Azken eguneratzea: 2011ko iraila

ELKARRIZKETAK

Boni García
Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko burua

Enpleguaren inguruko hitzarmenetan edo gizarte segurantzaren kuotetan aldaketak egin behar dira

 

Carlos Osés

Bonifacio García Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko burua da, eta berarekin solasaldia izan dugu zonaldeko egoera ekonomikoa gertutik ezagutzeko. García buru duen elkartean ekimen berriak eta originalak gauzatu dituzte merkataritza txikia sustatzeko asmoarekin, eta aurreikuspenak eta helburuak ezagutarazi ditu

Egunero krisialdiaren inguruko albisteren bat entzuten dugu, baina zer eragin du egungo egoera ekonomikoak Bilboko Alde Zaharreko merkataritzan?

Edozein aldaketak ondorioak ditu arlo ekonomiko edo sozialean, batez ere enpresa txikia edo ertaina duzun neurrian. Egun, merkataritza-sektorean eragina nabaria da, izan ere, jendeak gero eta diru gutxiago gastatu nahi du eta erosketa kopurua jaitsi egin da. Beraz, orain, enpresaburuak ez daude zentratuta etekinak ateratzean, baizik eta negozioa aurrera eramatean. Azken finean, bihozkada-erosketa desagertu egin da, eta, orain, erosketa arduratsua eta aisialdiarekin lotura duena gailendu da.
Dena dela, Alde Zaharrean helburua errazago bete daiteke; tradizioa, bertako ostalaritza-eskaintza edo Erriberako Merkatuak bere alde jokatzen duten ezaugarriak dira. Bestalde, turismoaren garapenak ere laguntzen du, Bilbao bisitatzen duten pertsonak Alde Zaharrera gerturatzen baitira.

Garai honetan arriskutsua da negozio berria irekitzea; azken hilabeteetan enpresaburu edo ekintzaile ausartak egon al dira?

Bai, noski. Azkenaldi honetan saltoki berri ugari ireki dira Alde Zaharrean, egoera ekonomikoa gorabehera. Besteak beste, gune honetan instalatu diren dendak hauek izan dira: La Casa del Yogur, Café de Santiago, Poupée Chic edo Eko Kultura. Horiek adibide batzuk baino ez dira.

Bestalde, saltoki historiko batzuek ateak ixten dituzten bitartean, negozio mota berriak instalatzen dira gure inguruan, urrea saltzen dutenak edo ekialdeko bazarrak, esaterako. Zein da elkartearen iritzia gaiaren inguruan?

Denda historikoen itxiera normala dela esango nuke; belaunaldi-txandakatzea gero eta gutxiago gertatzen da, eta hor hutsune bat dago.
Bazarren kasua beste mota bateko kontua da; alde batetik, gobernuen konpromisoak daude, zergen inguruko kontribuzioari begira; bestetik, herrialde asiarren garapen ekonomiko eta demografikoa ere kontuan hartzekoa da.
Urrea saltzen duten saltokiak denboraldi baterakoak dira; garai zehatzetan agertzen dira, kasu honetan urrearen balioak gora egin duelako, baina hori ohikoa da.

Oro har, zer iritzi duzu azalera handiko merkataritza-guneen inguruan?

Azalera handiko merkataritza-guneek beste liga batean jokatzen dute; beraien helburu nagusia etekin ekonomikoa lortzea da, eta hasiera batean supermerkatu bat izan zena, gaur egun produktu anitzeko zentro bihurtu da, aisialdiarekin tartekatuz. Guk ez dugu ez iritzi negatiborik, ezta positiborik ere, baina uste dugu eskaintza nahikoa dagoela gure lurraldean; zentzu horretan, asebeteta gaude.

Dirudienez, zuen elkartean Alde Zaharreko merkataritza sustatzeko ekimenak sustatu dituzue; une honetan, adibidez, Arkeologi Museoarekin lotura duen promozioa; zertan datza?

Oso ideia erakargarria da gure arloarentzat; printzipioz, kultura, merkataritza eta ostalaritzaren arteko lotura sustatu nahi dugu, eta gune publiko-pribatuak kultur aisialdirako gune bihurtu nahi ditugu.
Horren harira, Josune Aristondok, BFAko Kultura diputatuak, segi beharreko urratsak azaldu zizkigun; hain zuzen ere, Arkeologi Museoa bisitatzeko sarrerak gure bezeroen artean banatu behar ditugu, baina %50eko deskontua izango dute, hau da, 1,50 euroren truke museoa bisitatu ahal izango dute.

Elkarteak mota horretako beste ekimen edo ekintza batzuk gauzatu ditu?

