Azken eguneratzea: 2009ko Apirila
ERREPORTAJEA
Langabezia tasa %20ra iritsi daiteke datorren urtean
Euskadiko langabezia tasak, aurreko hilabetearekin alderatuz, %5,05 egin zuen gora joan den otsailean. Horrek esan nahi du 115.653 langabe daudela EAEn; beraz, azken urte honetan
32.334 pertsona gehitu dira zerrenda beltz horretara.

Krisi garaian sektore guztiek jasaten dituzte kalteak, baina, agian, beharginek gehiago nabaritzen dute. Azken urte honetan hainbat pertsona geratu dira lanposturik gabe, eta beste hainbatek ez du lanik aurkitu.

Euskadiri dagokionez, langabezia gehiago nabarmendu da Bizkaian, bertan langabezia tasak %5,30 egin baitu gora. Atzetik Araba dago (%4,77) eta oso gertu Gipuzkoa (%4,73). 2008ko otsailarekin alderatuz, %38,81eko hazkundea izan da.

Aldiz, adinari dagokionez, langabe gehienek 25 urtetik behera dituzte (zehazki, 11.614 pertsonak). Beraz, ikasketak bukatzen dituzten gazteek, egun inoiz baino gehiago, arazo larriak dituzte lana aurkitzeko orduan. Gazteen artean, 7.164 mutil langabe dira, eta 4.450 neska.

Langabezia

Sektoreka, langabezia batez ere zerbitzuetan, industrian eta eraikuntzan (ordena horretan) hazi da. Nekazariek gutxiago nabari dute.

Estatu mailan

BBVA bankuak egindako ikerketaren arabera, %20ko langabezia tasa aurreikusten da 2010. urterako. BBVAren azterketaren arabera, aurten ekonomia %2,8 jaitsiko da petrolioaren beherakadagatik, beste gauza batzuen artean. 2009rako, %17,7ko langabezia tasa iragartzen dute, hurrengo urtean baino bi puntu gutxiago.

Otsailean, duela bi hilabete eskas, 3,5 milioi langabe zenbatu zituzten, baina 2010. urtean 4,5 milioi izango direla aurreikusten dute BBVAkoek. Hala ere, Espainiako Gobernuaren iragarpenak baino okerragoak dira; Zapateroren ustez, datorren urtean langabezia tasa ez da %17ra iritsiko.

Bankuak egindako azterketak dio munduko ekonomiaren jaitsiera eta etxebizitza sektorea direla egoera honen errudun nagusiak. BBVAren ustez, ekonomiak pixkanaka egingo dio aurre egoera horri.

EAEko langabezia handituz doa

CCOOk berretsi du Euskadi atzeraldian sartuko dela urtea bukatu aurretik. Nahiz eta atzeraldi hori Estatukoa baino txikiagoa izan, egon egongo dela azpimarratu du Unai Sordok, CCOOko Euskadiko idazkari orokorrak. Sordok dioenez, "Espainiako ekonomia ondo doanean, EAEkoa hobeto doa, baina txarto doanean, euskal ekonomiaren ondorioak larriagoak izaten dira".

Sindikatuak ziurtatzen du langabeziaren inguruan dituen datuak ez direla batere onak, eta argi utzi du gaur egungo krisiak ez daukala zerikusirik lan merkatuarekin. Euskadiko CCOOk iragarri du hemendik aurrera mobilizazioak eta lurraldeko biltzarrak egingo dituztela langileei krisiaren berri emateko. Horrez gain, ekainerako kontzentrazio handi bat prestatu nahi dute.

 
"Bizkaia ez da probintziarik kaltetuena"

Pedro Luis Rio Oyarbide Bizkaiko INEMeko zuzendari probintzialak bere ikuspegi pertsonala eman du. Euskadin, industriaren sektorea kaltetuena dela baieztatu du Oyarbidek; "hiri industrialak dira, dena den; Bizkaiak sektore industrial handiagoa du, Gipuzkoak, aldiz, txikiagoa; baina askotan enpresa txikiek handiek baino hobeto egiten dute aurrera" dio.

Horren ondorioz, zehazki, Bizkaiko krisiaren inguruan hitz egin du; zuzendari probintzialak ez du uste Bizkaia Euskadiko probintziarik ukituena denik, "datuak eta emaitzak neurtzen diren momentuaren arabera lurralde bat edo bestea izan daiteke ahulena. Langabeziari dagokionez, urte bateko balantzea egin beharko banu, Araba probintziarik zigortuena dela esango nuke". Gerora, Bizkaia eta Gipuzkoa kokatuko lirateke, baina desberdintasun handiarekin lehenengoarekiko, Oyarbideren aburuz.

"Estatuko langabezia tasaren parera iritsiko gara"

Euskal Herriko egoera Estatukoarekin alderatuz gero, INEMeko zuzendari probintziala oso kezkatuta dago, narriadura gero eta azkarrago doalako; "orain arte, krisiaren ondorioak gehienbat eraikuntzaren sektoreak pairatu ditu, baina Euskadin, lehen esan dudan legez, industriaren sektorea indartsuena da; beraz, denbora pasa ahala, gure lurraldeko langabezia mailak gora egingo du, Estatuko langabezia tasaren parera iritsi arte", dio Oyarbidek.

Bestalde, "gizon baino emakume gehiago daude langabezian. Aktibitate-tasa hazi egiten den neurrian, aurreikuspenak handiagoak dira; beraz, emakumeek erraztasun gehiago dituzte lan-merkatuan sartzeko", argitu du Oyarbidek.

Etorkizunari dagokionez, langabezia prestazioak bermatuta daudela ziurtatzen du zuzendari probintzialak, eta, era berean, INEMeko ikastaroen inguruko informazioa eta kurtsoen zerrenda Interneten eskuragarri egongo direla baieztatu du.

Pedro Luis Rio
 
BESTE ERREPORTAJEAK



Euskal enpresen nazioartekotzea

Ikerkuntza Unibertsitatean: euskal enpresa pribatuen mesederako

PMPR Ziurtagiria: zuzendaria izateko titulua

Garapen Iraunkorra ETEetan

Elay Taldea: saritua izan den euskararekiko ardura

Krisi-kabinetea: enpresa zenbaki gorritan dagoenean

BIKAIN Ziurtagiria: euskararen bermea enpresetan




 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK