Azken eguneratzea: 2009ko abendua
ERREPORTAJEA
Aholkuak lan-elkarrizketak gainditu ahal izateko
Krisialdi ekonomiko-finantzario honek zenbait arazo eta ezuste ekarri ditu; horien artean, langabezia tasaren gorakada edo lantegi eta enpresa ugariren itxiera. Hori dela eta, gero eta biztanle gehiago ari dira lanik gabe geratzen, eta egoera horri aurre egiteko lanaren bilaketari eutsi behar diote.

Langabezian geratu den jende askorentzat oso zaila da hasieratik lana bilatzen hastea eta elkarrizketak berriro prestatzea; kontuan izan behar dugu, adibidez, haietariko askok 40 urtetik gora dituztela eta euren azken lan-elkarrizketa duela urte asko izan zela. Egoera horri ahalik eta hobekien aurre egiteko eta froga hori positiboki pasatzeko, gomendio edo aholku batzuk eskainiko dizkizuegu.

Lehenengo eta behin, kasu askotan gertatzen da norberaren curriculuma nahikoa ez dela edo hutsune asko dituela iruditzen zaigula, baina beldurrik gabe eta ziurtasunez egin behar zaio aurre elkarrizketari. Inork ez dio kalitatezko kargu bat eskainiko bere burua gai ikusten ez duen norbaiti.

Ahultasunak izatekotan edo aditzera ematekotan (informazio hori gordetzea edo ezagutzera ez ematea beti izango da positiboagoa), argi utzi behar da horretan hobetzeko gai izango zarela eta ahalegina egingo dela. Beste faktore garran-tzitsu bat da gainerakoetatik desberdintzea eta eskatzen dena baino gehiago eskaintzeko gai zarela adieraztea. Hala eta guztiz ere, kontu handia izan behar da eta ezin da umiltasuna galdu, harropuzkeriak alde batera utziz.

Janzkera eta jarrera

Kontuan hartzeko beste kontu garrantzitsu bat lehenengo inpresioa da; momentu horrek elkarrizketa osoa markatuko du eta eragina izango du. Orokorrean, presentzia formala izatea izan daiteke gomendagarriena, baina, aldi berean, jarrera zuhurra edo diskretua mantendu behar da.

Janzkerari dagokionez, karguaren araberakoa izango da; bezeroekin aurrez aurre lan egitea edo bulego batean ordenagailuaren aurrean jardutea ez da gauza bera, eta jantzia edo arropa lanpostu batetik bestera desberdina izaten da kasu askotan. Kasu hauetan, garrantzitsuena ez mozorratzea da; beraz, helburua naturala izatea eta jantzitakoarekin eroso sentitzea da.

Jarreraren inguruan, oso inportantea da motibatuta agertzea eta interesa izatea; ez da monologo bat izan behar, noizbehinka hitz egitea edo zure iritzia islatzea ondo egon daiteke, gehiegizkoa izan gabe. Betiere, arreta mantendu behar da eta elkarrizketatzaileak esaten duen guztiari erantzun behar zaio. Azkenik, aurretik izandako lanpostuetako esperientzia deskribatzerakoan, alderdirik positiboenak azpimarratu behar dira, gainerako enpresak gutxietsi gabe.

   
Lan-elkarrizketaren aurretiko aholkuak

- Zure burua ezagutu. Aztertu zure esperientzia eta ikasketak, atera zure heziketaren inguruko ondorioak eta aurreko lanetan ikasitako guztia gogoratu. Ahulguneak defendatzeko argudioak ere prestatu behar dituzu. Hiru faktore edo gako izan behar dituzu kontuan: ezaugarriak eta abantailak; eskaini ditzakezun ekarpenak, eta gainerakoetatik desberdintzea.

- Enpresaren informazioa eskuratu. Aurreko egunetan, Internet edo bestelako hedabideen bitartez enpresaren historia, helburuak edo egiten dituen ekintzen inguruan informazioa lortu, enpresa ahalik eta ondoen ezagutzeko.

- Irudia. Eroso sentitu behar zara, janzkera semi-formalarekin; betiere, enpresaren filosofiarekin bat egiten duen arropa.

- Puntualtasuna. Lan-elkarrizketa batera berandu iristea oso txarto ikusita dago; horregatik, puntualtasuna oso garrantzitsua da. Batzuetan, era berean, positiboa izan daiteke 10 minutu lehenago izatea enpresan.

- Laguntasunik gabe. Gomendagarria izan daiteke bakarrik agertzea, hau da, senide edo lagunik gabe, bestela, urduritasuna isla dezakezu.

- Maniak saihestu. Esaterako, ez erabili ez txiklerik edo zigarrorik, ez elkarrizketa unean ezta elkarrizketa aurretik ere; debekatua egon daiteke eta itxura txarra eman.

 

   
Gehien errepikatzen diren 10 galderak

Elkarrizketa mota hauetan, badaude behin eta berriro errepikatzen diren galderak. Hala ere, batzuetan galdera horiek ez dira formulatzen edo beste modu batean egiten dira; horregatik, ez da komenigarria erantzunak etxean ikastea, baizik eta aztertzea eta esango dena jakitea; horrela, elkarrizketaren momentuan urduritasuna moteldu egin daiteke eta norbanakoaren irudia ere hobetu egin daiteke. Hauek izan daitezke galderarik ohikoenak:

1- Nolakoa da zure izaera?

2- Zergatik aldatu nahi duzu lanpostua?

3- Zergatik lan egin nahi duzu gurekin?

4- Beste aukeraketa-prozesu batzuetan parte hartzen ari zara?

5- Gustuko duzu talde-lana?

6- Lanposturen batetik bota egin zaituzte?

7- Kontaidazu aurreko lanetan izandako arazoren bat...

8- Zeintzuk dira zure ahultasunak?

9- Zeintzuk dira zure aurreikuspen ekonomikoak?

10- Ezkonduta al zaude? / Etorkizunean, umerik izan nahi duzu?

 
 
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK