Azken eguneratzea: 2010eko uztaila

ELKARRIZKETAK

Juan Carlos Lardizabal
Gipuzkoako Elikagai-saltzaileen Elkarteko presidentea

“Edozein prezio igoerak kontsumoaren jaitsiera dakar”

Juan Carlos Lardizabal Gipuzkoako Elikagai-saltzaileen Elkarteko presidentea da, eta Ekonomiaren KZ berarekin harremanetan jarri da, elikagai sektorearen egungo egoera aztertzeko eta beraren iritzia jasotzeko. Lardizabalek dio azkenaldi honetan frutaren salmentari garrantzi handiagoa ematen diotela eta elkarteko enpresek frutaren kontsumoaren aldarrikapenean zentratuta daudela. Oro har, Lardizabalen ustez, BEZek ez du eragin handirik izango salmentetan.

Zeintzuk dira erakundearen helburuak eta bilakaera? Eta bertako parte izatearen onurak?

Hasieratik, erakundearen xedea arazo komunei aurre egitea izan da. Kontuan izan behar dugu erakundea duela 50 urte sortu zela eta auzoetan edo hirietan saltoki edo denda ugari daudela.

Irabaziei dagokienez, erakundean parte hartzen duten dendek merkataritza-federazioak eskaintzen dituen aholkuak eta babesa jaso dezakete: lan-aholkularitzaren, kontabilitate kudeaketaren, diru-laguntzen edo hornitzaile desberdinen hitzarmenen inguruko informazioa, esate baterako.

BEZaren igoerari dagokionez, zure aburuz, orokorrean, aldaketa honek eragina izango al du merkataritza txikian?

Edozein prezio igoerak kontsumoaren jaitsiera dakar; dena den, 2010eko bilakaera ikusiz gero, ez dut uste salmentek askoz gehiago egingo dutenik behera; antzeko kopuruetan mantenduko direla esango nuke. Gainera, azkenaldi honetan, garrantzi handia hartu dute marka zuriko produktuek edo beheraturik daudenek. Hala ere, BEZaren igoerak ez dio merkatu txikiari mesederik egiten.


Marka zurien eta produktu merkeen gaiarekin jarraituz, kontsumitzaileek inoiz baino gehiago aukeratzen dituzte produktu horiek; nola baloratuko zenuke une honetan Gipuzkoak duen eskaintza elikagai mota hauei dagokienez?

Gipuzkoako kontsumitzaileen ezaugarri nagusienetarikoa da 'markista' dela, hau da, gipuzkoarrok beti markarekiko fidelak izan gara, baina krisialdi ekonomikoa dela-eta, 2009ko datuei begira, fideltasun horrek jaitsiera nabaria izan du, prezioen igoera izanik faktorerik eraginkorrena.
Horrez gain, kasu askotan, kalitatearen aldea ez da oso handia izaten marka batetik bestera; horregatik, kontsumitzaile askok merkeena erostea hautatzen dute. Hori dela eta, gure saltokietan marka zuriko gero eta produktu gehiago saltzen ditugu.

Bestalde, adituek diote gizartearen ohiturak eta kontsumitzaileen bizimodua aldatu egin direla azken urteetan; uste duzu merkataritza-guneek zerikusia dutela aldaketa horrekin?

Gizakien ohiturak aldatu egin dira, hori errealitatea da, baina aldaketa horren eragile bakarrak ez dira soilik azalera handiko merkataritza-guneak izan, merkataritza txikiak ere bere ukituak eman ditu, eguerdian denda ez ixtearekin edota erosketak etxera eramateko zerbitzua eskainiz, esaterako. Orokorrean, guztiok moldatu gara bizimodu berri honetara.

Horretaz gainera, kontuan izan behar dugu markarik garrantzitsuenak merkataritza-guneetan azaltzen direla, eta horrek ere eragin handia du.

Ildo berari jarraituz, zure iritziz, zein izan da merkataritza-guneek merkataritza txikian izandako eragina? Euskadiko azalera handiko merkataritza-guneen kopurua gehiegizkoa dela esango zenuke?

Lehiakortasuna, berez, beti gehiegizkoa dela irudituko zaigu; gainera, merkataritza-guneek eragin izugarria izan dute azken urteetan, baina ez soilik kopuruari dagokionez. Lehen esan dudan moduan, hiritarren bizimoduaren aldaketan ere eragina izan dute.

Azalera handiko merkatuetan erosteak abantailak ditu, baina merkataritza txikiko saltokietan ere alderdi positiboak aurkitu ditzakegu. Hala eta guztiz ere, oso tristea da ikustea hirietako lokal askok itxita jarraitzen dutela, inolako mugimendurik gabe; kasu horietan, ez dira aprobetxatzen denda txikiek dituzten balio bereziak. Agian, bidea merkataritza txikiaren formatu berria asmatzea izango litzateke.

Bestalde, uste duzu instituzio desberdinetatik langile autonomoek diru-laguntza nahikoak jasotzen dituztela?

Instituzioen aurrean, kaltetuena autonomoa izan ohi da; gure ikuspuntutik oso aukera eta diru-laguntza gutxi jasotzen ditugu negozio edo ekimen berriak irekitzeko orduan. Izan ere, aurrerapauso berriak eman dira autonomoen legeari dagokionez, baina diru-laguntzak beti eskasak izan dira.

Horrez gain, krisialdi garaian murrizketa ugari egin dira instituzio desberdinetan, eta, kasu horretan, normala da laguntza gutxiago jasotzea.

Teknologia berriei begira, zure ikuspuntutik, zein da Interneten egungo garrantzia merkataritza txikia (saltoki eta dendak) ezagutzera emateko plataforma gisa?

Nire ustez, teknologia berriak oinarrizkoak dira, eta gero eta garrantzi handiagoa daukate gizartean; hori denda edo saltoki txikietan ere islatzen da, non Internetek eta sare sozialek indarra hartu duten. Alabaina, helburua ez da soilik promozioa egitea; batez ere, tresna honen erabileraren xedea barneko gaietan baliatzea da, datu-base edo produktu-baseetarako nahiz kudeaketak egiteko, adibidez.




   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   

Mari Carmen Gallastegui
UPV/EHUko Ekonomia Katedraduna

Estatuan ezarritako neurriak


Zapateroren gobernuak inposatutako neurrien jatorria merkatu finantzarioen esku dator; horretaz gainera, betegabeak eta berankorrak izan direla esango nuke, aktibitate ekonomikoa sustatzeko eta langabeziaren kopurua moteltzeko beste erabaki edo neurriekin batera inposatu behar zitekeen.

Estaerako, funtzioarioen soldata murriztea ez du krisialdia guztiz konponduko, beste neurriak edo ideiak beharrezkoak baitira. Dena den, funtzionarioen egoera ez da kaxkarrena aldaketa hauen ondorioz, nire aburuz, erretiratuen edo jubilatuen pentsioen izozketa larriagoa iruditu zait kasu askotan, biztanleriaren talde ahula delako eta egun inoiz baino gehiago segurtasuna behar dutelako.

Euskadiri dagokionez, aurreikuspenei begira, esan genezake 2012. urtean hobekuntza ekonomikoak jada nabarituko ditugula, baina osoko errekuperaketa ez dugu jasoko lau urte gehiago igaro arte; kontuan hartu baitugu Espainiako ekonomiaren bilakaerak eragin negatiboa izango duela Euskadiko lurraldean.

 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK