Laster, Idomeko egoitza berria inauguratuko duzue, zeintzuk izango dira berrikuntzak?
Ametsa izango balitz bezala da; gaur egun arte izan ditugun azpiegiturak ez dira gure enpresaren isla izan. Kontuan izan behar dugu Idom enpresa modernoa dela, Espainiako Estatuan liderra, eta, horregatik, gure lana garatzeko behar bezalako egoitza izango dugu, irudia garrantzitsua baita.
Gainera, Bilborentzat ere aukera paregabea da; goi-mailako tituludunek hemen izango dute lan egiteko aukera, Zorrotzaurre Plana garatzen ari den tokian kokatuta gaude, oso gune estrategikoa da, eta lehen mailako enpresa bat Bilbon egoteak izen ona ere eskaintzen du.
Zenbatekoa da zuen enpresak atzerrian duen hedapena? Zeintzuk izango lirateke herrialderik deigarrienak epe ertain edo luzera?
Guztira 118 herrialdetan lan egiten dugu, baina ez ditugu bulegoak lurralde guztietan, baizik eta 13 lekutan, Portugal, Brasil, Mexiko, AEB eta Erresuma Batuan, besteak beste, hots, ekonomikoki zonalde interesgarrietan, gure ekoizpena haz dadin.
Horrez gain, eratu berriak diren enpresekin ere lan egiten dugu; Turkian egiten dugun lana da adibiderik argiena, oso gustura baikaude eta oso proiektu interesgarriekin. Esaterako, Vietnamen edo Arabiar Emirerrietan ere apustu garbia egiten ari gara, eta bulego bana dugu toki horietan.
Gainerako euskal enpresei dagokienez, oro har, zein da zure balorazioa nazioartekotze mailari dagokionez?
Begi bistan dago Euskadin oso enpresa sendoak daudela, eta atzerrian daukagun ospea ezin hobea dela; dena dela, zorte txarra izan duten enpresak ere egon badaude, bai eta kudeaketa dagokion unean egin ez dutenak ere.
Izan ere, nire ustez argi izan behar dugu nazioartekotzea ez dela batere erraza; Europatik kanpo beste pentsaera eta lan egiteko era batzuk daude, arauak aldatu egiten dira eta atzerrira joan baino lehen arau edo lege horiek ezagutu behar ditugu. Bigarrenik, pazientzia izan behar dugula esango nuke, eta giza baliabideen alde apustu egitea garrantzitsua da, enpresek pertsonetan inbertitu behar dutelako.
Zein da une honetan Idom taldearen asmo handiko proiekturik esanguratsuena?
Jindal adibide bat izan daiteke. Jindal Indiako enpresa da, eta proiektua Boliviako meategi batzuetan gauzatzen ari da, helburua mineraletik altzairua ateratzea izanik. Inbertsioa izugarrizkoa izan da, 2,2 mila milioikoa, hain zuzen ere. Gure papera aholkulariena eta laguntzailearena izango da, batez ere erronka teknologikoei begira.
Bestalde, krisialdi ekonomikoaren ondorio latzak kontuan hartuz, Idomen egiturak aldaketa edo erreformaren bat jasan izan du?
Krisialdiak duen eraginak enpresa guztiak ukitu ditu, nahiz eta eremu batzuetan beste batzuetan baino hobeto jasan egoera. Adibidez, gure kasuan, eraikuntzarekin eta inbertsio publikoarekin lotura duten arloek jaitsiera nabarmena izan dute, baina, zorionez, krisia piztu zen unean gure egoera inoiz baino hobea zenez, aurre egin ahal izan diogu. Ez dugu arazo existentzialik ikusten, baina gai batzuetan murrizketak egin behar izan ditugu; gainera, nazioartekotasunaren inguruko apustua ere handitu egin dugu.
Ildo berari jarraituz, zeintzuk dira enpresaren aurreikuspenak aurtengo fakturazioari dagokionez?
Joan den urtean izandako emaitzak errepikatuko ditugula esango nuke; horregatik, nire aurreikuspenen arabera, emaitza neurritsuak izango ditugu. Hori bai, aurtengo urte amaieran zorro hobea izango dugu, bereziki Industria eta Energiari buruzko sailean.
Hala ere, ez dut uste titularretan albiste positibo moduan agertuko garenik, baina, behintzat, mantendu egingo gara eta gure zorroak gora egingo du.
Petrolioaren gorabeherak teknologia berrien garapena eragin du, energia berriztagarrien arloan, adibidez. Zein izan da Idomen esku-hartzea eremu honetan? Zeintzuk izan dira zuen egitasmoak?
Gure helburu nagusia da bezeroen arazoak konpontzea, eta, ildo berean, azken 20 urteetan eskatutako proiektu edo egitasmo gehienek energia berriztagarriekin izan dute lotura; gutxi gorabehera, ehun bat parke eoliko ekoitzi ditugu mundu osoan. Eguzki-energiari begira, berriz, merkatu espainiarrean erreferentzia gara, plaza kopuru handia baitugu, eta oso ondo kokatuta, gainera.
Ibilgailu elektrikoari dagokionez, ahal izan dugun neurrian parte hartu dugu sustatutako egitasmoan, baina bezeroak dira agintzen dutenak.