Azken eguneratzea: 2011ko apirila

ELKARRIZKETAK

Javier López
Bilbao Dendak elkarteko lehendakaria

Merkataritza-zentroak gure arerio
zuzenak dira

Javier Lópezek  ia bi urte daramatza Bilbao Dendak elkarteko lehendakari gisa, eta azkenaldi honetan merkataritzak jasandako aldaketen eta nondik norakoen inguruan hitz egin du Lópezek elkarrizketa honetan. Aldi berean, López 'Itxaso' izeneko arropa dendaren jabea da, 1978an irekitako saltokia, Urkixo Zumarkalean, hain zuzen ere

 

Zein da Bilbao Dendak elkartearen helburu nagusia? Zein ezaugarri bete behar dira elkartearen parte izateko?

Auzo bakoitzak bere merkatari-elkartea du; horren harira, duela hamar urte Bilbao Dendak sortu zen, foro moduan, non auzoetako elkarteak batzen diren. Dena den, talde hauek ez ezik, beste mota bateko dendek edo erakundeek ere parte hartzen dute: Bidarte, Zubiarte, El Corte Inglés edo Bilboko Udalak, hain zuzen ere. Azken finean, helburua auzo desberdinetako merkataritza koordinatzea eta sustatzea da. Bi ardatz dira nagusi, alde batetik, bisitari gehiago erakartzea Bilbora, eta, bestetik, auzoaren merkatu-ikerketa egitea.
Bilbon 6.000 saltoki edo enpresa txiki daude, eta horietariko 2.000 Bilbao Dendak taldeko zentro elkartuak dira.

Oro har, merkataritza txikiak aldaketa esanguratsua jasan du azken urteetan; zein izan da arrazoi nagusia? Krisialdi ekonomikoak eragin handiena izan duen faktorea da edo beste argumenturen bat dago?

Argi dago krisi-garaia arrazoi nagusia izan dela; krisialdia hasi aurretik, aurreko hamar urteetan, salmentek eta merkataritza sektoreak etengabe egin zuten gora, baina azkeneko bi urteetan oker ibili gara. Hala ere, igoera globala da, hots, ez da soilik Bilboko kontua.
Estatu mailan, Bilbao ondoen mantentzen den hirietako bat da, salmenten jaitsiera %10 ingurukoa izanik, baina, orokorrean, gauzak ondo egiten ari dira.

Gero eta saltoki historiko gehiago ixten ari dira, beste mota bateko negozioak (urrea saltzen dutenak edo ekialdeko bazarrak) irekitzen diren bitartean. Ildo berari jarraituz, nolakoa izango da etorkizuna arlo honetan?

Etorkizunaren ardatza aldaketa izango da. Saltoki historikoak ixtea ohikoa da gaur egun, ez bakarrik Bilbon, edozein hiritan baizik. Ez da erraza mota honetako dendak mantentzea, izan ere, formatu berriak etengabe agertzen ari dira eta beharrezkoa da txandakatze prozesua gauzatzea. Horrez gain, Interneten eta sarearen bidezko salmenten goraldiek ere eragina izan dute.
Bestalde, ekialdeko bazarrak ez nituzke negatibotzat hartuko, betiere, legea betetzen badute, gainerako dendekin gertatzen den bezala.

Zer iritzi duzu azalera handiko merkataritza-guneen inguruan?

Duela hamabost urte hasitako moda amorratu hau oraindik ez da bukatu, eta, gaur egun, esan dezakegu saltoki txikien arerio zuzena direla. Garai batean ideia originala eta neurrigabea izan zen, baina salmentak ez dira guztiontzat moldatzen. Arrakasta ikaragarria izan dute orain arte, baina uste dut egoera aldatu egingo dela; jendea nekatuta dago, eta gero eta gehiago nahiago ditu beste tankera bateko zentroak, guk eskaintzen ditugunak, alegia.
Gure erronka hirigunea merkataritza-zentro bihurtzea da, baina zerupean eta monumentuz inguraturik; egin beharreko lana ez da erraza: saltokien arloak ordenatu, aparkalekuak egin, behar bezala iragarri eta abar. Hemendik bost urtera, gure merkataritza eredua gailendu egingo dela esango nuke.

Bestalde, Bilbo Zaharra bezalako zonaldeak bigarren maila batera pasatu dira. Zer egiten ari dira auzo horretako merkataritza sustatzeko?

Bilbao Dendak elkartean arreta handia ipini diogu gai honi, eta Udalak gauza bera egin du. Etorkizun positiboa aurreikusten dugu, hilabeteak pasa ahala saltoki gehiago sortzen baitira Bilbo Zaharrean. Gainera, segurtasuna nabaria da azkenaldian, eta auzoaren alde egiten duten ezaugarriak anitzak dira: lokal merkeagoak, hiriaren erdigunetik gertu egotea eta zonalde berezia izatea, artisten babesgune bihurtzen ari dena.

Urte hasieran polemika izugarria sortu zen igandeetan irekitzearen inguruko eztabaidarekin; zein egoeratan dago kontu hau? Zein da elkartearen jarrera?

Legearen arabera, edozein negozio formatuk zortzi igandetan ireki dezake, baina legea zabaldu egiten da 140 metro koadro baino gutxiagoko lokaletan, non edozein igandetan ireki dezakegun.
Elkartean ez dugu irekitzen duenaren aurka egingo, baina hori egin aurretik ondorioetan pentsatu behar dugu. Bilboko turistak ez dira nahikoak igandeetan, eta horrek gastu handiagoa dakar enpresarentzat. Alabaina, norbaitek bere denda ireki nahi badu, guk ez dugu saihestuko; polemika edo liskarra batez ere langileek eta sindikatuek sortu dute, ez Bilbao Dendak bezalako merkataritza-elkarteek.

   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   

Jorge Sicilia
Ipar Amerikako BBVAko ekonomialaria

Japoniako egoeraren eragina


Jorge Siciliaren esanetan, Japoniaren gaur egungo egoera kontrolatu ezean, herrialde asiarraren ekonomia eta produkzioa kaltetuta atera daitezke.

Japoniako eragina lurrikararen eta tsunamiaren ondorioetara mugatzen bada soilik, hazkunde ekonomikoan izango lukeen eragina murritza izango litzateke, bizpahiru hamarrenekoa, baina 2012an errekuperazioa positiboa izan daiteke. Horrelako zerbait iraganean gertatu zen asiar herrialdean; hala ere, kasu honetan, ardura areagotu egin da, nuklearren eztabaida dela medio.

“Hazkunde mundiala arrisku etengabean dago”, azaldu du Siciliak. BBVAko ekonomialariaren ustez, arriskuak beti daude; “edozein momentutan, ekonomiarentzat edo gizartearentzat negatiboa den zerbait gerta daiteke”.

Hori dela eta, Siciliak dio mota honetako errekuperazioetan garrantzi handia eman behar zaiela arriskuei, “baina esanguratsuenak hazkundea izaten jarraitu behar du”. Japoniako krisialdia berri txarra izan arren, ekonomian izango duen eragina “erlatiboki txikia” izango dela adierazi du ekonomialariak.

 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK