Azken eguneratzea: 2011ko ekaina

ELKARRIZKETAK

Andrés García-Alonso
Donewtech-eko I+G arloko zuzendaria

Krisi garaian, ingeniari ausartak
eta sormenezkoak aurkitu ditugu

Donewtech enpresa 2000. urtean sortu zen hiru euskal ingeniari gazteren eskutik. Alemanian lan egin ondoren, ekintzaile hauek software aurreratuan oinarrituta dagoen ekimena garatu zuten Gipuzkoan. Gaur egun, enpresak Donewtech-era abiatzen dira irtenbide teknologikoen bila; hori guztia azaltzeko, enpresako I+G arloko zuzendari Andrés García-Alonsorekin hitz egin dugu

Andrés García-Alonso, ezkerretik hasita bigarrena, Donewtech-eko taldearekin

 

Euskadin gero eta enpresa gehiagok egiten dute IKTen alde; teknologia berriei begira, zein da EAEren posizioa Estatu edo Europa mailan?

Estatu mailan liderrak garela esan genezake; batez ere, Euskadin teknologia kualifikatuaren inguruko zerbitzua eskaintzen duten enpresa ugari daude, IKTen sektorean adituak ez ezik, adituak izan gabe IKTak erabiltzen dituztenak ere badaude. Europan, aldiz, tren-makina delakoa Alemania da, baina EAEn maila berean dauden enpresak ere baditugu, bai arlo pribatuan, bai publikoan.

Egungo egoera ekonomikoari dagokionez, zein eragin izan du Donewtech-en? Aldaketak edo erreformak beharrezkoak izan dira?

Kasu batzuetan, egoera negatiboki aldatu da, baina gauza onak ere ekarri ditu, adibidez, punta-puntako ingeniariak aurkitu ahal izan ditugu, guk nahi dugun estilokoak, hau da, ausartak eta sormenezkoak. Dena dela, ezaugarri negatiboei begira, duela bi urte lortzen genuen kontratu kopuru bera eskuratzeko, askoz gehiago mugitu behar izan gara; alabaina, oro har, aurrekoetan bezala mantendu gara. Krisialdian, sormenak aukera ezin hobea du, inoiz baino arazo gehiago baitaude, eta inoiz baino konponbide gehiago ere sortzen dira.

Addonia eta Jakitoki adarrak zuen enpresak sortutakoak dira; zeintzuk dira bataren eta bestearen arteko desberdintasunak? Zein da beraien profila edo helburua?

Addonia eta Jakitokiren ezaugarriak guztiz desberdinak dira, baina eremu berean bat egiten dute; biek irtenbideak eskaintzen dizkiete bezeroei, konplexutasuna albo batera utziz. Zehazki, Addoniaren kasuan, garatuta dauden programak editatzen ditu, bezeroak behar duena gehituz. Jakitokirekin, aldiz, beste metodo bat erabiltzen da; erantzun standardak bilatzen dugu, erabiltzaileen ardurak konpontzeko irtenbide bakarrarekin.

Jakitokiren kasuan, zer dira marmelada itxura hartu duten aplikazio berriak? Zeintzuk dira beraien ezaugarriak?

Egunero aurkitzen ditugun arazoei aurre egiteko sortu dira programa hauek, marmelada itxura dutenak. Hainbat eremu desberdinetan laguntza eskaintzeko egitasmoak eratzen ari gara; horietariko lehenengoa Okaran izenekoa da, bere itxura okaran-marmeladarena delako. Era berean, beronen xedea da dokumentuak jasotzea; garrantzitsua ez da non edo nola eskuratzea artxibo horiek, baizik eta ahalik eta lasterren eskuen artean izatea.
Ildo berean, bigarren adibidea marrubi-marmeladarena izan daiteke, biltzarretan erabiltzeko balio duena, laburra eta azkarra. Horrez gain, marmelada gehiago izango dira, momentuz garatu barik daudenak.

Boligrafo Digitala ere gailendu duzuen proiektua da, Addoniaren esku; Zeintzuk dira egitasmoaren nondik norakoak? Nazioartean hedatzeko aukera dago?

Suediako garapen teknologikoa da, baina guk erabiltzen dugun erreminta bihurtu da, aplikazio batzuk gehitu ostean. Nahiz eta aukera asko eskaini, harrigarria izan da erabilera gutxi eman zaiola eguneroko bizitzan. Gainera, kontuan izan behar dugu paperaren desagerpena pil-pilean dagoen gaia dela.
Boligrafo honi esker, edozein informazio eskaneatu dezakegu, batez ere txostenak edo galdetegiak. Bestalde, gure esku izan dira ikuskapen arloan aurrera eramandako aplikazioak eta laguntza teknikoaren inguruko zerbitzuak.

Oro har, une honetan, zein da Donewtech-en asmo handiko proiekturik esanguratsuena?

Momentu honetan, lan gehien ematen digun egitasmoak iraunkortasunarekin du lotura, uraren eta hondakinen eremuan. Txingudiko Ur Zerbitzuarekin batera lan egiten ari gara bai uraren hornikuntzan, baita geroko tratamenduan ere, betiere, aurreztearen aldeko kudeaketa egokiak eginez.

Diru-laguntza publikoak murriztu egin dira egungo egoeraren eraginez; zure aburuz, ezinbestekoak dira enpresa berriak aurrera eramateko? Laguntza nahikoak ematen dira Euskadin ETEei bideratuta?

Nire aburuz, orain arte bizi izan dugun garaia oparoa izan da, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek banatutako diru-laguntzei begira behintzat. Dena dela, laguntzak ez dira jaso soilik administrazioen aldetik, menpeko erakunde publikoek ere parte hartu baitute.
Izan ere, egungo egoera desberdina da, eta biztanleriari eskatzen zaiona enpresek eta ekintzaileek ere bete behar dute; horregatik, uste dut arlo ekonomikoan murrizketak egongo direla.


   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   

John Howkins
Howkins & Associates-eko presidentea

Sormena krisi garaian


John Howkins sormenezko industria alorrean enpresarik ospetsuenetarikoaren presidentea da, Howkins & Associates taldeko lehendakaria, hain zuzen ere. Ingeles honek ikerketa sakona egin du enpresen eta langileen sormenaren inguruan.

Howkinsek dio sare sozialen eta lan-mertkatuaren ezaugarriek harreman pertsonalak erabat aldatu dituztela, “horrek eragin argia du sormenaren garapenarengan”, adierazi du adituak. “Sormena sarritan sustatzen da enpresa berritzaileetan eta gauza berriak egin nahi diren toketan, non gaitasunak gehien garatzen diren”, gaineratu du enpresariak.

Hori dela eta, Howkinsen ustez enpresa berritzaileetan lan egiten duten langileei aukera eman behar diegu. “Sormenezkoa izateko oinarrizkoak diren bi abiaburu existitzen dira; alde batetik, askatasuna, eta bestetik, merkatua, biak batera sormena garatzeko aukera biderkatzen baitute”, azaldu du adituak.


 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK