Adecco enpresako hautaketa arduradun Cesar Ruizek dio une honetan mota guztietako profesionalak edo langileak daudela lanik gabe eta ABLEetara jotzen dutela lan bila. "Denetarik aurkitzen dugu hemen, peoietatik arkitektoetara, baina adinari dagokionez, gorakada handiena 45 eta 50 urte arteko pertsonetan gertatu da azkenaldi honetan", zehaztu du Ruizek. Hain zuzen ere, azken urte honetan 45 eta 50 urte arteko pertsonek gero eta gehiago ematen dute izena mota honetako enpresetan; hori dela eta, ia %50eko igoera izan du. Deigarriak diren beste datu batzuk honakoak dira, besteak beste: Adeccoko arduradunak esan du adin tarte horretako pertsona gehienek oinarrizko ikasketak dituztela, eta "hori zailtasun garrantzitsua izan daiteke lana aurkitzeko orduan"; gainera, horietako asko "eraikuntza sektoretik datoz edo lantegiek abiarazitako erregulazio espedienteak direla-eta lanposturik gabe geratu dira".
45 urte dituzten emakume asko, Adeccoko datuen arabera, une honetan lana bilatzen ari dira euren senarrak langabezian geratu direlako eta diru-sarrera gehiago behar dituztelako; "hala ere, gizonezkoak dira oraindik ere lana bilatzen duten gehienak", adierazi du Cesar Ruizek.
Kualifikazioaren beharra
Langabeziaren ondorioak jasan zituzten lehenengo beharginak eraikuntza sektorean lan egiten zutenak izan ziren, baina haien atzetik gainerako eremu edo arloak joan ziren erortzen. 50 urtetik gora dituzten langabeek lehia izugarria aurkitu dute lan-merkatuan, eta, dirudienez, oso zaila da gazteen prestakuntza, ikasketak edo kualifikazioa hobetzea. Halaber, argi dago langabe nagusi horiek ere kualifikazio izugarria izan dutela euren bizitzan, hainbat urte lan egiten igaro ostean, baina, kasu askotan, gaur egun eskatzen den kualifikazioa beste mota batekoa izaten da.
Dena den, Ruizen ustez, "talde honetakoentzat, lana aurkitzea zaila izaten da, baina arazoa ez da adina, enpresak ahalmen fisiko nahikoa duen edozein pertsonarekin konformatzen baitira, adina bigarren planoan utziz. Beraientzat, berriz, arazorik larriena gehienek oinarrizko ikasketak soilik dituztela da". Bestalde, Adeccoko arduradunak esan duen bezala, une honetan langile bat kontratatzerakoan garrantzi handiena duten faktoreak malgutasuna eta lanpostura egokitzeko aukerak dira edota baita mugikortasun geografikoa ere.
"Nahiz eta kasu askotan enplegurik gabe geratu diren nagusiek titulaziorik ez izan, bizitzan zehar bereganatutako lan-esperientziari esker maila esanguratsu eta ona izatea lortu dute", azpimarratu du Ruizek.
Lanpostu gutxi, langile ugari
Gaur egun instituzio publikoek eskaintzen dituzten laguntza eta prestazioei esker, langile edo ez-langile askok ez dute lan egiteko beharrik, agian laguntza horiekin nahikoa dutelako bizitzeko. Hau da, prestazio hauek jasotzen dituzten langabeek askotan nahiago dute itxarotea edo haiekin bat egiten duen lanposturen bat azaltzen bada, ez onartu. Baina logikoa denez, laguntza ekonomikorik ez duen pertsonak nahiago du edozein lan onartzea dirua lortzeko.
Hasiera batean, jendeak pentsatzen zuen ABLEen helburua gazteei lana ematea zela, haien lehenengo lan-esperientzia sortuz, baina gaur egun kontzeptu hori guztiz aldatu da; krisialdiarekin, beste era batera ikusten dira enpresa mota hauek. "Apuntatuta dagoen jendearen profilak guztiz desberdinak dira", ziurtatu du Cesar Ruizek. Horrez gain, momentu honetan, enpleguaren eskaria eskaintza baino handiagoa da, aldi baterako lanerako enpresen eskaintza pixka bat aldatu da eta beste ezaugarri batzuetan zentratu dira. Adibidez, bertan apuntatuta dauden langabeak bideratu, gidatu eta aholkatzea da euren zeregina. |