskaintza
irmoa eta zintzoa egin diegu, Gipuzkoarentzat
eta Euskadirentzat gako diren gaietan. Zehatzago
esanda: gobernu berria jakitun da, behin baino
gehiagotan adierazi diogun bezala, krisi ekonomikoari
dagokionez gu prest gaudela, ditugun desberdintasun
politikoak direnak izan arren, lana partekatzera,
talde lana egitera eta erakunde arteko lankidetza
ahalik eta gehien jorratzera.
Krisialdi ekonomikoari dagokionez, kezka nagusietako
bat izan da ogasunek diru gutxiago bildu dutela.
Zergatik izan da txikiagoa zerga-bilketa, batez
ere Gipuzkoan?
Zerga-bilketak behera egin zuen
izugarri 2009. urtean, hain zuzen ere, %17 jaitsi
ziren gure diru-sarrerak. Honen arrazoia, begi
bistan da, krisiak enpresen jardueran izan duen
eragina izan da.
Zerga politikari dagokionean,
egungo egoerak eskatzen duen malgutasuna erakutsi
dugu, eta, horretarako, erraztasunak eskaini
dizkiegu familiei eta enpresei. Pertsona fisikoen
gaineko zergak bigundu egin ditugu familien
likideziari laguntzeko eta Sozietateen gaineko
zergaren ordainketan atzerapenak edo luzapenak
baimendu ditugu, enpresen kaudimena ito ez dadin.
2009. urtea oso negatiboa izan da langabeziari
dagokionez; zeintzuk dira Gipuzkoako Aldundian
egiten dituzuen aurreikuspenak urte honetarako
gai honen inguruan?
2009. urteko azkeneko bihiru
hilabeteetan, gure hazkundeak, nahiz eta maila
oso txikian, emaitza positiboak eman ditu Gipuzkoan.
Honekin batera, badirudi Europako ekonomia nagusietan
ere zer edo zer mugitzen hasi dela, eta pertzepzio
hori guztiz garrantzitsua da gure ekonomiaren
garapenaren hasierarako. Dena dela, oso kontuan
hartu behar dugu, aurreikuspen guztien arabera,
Espainiako ziklo aldaketa atzeratu egingo dela
eta horrek gure ekonomiarengan ere eragina izango
duela 2010. urteari begira.
Maneiatzen ditugun testuinguru
ekonomikoen arabera, urte honetan hazkunde maila
motela izango dugu, eta, zoritxarrez, langabezia
tasak gizentzen joango dira.
Bestalde, Donostiako metroa egiteko ideia zein
fasetan dago? Beharrezkoa al da azpiegitura
hori gauzatzea hiriburuan?
Esan genezake lehenengo urratsetan
gaudela. Eskuduntza Eusko Jaurlaritzarena da,
eta berak adierazi du martxan jarriko dituela
ikerketak Donostiak metro zerbitzua izateko.
Gogoan izan Gipuzkoako biztanleria guztiaren
%60 eskualde honetan bizi dela. Mugikortasuna
tren sarea egokituz eta bikoiztuz eta zerbitzu
eta maiztasunak ugarituz bermatu liteke, metro
batek eskaini dezakeen gisa.
Askok kritikatu dute krisi garaian azpiegitura
ugaritan dirua xahutzea, metroa, Hondarribiko
aireportua edo AHT, besteak beste. Garai honetan,
lehentasuna al dute obra hauek beste kontu batzuen
aurrean?
Gipuzkoaren aberastasuna,
neurri handi batean, bere industrian oinarritzen
da. Egiten eta sortzen duguna ahalik eta azkarren
munduko beste puntara helarazteko gai izango diren
bitarteko eta azpiegiturak behar ditugu. Ezinbestekoa
da, etorkizunaren aldeko apustua egin nahi badugu.
Diputazioak argi ditu bere lehentasunak,
eta horrela bildu ditugu “2010 Krisiaren
Aurkako Gipuzkoa Plana” egitasmoan.
Azkenik, zer deritzozu Gipuzkoako errepide
nagusietan bidesariak jartzeari?
Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio
Batzar Nagusien eztabaidako ondorioak foru arau
batean garatzea. Noski, Batzar Nagusien ebazpena
osatzen duten oinarriei erantzungo die foru
arauaren edukiak: gure bide sarean aplikatzea
ingurumen iraunkortasunaren printzipioak, Gipuzkoaren
lurralde oreka sustatzea eta gai honi dagokionez
Europako Batasunetik datozen joera berrietara
egokitzea.