Ekonomia Sustapeneko Zuzendaritzan sustatzen ditugun plan edo ekimenen artean AUSARTU da esanguratsuenetarikoa, Araban sortzen diren enpresa berriak bultzatzeko eratu den zerbitzua edo programa, alegia. Ekimen horri esker, ETEen hazkundea ere posiblea izan da, izan ere, 60 enpresa izan dira onuradunak. Diru-laguntza 20.000 eurokoa da gehienez enpresa bakoitzeko, eta, gehienez, aurrekontuaren %50 diruz laguntzen du.
2011. urtearen hasieran, AFAk 4,8 milioi euro inbertitu zituen enpresa berrien sorkuntzarako; nola garatu da inbertsio hori orain arte?
Gure atal edo sailetik beti apustu argia egin dugu berrikuntzaren alde; Ekonomia Sustapeneko Zuzendaritzan SAIATU egitasmoa bultzatu dugu. Kitaldi honetan, 246 proiektutan parte hartu dugu diru-laguntzak eskainiz, eta guztira 164 enpresa onuradun izan dira, joan den urtean baino hamabi enpresa gehiago.
Horretaz gainera, berrikuntza sustatzen dugu beste ildo batzuetatik; gure ekimenak ez ezik, SEA, Merkataritza Ganbera edo Zentro Teknologikoekin ere aritzen gara lankidetzan.
Nazioartekotasunari begira, enpresa arabarrak ikusgai dira beste herriade batzuetan? Zein da Aldundiaren lana zentzu honetan?
Arabar enpresak esfortzu izugurriak egiten ari dira nazioartean beraien presentzia nabaria izan dadin. Aipatutako SAIATU egitasmoak ere nazioartekotasunaren inguruko kontuak sustatzen ditu; gauzak horrela, aurten, arlo honetan 41 proiektuk jaso dute diru-laguntza, beste herrialde batzuetan ikusgai izateko eta hedatzeko aukera emateko.
Bestalde, gure enpresak nazioarteko azoketan izaten dira, harreman enpresarialak izateko eta esportazioen sektorean hazten jarraitzeko. Bereziki, gure enpresak bi merkatutan zentratu dira, frantziarrean eta alemaniarrean, hain zuzen ere. Era berean, aipagarria da BRIC (Brasil, Errusia, Txina eta India) herrialdeetan izaten duten gero eta presentzia handiagoa.
Bestalde, Arabako hiriburuak Europako Hiriburu Berdea izateak eraginik al du lurraldeko enpresa berriengan?
Ingurumenari buruzko ekintzek eta eremu horretan garatu ditugun hainbat programek sariak jaso dituzte izendapen honekin. 2012ko Hiriburu Berdea oso garrantzitsua da Gasteizentzat, baina Araban ere eragina izango du, eta, jakina, baita bertako enpresetan ere.
Gure aburuz, honek enpresa berrien sorkuntza ekarriko du, eta, horrekin batera, hainbat lanpostu gehiago sortuko dira. Gainera, AFAn betidanik ingurumenaren aldeko apustua egin dugu, iraunkortasuna aldarrikatuz, eta hemendik aurrera ere filosofia berarekin jarraituko dugu, oinarrizkoa baita gure garapen ekonomikorako.
Enplegu Erregulazio Espedienteei begira, asko hedatu den joera izan da azken hilabeteetan; zenbateko pisua izan dute arabar ekonomian?
2011ko irailean emandako emaitzen arabera, Araban izandako Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) kopuruak behera egin du, eta, aldi berean, EEE hauekin lotuta dauden beharginen kopurua ere jaitsi egin da.
Hori dela eta, azkeneko datuak aztertuz, esan daiteke lan-merkatua pixkanaka hobetuz doala eta bere egitura egonkortzen ari dela. Zehazki, 2011ko abuztuan 14 espediente izan ziren guztira, 335 langilerengan eragina izan zutenak.