Azken eguneratzea: 2009ko Maiatza
ERREPORTAJEA
Noiz iritsiko da krisiaren amaiera?
Krisi ekonomikoaren inguruan hainbat iritzi edo ikuspuntu desberdin egon dira hilabete
hauetan zehar. Aditu, ekonomialari, politikari, irakasle eta abarrek eman dituzte
beraien iritziak; batzuk beste batzuk baino baikorragoak izan dira, baina guztiek
bat egiten dute ideia batean: egungo egoera ez da batere ona.

Krisiaren iraupenak ez du data finkorik; egiten diren aurreikuspen guztiak aieruak dira soilik, eta, batez ere, nazioarteko ekonomiaren bilakaeraren arabera, amaiera hori arinago edo beranduago iritsiko da. Dena den, Gobernuen neurriak oso erabakigarriak dira, eta, aldi berean, baita gobernari edo politikarien arteko harremanak ere. Esaterako, José Luis Rodríguez Zapaterok dio ausartegia izango litzatekeela egoera honen bukaera noiz ailegatuko den esatea edo aurreikustea; "oraindik ez gara muturrera heldu, baina, seguruenik, hartutako neurriak urtearen amaieran hasiko dira emaitzak ematen". Zapateroren aburuz, egoera hau berria da, eta ez da erraza iraganean analogiak aurkitzea. Espainiako presidentea baikorra da, "2009ko bigarren seihilekoan jarduera ekonomikoa aurreko urtekoa baino handiago izango da", dio Zapaterok.

calendario

Ekonomia eta Ogasuneko ministro Pedro Solbesek ez du hain argi ikusten bigarren seihilekoan errekuperazio ekonomikoa lortzea; "hilabete gutxian egoera asko alda daiteke, ezin dugu aurreikuspen ziurrik agin", aitortu du ministroak. Aldi berean, Solbesek Barne Produktu Gordinaren (BPG) beherakada mantendu egingo dela dio, %1,6ko jaitsiera izango baita, gutxi gorabehera.

Erakunde Enpresarialen Espainiako Konfederaziokoek (EEEK), aldiz, jarrera ezkorragoa erakusten dute. Horien ustez, 2009an ekonomia ez da hobetuko, eta 2010. urteari dagokionez, "goiz da jakiteko zer pasatuko den urte batean, baina gauzak horrela jarraituz gero, aurrerapausoak ez dira oso handiak izango", diote. Konfederazioaren proposamenak, besteak beste, hurrengo hauek dira: esportazioari laguntza handiagoak ematea, iraizpenak merkatu, eta produkzioan dauden hobespenak soldaten igoerarekin lotzea.

Itunen beharra

Manuel Sanchís i Marcok, Valentziako Unibertsitateko Ekonomia irakasleak, 9 urte edo gehiagoko iraupena iragartzen du, neurri gogorrak hartzen ez badira. Espainiako Estatuaren egoera hobetzeko hitzarmenak behar direla ziurtatu du Sanchísek, zehazki, Moncloako itunak. "Alderdi politikoek neurri fiskalak adostu behar dituzte eta doiketaren kostu politikoak bereganatu. Era berean, ondo legoke giza solaskideek soldatak, produktibitatea eta beste gai batzuk adostea", gomendatu du irakasleak.

Sanchísen ustetan, aipatutako hitzarmenak egin ezean, krisia 2017. urtera arte luza daiteke gutxienez; "itun bat jarraitu gabe ezinezkoa izango litzateke krisi honetatik ateratzea; egoera honek 9 urte gehiago iraun dezake", aurreikusten du ekonomialariak. Iragarpen nahiko ezkorra egiten du irakasleak, estrategia edo hitzarmen bat ez izatekotan. Horrez gain, Manuel Sanchísek egungo ekonomia egoeraren gaineko erreferentzia bat egiten du, 1986-1992 urteetakoarekin alderatuz, Espainia Europar Batasunean sartu zenean.

Bestalde, Francisco González BBVAko presidenteak larritasun nazionalaren egoera azalarazi du. Halaber, bere ustez, egin behar den lana ezinezkoa da alderdi politiko edo Gobernu bakar batek aurrera eramatea; "inoiz baino gehiago elkartuta egon behar dira eta desberdintasun ideologiko guztiak alde batera utzi behar dituzte krisiari behar den moduan aurre egiteko", dio Gonzálezek. Beraz, Sanch’sek dioen bezala, BBVAko
presidenteak pentsatzen du alderdi edo herrialdeen arteko itunak izango liratekeela irtenbiderik argienak.
Gonzálezek ez du uste euro zonaldeko herrialdeak 2010ean baino lehenago suspertuko direnik. "Ekonomiak atzeraldi izugarria jasan du azken hilabete hauetan; egoera berean jarraitzekotan, zenbait entitatek kaudimen arazo larriak pairatuko dituzte", gaineratu zuen BBVAko presidenteak.

Atzeraldi ekonomiko larria

Aditu gehienak ados daude iritzi batean: "Espainiako ekonomia atzeraldi prozesuan sartzen ari da"; hori da, esaterako, Antón Costasen ustea, beste ekonomialari batzuek ere pentsatzen dutena. Costasek (Politika Ekonomikoan katedraduna Bartzelonako Unibertsitatean) krisiaren hasieran gaudela dio, eta egoera oraindik gehiago larrituko dela ziurtatu zuen joan den hilabetean, esanez: "geldialdi ekonomikoa luzea eta mingarria izango da; gainera, langabeziak gora egingo du hurrengo hilabeteetan".

