Krisialdi ekonomikoaren ondorioz, euskal enpresek bilatzen dituzten alternatiben artean, nazioartekotasunak zein garrantzia du zure aburuz?
Enpresen nazioartekotasuna oinarrizkoa da, merkatua zabaltzea baitakar. Horren harira, Lehendakariak bere hitzaldietan errepikatu duen bezala, I+G+b delakoarekin batera “nazioartekotasuna” hitzaren “n” izkia ere sartu behar genuke. Politika horren barnean dimentsio garrantzitsua du Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako Zuzendaritzak; atzerrian dauden enpresak sustatzeko edo horiei laguntzeko, eta merkatu berriak aztertzeko edota gure enpresa bilbaduraren lan-aukerak ugaltzeko.
Euskal Herriko enpresen presentzia atzerrian nabaria al da?
Bai, gune zehatz batzuetan oso ezagunak dira, batez ere gaur egun, merkatu globalaren garai honetan. Hala ere, 80ko hamarkadan ere euskal enpresak Hego Amerikan edo Marokon presentzia izaten hasi ziren, eta azkeneko urteetan merkatu eta eremu berriak ezagutu dituzte, Txina delarik esanguratsuenetarikoa. Horrez gain, oso enpresa gutxik ukitzen dituzten herrialdeetara ailegatzen dira Euskadiko enpresak, Ekialde Ertainera edo Arabiar Emirerrietara, besteak beste.
Zure iritziz, krisi garaian, enpresen aukerak murriztu egiten dira edo apustua egiteko une aproposa dela esango zenuke?
Krisia gainditu beharra dugu; Euskadin, enpresek hainbat tokitan baino hobeto jasan dute egoera. Aurreko krisi ekonomikoetan Euskal Herrian hartutako erabakiek eta ezarritako neurriek eragina dute gaur egun, industria sektorea indartu izanak, adibidez. Hori guztia gaur egun positiboa izaten ari da krisialdiari ahalik eta ondoen aurre egiteko.
Txinako merkatua sendoenen artean dago, bere hazkundea izugarria izan delako. Orokorrean, zein da Euskadiko enpresen harremana asiar merkatu edo herrialdearekin?
Txinan, euskal enpresa garrantzitsu ugari daude ezarrita; Mondragón Taldea izan daiteke entzutetsuena, baina beste asko ere egon badaude. Horietariko gehienak Shanghai eta Pekin inguruetan daude. Ildo berari jarraituz, Txinara jotzen duten enpresak ahalegintzen dira han dauden beste entitateen laguntza izaten, gutxiengo babesa izan dezaten. Merkatu txinatarra konplexua da, desberdintasun kulturala izugarria baita; horregatik, beste enpresen laguntza izatea funtsezkoa da.
Horrez gain, dirudienez, Arabiar Emirerriak, ekonomikoki eta enpresentzat, modan jarri dira, eta garapen izugarria ere izan dute. Zein uste duzu izan dela gakoa?
Arabiar Emirerrietako eta Qatarreko ekonomiak ez dira handiak; baina txikiak izan arren, beraien garapen planak izugarriak dira. Hainbat aurreikuspen garatu dituzte 2030erako; horien artean, azpiegitura berriak edo obra zibil erraldoiak iragarri dituzte. Azken finean, herrialde bietan teknologia berrien aldeko apustua egiten ari dira, unibertsitatearen edo energia berriztagarrien pisua ahaztu gabe.
Erregai fosilik gabeko etorkizuna aurreikusten dute proiektu berrien bidez; hori dela eta, gero eta euskal enpresa gehiago kokatzen dira bertan, eta hango garapenaren alde egiten dute.
Zure esperientzia abiapuntutzat hartuz, zein da une honetan merkaturik erakargarriena euskal enpresentzat?
Posizio batzuk sendotzea komenigarria izango litzateke, horien artean Mexikon edo BRIC deritzon herrialdeetan (Txina, Brasil, India eta Errusia). Dena dela, nabarmentzen diren ekonomiak egon badaude, nahiz eta EAEn hainbeste ezagutzen ez ditugun, eta gure enpresak han presentzia izaten hasi dira, Vietnamen, esaterako.
Jaurlaritzak egin dituen bidaietan (Qatar edo Arabiar Emirerrietara, adibidez), zer aurkitu du?
Balantzea oso positiboa izan da. Brasilen, Txinan, Arabiar Emirerrietan edo Qatarren herrialde gisa agertzea luxua da, eta indarra ematen digu. Horrez gain, garrantzitsua da erakunde bat baino gehiago elkarrekin bertan agertzea, Merkataritza Ganberekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta enpresekin batera, hain zuzen ere. Horrek lan-aukerak areagotzen eta indartzen ditu.
Nire ustez, horri guztiari esker, Euskadiko enpresa txikiak eta ertainak atzerrian ezagutzera emateko erraztasun gehiago izan ditzakete.
Alde handia dago hemengo gizarte-eredu edo bizimoldearen eta atzerriko herrialdeenetakoen artean?
Herrialdearen arabera aldea handia izan daiteke. Adibidez, hemengo eredu ekonomikoa asiar herrialdekoarekin erkatuz gero, sekulako aldea dagoela esan dezakegu. Kultura, historikoki eman diren prozesu politikoak edo gizarte-eredua guztiz desberdinak dira. Bestelako errealitateari buruz hitz egiten ari gara, beraien balioen eskala guztiz ezberdina da, eta, horregatik, garrantzitsua da hau guztia aztertzea merkatu horretan sartu aurretik.