IMundu osoari dagokionez, espainiar Estatua gastuen jaitsiera handiena nabarituko duten lurraldeen artean dago, baina kontuan izan behar dugu Espainiak garai honetan diru gehien gastatzen duen hirugarren herrialdea dela.
Europarren neurribidea
Europako herrialde edo lurraldeen kasuan, Erresuma Batuetan izango da kontsumoaren jaitsierarik nabariena, zehazki, 2008an baino 330 euro gutxiago gastatuko dira Gabon hauetan, hots, batez beste 600 euro. Bestalde, EBri dagokionez, batez besteko gastua 583 eurokoa izango da; horrek esan nahi du espainiarrek europarrek baino %26 gehiago gastatuko dutela aurtengo Eguberrietan.
Ikerketaren arabera, etxe bakoitzean bederatzi opari egingo dira, eta rankingean, oparien atzetik, hurrengo gastua janariarena da, %29,9ko kontsumoarekin; aitzitik, joan den urtean elikagaiak izan ziren produkturik kontsumituenak.
Beste alde batetik, arropa, liburuak eta bideo-jokoak Estatuko oparien zerrendaren buruan kokatzen diren produktuak dira. Laugarren postuan dirua jasotzea dago; gehienbat, erdi mailako klasearentzat oparirik gustukoena dela baieztatzen du egindako azterketak.
Beherapenak: saltzaile eta bezeroen itxaropena
Kontsumismoaren neurria kontrolatzea gero eta gehiago errepikatzen den eragiketa da; pasa den urteko Gabonetan, bezeroek kontrol hori martxan ipini zuten, eta 2009an, dirudienez, erregulazio berarekin jarraituko dute, edo horrela adierazten du, behintzat, Deloitteren ikerketak. Kontrol horren helburua erosketa masiboak saihestea da, eta, modu berean, soilik beharrezkoak eta erabilgarriak diren produktuak erosi edo oparitzea, erosketa konpultsiboak saihestuz.
Gaur egun, Estatuko biztanleriaren erdiak aurrekontu finko bat zehazten du Gabonetan gastatzeko; horretaz gainera, inkestatutako pertsonen %61ek erosketa hauek aurreratu edo atzeratuko dituzte, Eguberrietako kanpainarekin bat ez etortzeko eta beherapenetako prezio baxuak aprobetxatzeko.
Hain zuzen ere, beherapenak banatzaile edo saltzaileen azken aukera bihurtu daitezke, aurten izandako galerak edo irabazi urriak orekatzeko eta urtea arriskutik salbatzeko. Gainera, fabrikatzaileak berritzaileak izan behar dira merkatu-lehian sartzeko eta gainerako produktuetatik bereizteko; guztien xedea kontsumitzailea bereganatzea da, eta, horregatik, beharrezkoa da berritzaileak izatea eta bezeroen nahiak asetzea (produktu berri eta originalekin, esaterako).
Merkatarien goibeltasuna
Orain arte, Eguberrietako jaiegunek lotura izan dute gehiegizko kontsumoarekin, baina izandako krisi ekonomiko-finantzarioaren ondorioz, horrek guztiak aldaketa handia jasan du eta Eguberriak beste kontzeptu batzuekin lotzen dira, zuhurtasunarekin eta beldurrarekin, besteak beste. Argi dago joan den urtetik giroa aldatu egin dela; aurreko urteetan zegoen alaitasunak behera egin du eta goibeltasun edo tristura bihurtu da, batez ere merkatarien artean.
Saltzaile gehienak Gabon hauetan aurreko urteko emaitzak berdintzearekin konformatzen dira; aurreikuspen okerrenetan, aldiz, salmenten beherakada oso handia ez izateko ahalegin berezia egiten ari dira.
Ildo berari jarraituz, Gipuzkoako Elikagai-saltzaileen Elkarteko presidente Juan Karlos Lardizabalek, giroa deskribatzeko orduan, aurreko urteetan baino tristeagoa dela aitortu du. "Aurreko asteak goibelak izan dira; orokorrean, pixka bat gutxiago saltzen ibili dela esan du jendeak", adierazi du Lardizabalek. Merkatarien aburuz, nabaritzen dute salmentetan giro handiagoa dagoela Gabon egunaren bezperan.
Elikagaien prezioen igoera
Aurtengo azken hilabeteetan elikagaien prezioak hazi egin dira. Eguberriak hurbiltzen ari dira eta prezioek gora egiten dute; argi dago egoera aprobetxatzeko gertatu dela, garai honetan jendeak janari gehiago erosten baitu, eta, askotan, produktuen kostua ez da garrantzitsuena, baizik eta elikagaiak ahalik eta lasterren etxeko hozkailuan izatea.
Igoerarik handienak izan duten elikagaien artean olioa izan da gehien hazi dena, urte batetik besterako gorakada %4,08koa izan baita. Garestitu diren beste produktu batzuk esnea, arrautzak, oilaskoa eta ogia izan dira. Aldiz, pasa den urtean baino merkeago dauden produktuak egon badaude, patatak eta tomateak, hain zuzen ere.
Industria Ministerioaren Prezioen Behatokiaren arabera, banaketa marka edo talde gehienek %0,8ko igoera izan dute 2009ko laugarren hiruhilekoan. |