Katedradunak esan duenez, iraganeko krisien iraupenaren batez bestekoa sei hiruhilabetekoa izan da; "kasu honetan, seguruenik gehiago luzatuko da, baina ez naiz beste batzuk bezain ausarta, nahiago dut data finkorik ez eman", azaldu du Costasek. Ausarta hitzarekin Europako Batzordeari (EB) egiten dio erreferentzia; katedradunaren ustez, ekonomiari buruzko aurreikuspen bat egiterakoan, ez da komenigarria datak eta zifrak ematea, hobe da bata ala bestea soilik igortzea. EBkoek krisi finantzarioak sei hiruhileko iraungo duela diote; lehenengo bi hiruhilekoak atzeraldi nabari batean murgilduta, eta hurrengo laurak geldialdi ekonomikoan. Era berean, ausartak izan ziren eta data finko bat eman zuten, susperraldia 2010ean ailegatuko dela ziurtatuz.

BPGren hazkundearen amaiera

Beste katedradun baten iritzi edo ikuspuntua aztertzea interesgarria izango litzateke; kasu honetan, Manuel Lagaresek, Madrilgo Alcalá Unibertsitateko Ogasun Publikoko katedradunak, ez du uste 2011. urtera arte munduko ekonomia lasaituko denik. "Halere, BPGren hazkundea ez da orain arte izan den bezalakoa izango, hau da, egun dauden akats edo hutsuneak ez dira zuzentzen ari, eta, beraz, etorkizunean arazo larriak pairatuko ditugu", aurreikusten du madrildarrak.

Langabeziari dagokionez, Lagaresek 2010ean oraindik arazoak egongo direla iragartzen du, eta horrek berankortasun tasaren hazkundea ekarriko duela dio. "Gainera, kontsumo pribatuaren normalkuntza ez da urte honetan ailegatuko, ezta, agian, 2010ean ere; langabezia tasak gora egiten jarraituz gero, familien zorrak hazi egingo dira. Horregatik, esango nuke 2011n, enplegua egonkortu eta familiek zor gutxiago dutenean, orduan hartuko duela kontsumo pribatuak indar handiagoa, nahiz eta langabezia tasa oraindik altua izan", iragarri du Lagaresek.

Madrilgo katedradunaren iritziz, 2012. urtea aldaketaren aldia izan daiteke; hauteskundeak ez ezik, krisi ekonomikoaren amaiera ere iritsi daiteke, eta, aldi berean, familien egoeraren hobekuntza.

Lagares
 

"15 urteko krisia izango da"

Alan Freemanek, nazioarteko finantzetan aditua den 63 urteko britainiarrak, jarrera guztiz ezkorra du krisiaren aurrean; bere ustez, mandatari eta gobernariak hartzen ari diren erabakiak ez dira batere zuzenak. Lehen Munduko Ekonomiak orain arte izan duen lidergo kapitalista amaitu egin dela ziurtatzen du Freemanek. Ekonomia marxistaren jarraitzailea den gizon honek.

AEBetan krisiak 15 urte iraungo duela aurreikusten du; horren arrazoi nagusia dolarraren debaluazioa izango dela dio britainiarrak.

Freeman
"Egoera zaila mundu osorako, batez ere Espainiarentzat"
Krungman

Zapaterok hartutako erabakiak eta egiten duen politikak kritika ugari jaso dituzte, haien artean Paul Krugmanena, 2008ko I. Ekonomia Nobelarena. Krugmanen aurreikuspenak nahiko negatiboak dira; "mundu mailan egoera beldurgarria izango da, baina Espainiako Estatuan gauzak ez dira batere errazak izango. Ezinbestekoa da politika gogor bat izatea, ohiko edo betiko irtenbideek ez dute balio krisi honetatik ateratzeko", esan du Nobelak. Bere ustez, irtenbide desberdinak behar ditugu, eta politikariak horretaz jabetu behar dira

Espainiaren adibidea darabil behin eta berriro, krisiaren inguruan hitz egiteko; "egoera hau oso zaila da mundu osorako, baina batez ere Espainiarentzat, eta etorkizun gertu batean, oraindik txarragoa izan daiteke", ziurtatu du Krugmanek. Iparramerikarrak iraganean hainbat krisi egon direla gogorarazi du, baina egungoa bezalakoa historian zehar bat ere egon ez dela onartu du. Interes tipoak gehiago jais-tea ia ezinezkoa dela esan du Nobel-saridunak, eta jarrera ezkorragoa erakutsi du Obamaren planari buruz hitz egiterakoan: "nahiz eta presidente berriaren estrategia arrakastatsua izan, ez da nahikoa izango eta langabezia tasa gehiago haziko da".

Krugmanek Alemania eta Frantzia kokatzen ditu alde positiboan, baina, batez ere, lehenengoak krisi garaian erakutsi duen indarra azpimarratu du iparra-merikarrak.

BESTE ERREPORTAJEAK



Euskal enpresen nazioartekotzea

Ikerkuntza Unibertsitatean: euskal enpresa pribatuen mesederako

PMPR Ziurtagiria: zuzendaria izateko titulua

Garapen Iraunkorra ETEetan

Elay Taldea: saritua izan den euskararekiko ardura

Krisi-kabinetea: enpresa zenbaki gorritan dagoenean

BIKAIN Ziurtagiria: euskararen bermea enpresetan




 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK