Azken eguneratzea: 2011ko uztaila

ELKARRIZKETAK

Carlos Osés
Ipar Kutxako zuzendari nagusia

EAEn bulego gehien izango dituen
seigarren entitatea izango gara

Euskal Herriko egitura finantzarioa pixkanaka aldatzen ari da; horren adibidea da bai EAEn bai Estatuan burututako hainbat aurrezki kutxen arteko bateratzea. Horien artean, Ipar Kutxako fusioa izan da azkenetarikoa, Crédit Agricole talde frantsesaren Bankoarekin batera. Kudeaketa honen nondik norakoak ezagutzeko, Ipar Kutxako zuzendari nagusiarekin, Carlos Osésekin, harremanetan jarri gara

Carlos Osés

Bankoaren eta Ipar Kutxaren bateratzeari dagokionez, azalduko zeniguke zeintzuk diren fusio honen arrazoiak?

Mundua aldatzen edo eraldatzen den heinean, geu ere aldatu behar gara, eta gizartearekin batera aurrera egin. Gure beharra ez da soilik erakundeen, bezeroen eta bazkideen etorkizuna bermatzea; epe luzerako alternatibak eta bide berriak ere aurkitu behar ditugu. Ildo horien artean, proiektu enpresarialarekin jarraitzea dago; hortaz, Crédit Agricole taldearekin aukera ezin hobea aurkitu dugu; biok kreditu kooperatibaren eredua dugu, eta gure oinarria nekazaritza-elikadura sektorea da.

Kutxaren egoera berriak oztoporen bat izan dezake; kasu honetan, zein izango litzateke bateratzearen desabantaila nagusiak? Eta bere abantailak?

Alde batetik, desabantailen artean autonomiaren zati bat lagatzea aipatuko nuke; dena den, oreka egongo da entitate bien artean, batez ere eginkizunen banaketari dagokionez. Horrek bideragarritasuna bermatuko du etorkizunean, likideziaren esparruan, esaterako.

Bestalde, abantailen kasuan, entitatearen emaitza handiagoa eta indartsuagoa izango da; bateratzearen ondorioz, EAEn bulego gehien izango dituen seigarren entitatea izango gara, eta, gainera, Crédite Agricole taldearen finkapena ere kontuan hartzekoa da.

Aurrezki kutxan izandako aldaketekin jarraituz, zein izango da hemendik aurrera Crédit Agricole taldearekin izango duzuen harremana? Erabakietan autonomia izaten jarraituko duzue?

Hitzarmenean adostu dugun bezala, entitate bakoitzak bere banku-negozioaren  %50 eskaintzen du. Alde batetik, Crédit Agricole taldeak, bermea eta estaldura eskaini ez ezik, funtzio banaketan ere parte hartuko du; bestalde, Ipar Kutxaren kasuan, gure taldeak eguneroko zuzendaritza eta kudeaketa lana gauzatuko du, murgilduta gauden proiektuekin jarraitzeko, baina, orain, beste taldearekin bateratuta.

Erabakiei dagokienez, argi dago autonomia izaten jarraituko dugula, bazkide bien akordioa beharrezkoa izan arren.

Horren harira, talde honetan integratuta zaudetela, BBVA edo Santander bankuekin lehiatu ahal izango zarete?

Bide bi daude; lehenengo eta behin, kontuan izan behar dugu Crédit Agricole nazioarte mailan lan egiten duen taldea dela, 70 herrialdetan baitago, eta bere tamaina BBVArena baino hiru aldiz handiagoa da; beraz, bermea ziurtatuta dago. Bigarrenik, nazioartean izango duen presentziak zerbitzu gehigarri batzuez hornituko ditu. Hortaz, bezeroak zainduago egongo dira, arreta handiagoarekin.

Bestalde, Ipar Kutxako langileen kasuan, zer eragin izango du bateratzeak? Murrizketaren bat izango da?

Murrizketen aldetik, baten bat egongo da; bi talde bildu ondoren, osagarriak izan arren, arlo batzuetan bat egiten dugu eta bikoizketa saihesteko egin behar dira. Bankoa eta Ipar Kutxa taldeen bulego sareak osagarriak direnez, ez da ezinbestekoa izango murrizketa ugari egitea.

Dena dela, bertan lan egiten duten beharginek ulertu egin dute eta aurre-akordioetara iritsi gara beraiekin, egingo diren prozedurak eztabaidatuta baitaude; kasu batzuetan, aurre-erretiroak ere hitzartu dira.

Zure aburuz, zeintzuk dira ateratzen dituzun ondorioak euskal kutxen (BBK, Kutxa eta Vital) arteko bateratze hotzari buruz?

Beti zintzilik dagoen fusioa dela esan genezake. Integrazio prozesua logikoa da, baina ez dakit erabilitako formula zuzena den edo ez; beraiek erabaki behar dute.

Gizartearen ikuspegitik, ezinbestekoa den zerbait bezala ikusten dugu bateratzea, tamainak, azken finean, eragina baitu, batez ere nazioarteko merkatuetara iristeko edota finantziazio iturriak dibertsifikatzeko. Hori guztia soilik lor dezakegu gutxiengo tamainarekin. Hala ere, uste dut oraindik hainbat hilabete iraungo duela tirabirak, behin betiko bateratzea gauzatu arte.


   
Itzuli
   
 
ADITUAREN IRITZIA
   

Alan Greenspan
AEBetako Erreserba Federaleko presidente ohia

Greziaren ordainketa-etendura


AEBetako ekonomia kolokan egon daiteke beste behin; hori adierazi du, behintzat, Alan Greenspanek, Erreserba Federaleko presidente ohiak. Greziaren egoera ezegonkorrak eragina izango du Europan, baina, era berean, AEBetara ere iritsi daiteke, ordainketa-etendura saihestea zaila izango baita herrialde europarrarentzat.

Beraz, ordainketa-etendurari dagokionez, Greziak aukera gutxi izango ditu kontu hori saihesteko; Greenspanen aburuz, ezinezkoa da Greziako sistema politikoak krisia era eraginkorrean gainditzea. Horren harira, adituak argi utzi du AEBetako egoera ona dela, eta Greziako ordainketa-etenduragatik izango ez balitz, oso zaila izango litzatekeela bere ekonomiak behera egitea.

Azkenean, Greziak Europako diru-laguntza jasoko du, baina Greenspan ez dago guztiz ados neurriekin; izan ere, nahiko ezkor agertu da emaitza berrien aurrean, eta Greziako egoerak AEBetan eragina izan dezakeela jakinarazi du.

 



 
 

 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK