Plangintza osoa gauzatuko duen arkitektoa Zaha Hadid irakiarra izango da. Alabaina, Hadid ez da soilik Zorrotzaurre eta Olabeagako Master Planaren arkitektoa izango, izan ere, BBKren egoitza berriaren diseinatzailea ere izango da eta bere esku egongo da eraikin berri hori modernoa eta erakargarria izatea.
Bankuaren etorkizuneko egoitza irlaren erdigunea izango da eta 20 solairu izango ditu; bere 25.000 metro koadroetan zenbait bulego irekiko dira. Dena dela, Zaha Hadidek oraindik ez ditu bere proiektuaren oinarriak zehaztu, baina aurrekontua 120 milioi euro ingurukoa izango dela jakinarazi du.
Emaitza ikusteko "20 urte inguru itxaron beharko dugu", adierazi du arkitektoak. Beraz, oraindik goiz da gaur egun den zonalde industriala bizitzaz beteta egongo den etorkizuneko auzo bihurtuta ikusteko.
Zaha Hadid arkitektoaren aurretiko zirriborroak erakusten du Zorrotzaurre berria hiru zonaldetan banatuta egongo dela, hiru hauek, hain zuzen ere:
1- Etxebizitzak eta zerbitzuak. Auzoaren egoitzarako zonaldea izango da, eta zenbait denda edo jatetxe eraikiko dira bertan. Guztira, mota guztietako 5.000 etxebizitza eraikiko dira, erdia Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE).
2- Parkeak eta azpiegitura kulturalak. Funtzionamenduan dauden lantegiak lekuz aldatuko dira, eta, bertan, eraikin berriak egituratu ditu Hadiden taldeak, esaterako, Modaren Unibertsitatea edo Artearen eta Musikaren akademia.
3- Lan-zonaldea. Bertan, bulegoak, enpresak eta etxe batzuk ere eraikiko dira. Eremu honetako eraikinak gainerakoak baino altuagoak izango dira.
Zorrotzaurre berriaren beste datu batzuk ere eskaini dizkigute arduradunek:
o Azken finean, Zorrotzaurre irla bat izango da eta Bilbora lotuta egongo da zortzi zubiri esker.
o Proiektuaren arkitekto arduradunek itsasadarraren ertzak handitzea erabaki dute, uholdeak saihesteko xedearekin.
o Bilboko tranbia ere irlara iritsiko da, Euskalduna zubian egingo den hegal bati esker. Aldiz, Zorrotza auzoak irlarekin izango duen lotura zubi altxagarri bati esker gauzatuko da, itsasadarrak nabigagarritasuna mantentzeko.
|