Kultura ez ezik, arrazen arteko harremanen garapena ere sustatu nahi dugu, eta horren aldeko apustu argia egiten dugu. Adibidez, 2010eko abenduan Unai Aizpuruk Fundación Bilbao Histórico eratu zuen, La Ribera Merkatua eta Bilbao La Vieja elkartearekin batera. Helburua hiritarrei Bilboko alde historikoa ezagutzera ematea eta merkataritza eta saltokiak suspertzea da.

Diru-laguntzei dagokienez, nahikoa da gobernuek merkataritza txikira bideratzen duten inbertsioa?

Gobernuek ekintzak diruz laguntzen dituzte, baina arazoa ez da hori; krisi garaian hartu behar dituzten neurriak beste mota batekoak dira: enpleguaren inguruko hitzarmenak, gizarte segurantzaren kuotak, enplegatzen duen enpresaburuari babes handiagoa ematea edo bestelako neurri fiskalak enpresak ez itotzeko.
Bestalde, bankuei begira, dirua gehi mozkina jasoko dutela ziurtatzen dutenean baino ez dute egiten apustua, betiko moduan.


   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   
Antonio Alonso

Antonio Alonso
Negozio Eskola
Europarreko
zuzendari nagusia

Krisitik
ateratzeko,
ikasi egin
behar da

2008. urtean, hasiera eman genion krisi sakonari, baina guztiok ezagutzen dugun egoera latz hau hiru oinarritan edo beste hiru krisitan bereizten da. Lehenengo eta behin, nazioartean krisi finantzarioa sortu zen, merkatuen lukuru-grinaren eraginez, moral eza islatuz. Bigarrenik, Espainiaren kasuan, eredu ekonomiko hazkor bereziarekin egin dugu topo, eraikuntza sektorearen espekulazioa izanik horren ardatza; horri dagokionez, gizarteak eta politikariek ez dute beste aukera edo irtenbiderik aurkitu, eraikuntzaren onurak ordezkatzeko. Azkenik, egungo negozio ereduek pisu handia izan dute aldaketa honetan, eta merkatuen gardentasun eza Interneten globalizazioarekin nahastu da.

Badirudi soilik porrotaren inguruan hitz egiten dudala, baina, arrakasta izateko, lehenengo ikasi egin behar dugu, eta, ikasteko, saiakuntzak egitea beharrezkoa da; beraz, praktikatzea eta akatsen bat izatea nahitaezkoa izango da.

Ikaskuntza prozesu honetan badaude azpimarragarriak diren ezaugarri batzuk: informazioaren igorpena, ezagutza praktikara eramatea eta hausnarketa egin edo berrelikadura gauzatzea, hain zuzen ere.


Antonio Alonso

Mario Weitz
Nazioarteko Diru
Funtseko aholkulari ohia

Estatuko ekonomiaren etorkizuna

Mario Weitz, gaur egun ekonomia irakaslea, Nazioarteko Diru Funtseko aholkulari ordezkari ohia da, eta Euskal Herrian antolatutako hitzaldi batean Espainiako ekonomiaren etorkizunari buruz mintzatu zen, eta eredu berria ikertzeari ekin zion.

Adituak adierazi du oraindik ez gaudela “salbu” eta, datozen urteetan, krisialditik ateratzeko aldaketak egin behar direla. “Duela bi urte hasitako egoera ekonomiko eta finantzario berri hau hilabete gutxi barru buka daitekeen arren, faktore asko aldatu behar ditugu oraindik”, gaineratu du irakasleak.

Apustu berriak

Etorkizuneko apustuei dagokienez, argentinarrak I+G delakoaren garrantzia azpimarratu du, “baina ezin dugu albo batera utzi teknologia eta berrikuntzaren nagusitasuna, gero eta pisu handiagoa baitu”, azaldu du Weitzek. Ildo berari jarraituz, Nazioarteko Diru Funtseko aholkularia izan zenak esan du Euskadik arlo horretan baliabide ugari dituela: “aipatutako alorretan liderra da, eta horrek indarra ematen dio egoera ekonomikoari, eraikuntza eta turismoa ez baitira aukera bakarrak”.

Mario Weitzen aburuz, garrantzitsua da bankuekin konfiantza izatea: “ETEei bideratutako mailegu ugari bertan behera utzi dira, eta horrek eragin negatiboa izan du EAEko ekonomian; horrez gain, aurrezki kutxen arteko bateratzeak ere garrantzitsuak dira, nahiz eta zenbait autonomi erkidegoren artekoak izan; hain zuzen ere, modu honetan, tamaina eta lehiakortasuna irabazten dugu”, aitortu du irakasleak.


 
 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK