Bestalde, Jaurlaritzak kritika ugari jaso ditu Castrorekin (Kantabria) lotu nahi izateagatik, bere konpetentziatik kanpoko gaia delako; zein da 'lotura' honen arrazoia edo helburua?
Kritika horiei ez diet inolako zentzurik ikusten. Politikan lehentasunak argi izan behar dira, baina, horretarako, aukera, kostu eta abarri buruzko datu errealak izan behar dira, ondoren erabaki egokiak hartzeko.
Duela zenbait urtetatik milaka bizkaitar mugitzen dira Bizkaitik Castrora eta Castrotik Bizkaira, lana edo aisialdia dela-eta, eta horren ondorioz errepideak gainezka daude eta gero eta ohikoagoak dira auto-ilarak Castro-Bilbo zatian.
Pil-pilean dagoen beste lanetako bat Donostialdeko Metroa da. Une honetan zein egoeratan daude obrak?
Obrak oso ondo doaz. Duela gutxi Loiola-Herrera zatiko obrak ikusi nituen eta harrituta geratu nintzen, oso aurreratuta baitaude. Zati hori gutxi gorabehera urtebete barru egongo da amaituta. Egun, Lasarte-Errekalde, Errekalde-Añorga eta aipatutako Loiola-Herrera zatietan trenbideak bitan banatzen ari gara.
Gai honen inguruan, zein da Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren jarrera?
Bilbon egin zen bezala, halako tamainako azpiegitura bat Gipuzkoako Foru Aldundiak ere finantzatu behar luke. Espero dugu azkenean aldundiak proiektuan parte hartuko duela. Metro hori 30 milioi bidaiari inguruk erabiliko dute eta Gipuzkoako herritarren %65i emango die zerbitzua. Metroari esker, gainezka dauden errepideak arindu, kutsadura murriztu eta batez ere garraio zerbitzu eroso eta azkarra eskeiniko dugu.
Pasaiako super portuari begira, azpiegituraren hedapena eta aldaketak aurrera eramango dira?
Pasaiako portu berria eraikitzen ez bada, ezinezkoa izango da Badiaren eremua osorik biziberritzea. Edonola ere, tokian tokiko jarduketa batzuk egin ahal izango ditugu, baina Pasaiako Badiak konpondu gabeko arazoa izaten jarraituko du.
Gipuzkoako azpiegiturekin jarraituz, Arrasate eta Eibar lotuko duen tranbia eraikiko da?
Oraintxe bertan, jarduera horrek zailtasun handiak dauzka, bai, bidaiari kopuruari dagokionez, kostua zuritzeko ikuspuntutik, bai azpiegitura hori lurrean fisikoki sartzeari berari dagokionez. Edonola ere, ibar horretako garraio zerbitzua hobetzeko proposamenak egingo ditugu.
Beste inguru batzuei dagokienez, tranbiarako zenbait obra dauzkagu abian. Gasteizen, datorren udaberrirako tranbia Abetxuko auzotik sartuko da. Halaber, Gasteizen, hegoaldeko hedapena, unibertsitateko campusarekin adostutako lotura informatzeko ikerketan dago, eta ekialderantz hedatzeko aukerak ikertzen ari gara. Bilbon, tranbia Basurtotik La Casillaraino hedatzeko lanak amaitzear daude. Bestalde, Leioa eta EHUko campusa lotuko dituen lanak datorren urtean lizitatuko dira.
Etxebizitzari dagokionez, krisiaren ondorioz kaltetuen dagoen sektoreetako bat da. Etxebideko zerbitzuan nabarmenak izan dira aldaketak?
Aldaketa garrantzitsuak egin ditugu, besteak beste, babestutako etxebizitza erosi edo alokatu ahal izateko gehienezko sarrerak igotzea, etxebizitza ahalik eta pertsona gehienei iristeko asmoz. Halaber, babestutako etxebizitzaren prezioa, guztientzat berdina izan barik, eroslearen errentaren araberakoa ezarri nahi dugu.
Sarritan, EAEn alokairuaren prezioa eta hipotekarena antzekoak dira. Neurriren bat hartuko da horren aurka?
Hasieratik, gure asmoa alokairuari bultzada handia ematea izan da, baina lan korapilatsua da.
Bizigune programako etxebizitzak gehituko ditugu, azken hiruhilekoan bitartekaritza programa berria onartuko dugu eta operazio berritzailea abiatuko dugu datozen lau urteetan gutxienez alokatzeko 4.000 etxebizitza eskuratzeko. Etxebizitza horiek inbertitzaile pribatu batek utziko dizkigu gutxienez 20 urteko eperako. Kontratua esleitzen zaion inbertitzaile pribatuak etxebizitzak, haiek eraikitzeko behar duen lurzorua eskuratu edo eraikin berriak eraikiko ditu, eta Jaurlaritzari utziko dizkio, alokairuan.