Azken ekitaldi hau gogorra izan da Euskadiko ekonomiarentzat; nolakoa izan da 2011. urtea La Navalen ikuspegitik?
Txarra; Sestaoko ontziola ez da salbuespena izan krisialdi finantzario honetan. Hain zuzen ere, etendurako hiru Enplegu Erregulazioko Espediente (EEE) daramatzagu, eta beste bat iraungitzekoa, 119 beharginengan eragina izan duena. Orain laugarren baten erantzunaren zain gaude, etendurakoa izan daitekeena.
Oso gogorra da enpresarentzat garai latz honetan enplegurik sortu ezin izatea, Bilboko ezkerraldean ez ezik, Euskadin ere trakzio-enpresa izanik.
Oro har, zein da Sestaoko enpresaren lan-karga une honetan?
Momentu honetan ontzi bakarra daukagu gradan; abuztuan uretaratuko da eta 2012an entregatuko dugu.
Zein da enpresaren egungo egoera? Zein eragin izan dute murrizketek eta EEEek?
Esan dugun moduan, laugarren EEEren emaitzaren zain gaude; kasu honetan, Enpresa Batzordearen desadostasunarekin aurkeztu da. Gure aburuz, ez da momentu aproposa beste EEE bat ezartzeko.
Gainera, Sestaoko ontziola ez da arazoak dituen ontziola bakarra, izan ere, sektorean lan egiten duten gainerako enpresak, Estatu mailan, antzeko egoeran daude, Bruselan Tax Lease sistema finantzarioa ezarri zutenetik. Beraz, arazo hau ez da soilik politikoa; aktoreek ados jarri behar dute epe laburrean.
Zure aburuz, datorren urtean La Navalek aldaketa positiboa eta goranzkoa izan dezake?
Sistema finantzarioa da eragozpen nagusia. Europako Batzordeak sistema berria gainditu behar du, Frantzian dutenaren antzekoa, bere garaian Europak jada ezarri zuena.
Hortaz, arazo finantzarioak konpondu ostean, gure arazoa epe laburrean gaindituko genuke, eta kontratazio berriak egitea posiblea izango litzateke; horrek gorakada ekarriko luke ontzien eraikuntzan.
Eusko Jaurlaritza enpresako akziodun izateari dagokionez, zein da zuen Batzordearen jarrera?
Eusko Jaurlaritzak La Navaleko akzioetan parte hartu nahi du SOCADE partizipazio-elkartearen bidez; talde horretan Euskadiko hiru aldundiak daude. Gure ustez, beraien parte-hartzeak egonkortasuna emango lioke enpresari; modu horretan, entitate finantzarioei eta hurrengo bezeroei ere bermea emango litzaieke.
Dena dela, Jaurlaritzaren sarrerak baldintza batzuk bete beharko ditu, kideen artean ez da etekinen banaketarik egingo, Plan Estrategiko bat garatu beharko da, Kapitala handitu eta EJren presentzia gutxiengoa izango da, eta, gainera, denboran mugatua.
Era berean, hainbat bilera egin ondoren, zein da negoziazioaren egungo egoera?
Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi adierazi du eransketa horretan parte hartzeko prest dagoela. Baina sarrera ezin da edozein modutan egin; kideen %100ek ados egon behar du, hau da, kide guztiek baiezkoa sinatu behar dute, EJ akziodunen taldean sartu ahal izateko. Hori dela eta, erabakia Akziodunen Bilkura Nagusian onartu beharko da.
Nola baloratzen duzue erakunde publikoen laguntza edo bermea? Zelako erantzuna izan du politika-klaseak?
Bizkaiko Foru Aldundiarekin batzar bakarra izan dugu; duela asko izan zen eta ez genuen SOCADE sartzearen inguruan eztabaidatu. Hala ere, uste dugu beraien erantzuna baikorra izango dela; akziodunen artean egon nahi izango dute, batez ere Bizkaiko Aldundia SOCADEren zati delako.
Jaurlaritzari dagokionez, beraien jarrera positiboki baloratzen dugu, era pribatuan nahiz publikoan enpresaren parte izateko duten grina edo asmoa jakinarazi dutelako.