Alderdi politiko berria izanik, Euskal Herri mailan lortutako emaitzak oso onak izan dira; espero zenituen?
Emaitza onak espero genituen, baina aurreikusitakoak baino hobeak izan direla esan beharrean nago. M22ko emaitzek agerian utzi dute euskal gizartearen sektore zabal batera iritsi dela Bilduren mezua, eta, batez ere, Euskal Herriko herritarrek aldaketa politiko, sozial eta ekonomikorako ilusioa eta itxaropena adierazi dutela beraien botoa ematerakoan.
Euskadiko hainbat udaletan estreinatu zaretenez, nola jaso duzue Bildun azken urtean egindako murrizketa administratiboak?
Krisialdiaren hasieratik, behin eta berriz salatu ditugu Zapateroren Gobernuak, besteak beste EAJren babesarekin, egin dituen erreforma murriztaile eta antisozialak, langileen eskubideen aurkako eraso larriak direlako. Udalen gastuei aurre egin ahal izateko, horiek behar beste baliabide ekonomiko izan behar dituzte, eta, horretarako, aldundietatik diru gehiago jaso behar dute. Horretarako, ezinbestekoa da zerga politika aldatzea.
EAEko egoera ekonomikoa kezkagarria izaten ari da; horren haritik, zein izango da Bilduren ekonomia politika orokorra?
Argi dago eredu ekonomiko neoliberal honek porrot egin duela; beraz, krisialditik aterako gaituen beste eredu ekonomiko bat proposatzen dugu. Eredu sozialagoa eta solidarioagoa. Aberastasunaren benetako banaketan, ekonomiaren bilakaera iraunkorrean, zerbitzu publikoen garapenean eta enpleguaren kantitatea eta kalitatea zabaltzeko lehentasunetan oinarritua.
Langabeziaren inguruko gaia da biztanleria gehien larritzen duena; zeintzuk izango dira Bilduren neurriak edo proposamenak egoera hau hobetzeko?
Egungo krisialdiak, bereziki emakumeei, gazteei eta etorkinei kalte egiten dien krisiak, agerian utzi du egitura ekonomiko honek sortzen duen langabezia estrukturala, azken urteetako espekulazio ekonomikoak eta prekarietateak eragindakoa. Horrexegatik, beste neurri batzuen artean, ekonomia soziala eta kooperatiboa bultzatuko dugu, kooperatibak sortzea sustatuko dugu; azpikontratazioekin amaituko dugu, zerbitzu publikoen pribatizazioarekin amaituz joango gara, eta enplegu-aukera berriak ustiatuko ditugu: menpekotasuna, energia berriztagarriak, tokiko garapena, lan soziala edo ingurumenaren iraunkortasuna. Era bereran, Bildutik lan harremanen euskal esparrua aldarrikatzen dugu, gure baliabide ekonomikoak kudeatu ahal izateko.
Bestalde, erakundeek gauzatutako azpiegitura batzuen kontra azaldu zarete (AHT, Pasaiako Portua…); bertan behera utziko zenituzkete obra horiek?
Gure ustez, gaur egun Euskal Herrian nagusi den lurralde antolaketak ez die erantzuten herritarren behar eta interesei. Gainera, azpiegitura hauek ez dira ekonomikoki bideragarriak eta ekologikoki kalte larriak eragingo dituzte. Horri guztiari azpiegitura hauek herritarren eztabaidarik gabe inposatu nahi dituztela gehitzen badiogu, ondorioa argi dago: Bilduk ez ditu mota honetako azpiegiturak babestuko, are gutxiago beharrezkoak diren hainbat zerbitzu publikotan murrizketak egiten ari direnean.
Beste azpiegitura edo proiektu batzuk aurkeztuko dituzue Euskadiko udaletan? Zein izango litzateke horien artean esanguratsuena?
Hiriburuetakoak hartuta, Gasteizko Olagibel ardatza edota Bilboko Abandoko trenbidea lurperatzeko plana ditut buruan. Bilduk sustatzen dituen proiektu moten eredugarriak dira gainera, hirietako erdiguneak herritar guztien aisialdiaren zerbitzura jartzea, eta ez enpresa handien bulegoen kokaleku gisa, eta auzo batzuen bazterketa saihesteko helburua dituztenak.
Oro har, zein da Bilduren helburu nagusia? Zer espero du zuen alderdiarengan zuen alde bozkatu duen biztanleek?
Bildu osatzen dugun gizon eta emakumeok Euskal Herriak behar duen normalizazio politikoaren eta bakearen alde lan egiteko eta gaur bizi dugun eredu ekonomikoa eta soziala gainditzeko konpromisoa onartzen dugu. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, inguruko nazioekin dugun harremana zehazteko subiranotasuna. Berdintasuna eta justizia ardatz izango dituen eta pertsona guztien eskubide guztiak bermatuko dituen gizartea eraikitzeko asmoz, zer nolako eredu sozioekonomikoa eta instituzionala behar dugun erabakitzeko eskubidea eta ahalmena nahi dugu.