Azken eguneratzea: 2011ko maiatza

ELKARRIZKETAK

Joaquín Esteban
Gasteizko Udaleko Higikortasun zinegotzia

Autobusaren eta trenbidearen arteko
konbinazioa
ezin hobea da

Gasteizko hiriak emaitza eta lorpen positiboak izan ditu azkenaldi honetan; garraio publikoan erabiltzaile kopururik handiena lortu dute eta Europako hiriburu berde izendatu dute, besteak beste. Horren inguruan eta etorkizunerako proiektuei buruz ere galdetu diogu Joaquín Esteban Gasteizko Udaleko Higikortasun zinegotziari, zeina pozik azaldu baita hiriaren aurrerapenekin

 

Martxoan, Gasteizko garraio publikoak erabiltzaile kopururik handiena lortu zuen; zein balantze egiten duzue Udalean horren gainean?

Emaitza oso positiboa izan da, eta datuen arabera, 2008 eta 2010. urteen artean Gasteizko garraio publikoak 12,5 milioi erabiltzaile izan zituen; 2010ean, aldiz, kopuruak %44 egin zuen gora, hau da, 18 milioi erabiltzaile inguru lortu genituen. Harrezkero, emaitzak gero eta altuagoak izaten ari dira, izan ere, martxoan gailurra jo dugu eta hilabetez hilabete erabiltzaile kopurua handituz doa.
Hirian lan egiten duten bi sareek, Tuvisak eta Euskotrenek, eragina izan dute emaitza hauetan. Azken finean, erakunde publikoen helburua Gasteizen biztanleen nahietara makurtzea izan da, haien kezkak konponduz eta irtenbideak eskainiz, batez ere garraioen maiztasunari eta higikortasunari dagokienez.

Zeintzuk izan dira Arabako hiriburuko garraio publikoaren aldaketarik esanguratsuenak azken urteotan?

Higikortasun Plana iraultzaile izaten ari da; hasiera batetik, helburua eredu iraunkorra eta, aldi berean, eraginkorra eta erabilgarria txertatzea izan da, Gasteizko garraio publikoa eraldatuz.
Autobusaren eta trenbidearen arteko konbinazioa ezin hobea da, eta arrakastatsua ari da izaten; milaka biztanlek erabiltzen dute, eta auto pribatuaren erabilera gero eta txikiagoa da.
Gaur egun hiri barrutik bidaia bakarrean mugitzeko aukera dago; lehen, hori pentsaezina zen, eta izan diren aldaketei esker da posible, autobusek eta trenbideak eskaintzen duten zerbitzuari esker.

Trenbidearen funtzionamenduarekin lortutako emaitzak positiboak izan dira; linea zabaltzeko edo geraleku berriak zabaltzeko aurreikuspenak badituzue?

Bai. Hegoaldetik egingo dugun zabalkuntza diseinatu dugu jada, baina ibilbide batzuk zehaztea falta zaigu; dena den, hitzartuta dago eta erabakia alderdi politiko guztion artean hartu dugu.
Hegoaldera ez ezik, ekialdera edo mendebaldera ere zabaltzeko aukera izango dugu epe ertainera edo luzera, baina, momentuz, diseinatutako ibilbide bakarra hegoaldekoa da.
Gainera, erabaki hauek ez dira legealdi bakarrekoak, datozen urteetan eta legealdietan ere proiektuarekin jarraituko dugu Gasteizen; horregatik, hitzarmenak eta batzarrak garrantzitsuak izan dira.

Zure aburuz, trenbidearen bilbadura eraiki ostean, beharrezkoa izango litzateke Gasteizen metroa edo aldiriko trenak abian jartzea?

Momentuz ez dugu horretan pentsatu; biztanleria kopuru handi samarra beharko litzateke hirian metroa martxan ipintzeko. Agian, etorkizunean posible izan liteke, baina une honetan ez da bideragarria eta espazioa ere zehaztu behar da. Espazioari dagokionez, Agurain eta Nanclares herrien arteko ibilbidea egitea interesgarria izan daiteke, Gasteiztik pasatuz. Ibilbide industriala denez, oso mamitsua da eta erabiltzaile zehatzak izan ditzake.

Bestalde, hiriko autobus geltokiaren lekualdaketari dagokionez, zein egoeratan dago lekualdatze hori?

Obrak berehala hasiko dira; gainera, geltoki berria handiagoa izango da eta gure hiriak merezi duen atearen edo sarreraren papera hartuko du, gaur egun daukaguna ez baita egokia eta zaharkituta geratu baita. Horrez gain, etorkizunean martxan jarriko dugun intermodalaren zati garrantzitsua izango da. Bertan, hiri barruko autobus eta trenbide linea ugari elkarrekin komunikatuko dira.

Zer eragin izan du autobuserako bide bereziak eta trenbidearen bilbadurak hirian aparkalekua aurkitzeko orduan?

Ikusgarria da, baina orain autoa aparkatzeko gune gehiago dago, batez ere goiko zonaldera sartu nahi dutenentzat. Gainera, abantailen artean, hamabost minutu baino gutxiago aparkatuz gero, aparkalekua doakoa izango da; beste onura batzuk ere badaude, hala nola: zarata urritzea, trafikoa gutxitzea, kutsadura murriztea...

Gasteiz Europako hiriburu berdea izanik, badago loturarik garraio publikoaren eta inguru osasuntsu eta iraunkorraren artean?

Erabatekoa. Garraio publikoari esker, Gasteiz hiriburu berde izendatu dute, beste ezaugarri eta faktore batzuen artean, noski. Gure lana bizikleten kopurua igotzea eta ibilgailu pribatuen erabilera murriztea izan da, eta, pixkanaka, lortzen ari gara, horrek garraio publikoa areagotzea badakar ere, hiri osasuntsua baikara.


   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   

Josep Codina Castro
Ekonomia ikertzailea

Greziako egoeraren eragina
Europan


Grezian azkenaldi honetan gertatzen ari dena oso larria da, baina politikariek eta autoritate monetarioek ez dute erantzun argi eta garbirik ematen; Euroguneko etorkizuna kolokan dago, Greziaren jarraipena gero eta ezegonkorragoa da, baina, momentuz, ez dute ezer ofizialik esan. Horrek mesfidantza hedatzen du merkatuan, eta burtsa europarrean islatu egin da.

Merkatuaren joerak negatiboa izaten jarraitzen badu, beharrezkoa izango da berregituraketa, eta S&P-ren datuen arabera, egoera hori laster gerta daiteke, zor greziarrak presio izugarria baitu burtsa europarrean.

Aitzitik, lehengaien gorakada burtsen emaitzek susperrarazi zuten hasiera batean, baina gaur egun hori ez da nahikoa, eta krisialdi finantzarioa nabari ari da jotzen oraindik burtsaren sektorean.

Bestalde, dolarraren gorabeherek ere ez dute laguntzen, datozen ekitaldietan bere aurreikuspenak positiboak baitira euroaren bilakaeraren alde.


 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK