Zein da Lanhitz programaren helburu nagusia?
Zein izan zen sorreraren arrazoia?
Lanhitz programaren helburu nagusia
enpresa munduan euskararen presentzia eta erabilera
sendotzea da. Horretarako, zenbait baliabide
jarri dira hasieratik entitateen esku, hala
nola, diru-laguntza bera, egoeraren diagnosia
egiteko aplikazio informatikoa edota jendea
sentsibilizatzeko kanpainak.
Joan den urtean programak lortutako emaitzekin
pozik geratu zineten?
Erronka, izatez, ez da erraza,
orain arteko ohitura eta inertziei aurre egin
behar baitzaie. Oro har ari naiz, zenbait kasutan
euskalduntzea berez, inongo laguntza edo kanpoko
bultzadarik gabe, hasitako prozesua izan baita.
Iazko emaitzak onak izan baziren ere, bada tarterik
hobetzeko. Euskalduntze prozesuan lagundu dezakegu,
baina euskalduntzearen aldeko apustua enpresena
da.
Zeintzuk dira enpresek bete behar dituzten
baldintzak Lanhitz programan sartzeko eta aipatutako
diru-laguntza jasotzeko?
Arestian zeharka bada ere aipatu
dudan auto-finantzazioaz gain, bete behar dituzten
baldintzak ez dira asko. Programak ezartzen
duen eredua erabili behar dute, bai hizkuntza
egoerari buruzko analisia egiterakoan bai euskara
planaren urteko kudeaketa plana aurkezterakoan
ere. Programatik kanpo gelditzen diren entitateak
kapitalaren erdia baino gehiago administraziotik
jasotzen dutenak dira.
Oro har, zuen ustez zein da enpresarien jarrera
programa mota hauen aurrean?
Urte hauetan Lanhitzek izan duen
bilakaerari erreparatuz gero, argi dago enpresa
munduak euskara erabiltzeko borondatea erakutsi
duela. Enpresa batzuek, gainera, egina zuten
beren ibilbidea aurretiaz, eta horren isla dira
dagoeneko Bikain ziurtagiria daukaten entitateak.
Azkenik, Koordinaziorako Zuzendaritzari begira,
zeintzuk dira Hizkuntza Politikaren ildo nagusiak?
Gure Zuzendaritzan eragin
handiena izan dezaketen ildoen artean, erakundeen
arteko eta alor pribatuarekiko elkarlana litzateke
funtzio nagusietako bat. Izan ere, hizkuntzaren
inguruko irizpideak eta ekimenak adosteko beharra
dugu oraindik. Bestalde, Koordinaziorako Zuzendaritzatik
ikerketa proiektuak bultzatu eta bideratzen
ditugu, besteak beste, euskal hiztunen egungo
egoera ezagutu eta etorkizunean egin litezkeen
ekimenen proposamenak lantzeko, betiere, adostasunik
zabalena bilatuz.