EAEko arazo nagusienetako bat turistek Euskadin ematen duten gau kopurua da; zein ideia edo ekimen prestatzen ditu Jaurlaritzak egoera honi aurre egiteko?
Ez nuke esango zailtasuna denik, nahiago dut 'erronka' deitzea. Hala ere, Madril bezalako hiriburuen parean gaude gau kopuruari begira. Gainera, kontuan izan behar dugu egonaldiaren batez bestekoa ez dela guztiz zuzen kalkulatzen, izan ere, hotel bakoitzaren sarreren arabera zenbatzen dira gauak. Hori dela eta, Euskadiko hotel bakoitzeko gauak igaro ondoren batez bestekoa baxuagoa izango da.
Baina gure eskuetan dagoen guztia egiten dugu bisitarien egonaldia luzatzeko, ez bakarrik Bilboko Guggenheim ikusteko; bisitariek ekintza hori Gorbeako igoerarekin uztartu dezakete, esaterako.
Krisialdi-testuingurua kontuan hartuz, turismo sektorean negozio berri bat sortzea arriskutsua dela esango zenuke? Sektore turistikoa aseta dagoela uste duzu?
Logikoa denez, jendea gero eta gutxiago ausartzen da negozio berria sortzera; turistek ez dute lehen bezain beste diru xahutzen. Horregatik, krisiak eragin handia izaten du arlo turistikoan, baina sektorea ez dago aseta; oso irekia den eremuari buruz hitz egiten ari gara.
Nekazalturismoei dagokienez, azken urteetan ondo funtzionatzen duten zerbitzuak dira; Eusko Jaurlaritzak garrantzi berezia eman die?
Nekazaritza-alorra ez da izan gure erronka nagusia; guretzat garrantzitsua eta gero eta indartsuagoa izan arren, nekazaritza-turismoa eta azpisektore hori orokorrean 'B produktu' bezala ezagutzen da. Horrek ez du esan nahi inportanteak ez direnik, baizik eta inbertsioa eta sustapena enkoadratuta dagoela.
Dena den, esan beharra dago nekazaritza-turismoaren aldeko apustua ere egiten dugula; gainera, normalean publiko familiarrari bideratuta dagoen norakoa izan ohi da, eta guk arlo hori ere geureganatu nahi dugu.
Bestalde, Turismoaren Euskal Behatokia jada martxan dago; zertan datza?
Lehiaketa-zaingo plataforma da, informazioa eta INE edo Eustat agentzien estatistikak eskaintzen dituena, besteak beste. Informazio osoa erabiltzailearen gustuen neurrian ematen da, bezero bakoitzak bere nahiak ezagutzera ematen ditu eta eskaeraren araberako informazioa jasoko du, 'feedback' hutsa. Zuk zeuk erabakiko duzu hilero jaso nahi dituzun datu edo grafiko motak, guztiz pertsonalizatuta.
Azkeneko datuen arabera, euskal merkataritzak enplegua mantentzen du, baina 2.200 saltoki baino gehiago itxi ditu; nola baloratzen duzue errealitate hori?
Merkataritza sektorea krisi bikoitzean murgilduta dagoela esan dezakegu. Alde batetik, kontsumoaren krisia, guztiongan eragina duena; bestetik, doikuntzarena, hots, saltoki batzuk jada kaltetuta zeuden, eta krisialdi-eszenatoki honek ez die mesederik egin.
Alabaina, emaitzen arabera, Euskadin dugun saltoki kopurua Estatuko edo Europako batez bestekoaren gainetik dago, 15 denda 1.000 biztanleko, hain zuzen ere. Horrez gain, datuek agerian utzi dute itxitako saltokietan langile bat edo bi zeudela; hori dela eta, enplegua mantendu da, eta hori esanguratsua da.