Azken eguneratzea: 2009ko Maiatza
ERREPORTAJEA
Banku eta kutxen estrategia berriak bazkide
eta nominak erakartzeko
Egun inoiz baino gehiago, bankuen xedea bezeroak erakartzea da. Hartzaile horiek mantentzeko, eta batez ere soldata finkoa duten bezeroen leialtasuna ez galtzeko, banku eta kutxa gehienek opariak erabiltzen dituzte jendearen arreta deitzeko eta bazkide gehiago lortzeko.
Dena den, emari guztiak ez dira fidagarriak, ezta errentagarriak ere, bezeroentzat.

Krisia dela eta, banku eta kutxak arin ibili dira, eta bazar baten antza hartzen ari dira. Gero eta opari edo promozio gehiago egiten dituzte, dirudienez, ahalik eta bezero gehien erakartzeko. Dena dela, adituek dioten bezala, egoera aztertuz gero, ikus dezakegu opari horiekin garaile ateratzen diren bakarrak bankuak direla.

Juan Torres Lópezek, Málagako Unibertsitateko Ekonomia katedradunak, hauxe dio: "banku eta kutxak inbertsio arriskutsuetan murgildu dira, eta orain balio ugari galdu dute. Askok likidezia-krisi galanta dute, eta entitate batzuk kaudimen-gabeziatik ere oso gertu daude, beste herrialde batzuetan gertatu den bezala". Bestalde, López ez dago ados bankuek egiten dituzten opariekin; "kasu askotan, promozio horiek aitzakiak dira bezeroei interes handiagoak kobratzeko; bankuek beti irabazten dute", dio katedradunak.

Krisiarekin batera, UTB (Urteko Tasa Baliokidea) ere murriztu egin da; %6ko UTB urte baterako nagusi zen garaia historiara pasa da, eta gaur egun ezartzen den batez besteko tasa %2koa da, zalantzarik gabe askoz etsigarriagoa bezeroentzat. Honez gero, banku eta kutxek nahiago dute interes horiek oparien bidez ordaintzea; produktu edo formula horrek betidanik emaitza onak eman izan dizkie bankuei.

Oparia

Dena den, José Manuel Pedregalek, Activobankeko negozio zuzendariak, ez du uste oparien ideia txarra denik bezeroentzat, "urte batean 15.000 euro inbertitzen dituen bezero batek nahiago izango du Wii kontsola dohainik izatea, %2ko errentagarritasuna baino", komentatu du Pedregalek.

Banku eta kutxen eskaintzak

Egungo egoeraren ondorioz, entitateek emari deigarri eta harrigarriak eskaintzen dituzte. Betiko kafe-makina, ontziteria, kontsola edo argazki-kamerak ez ezik, beste opari mota batzuk ere eskaintzen dizkigute, banku edo kutxaren arabera. Esaterako, La Caixan biberoiak berotzeko gailua oparitzen dute; edo Caixa Catalunyan kazetari bat bezeroaren esanetara ipintzen dute bere bizitza kontatzeko, Déposito Memorias deritzon promozioan izena emateagatik. Beste eskaintza harrigarri bat izan daiteke Caja Es-pa–an egiten dutena, kasu honetan erretiratuei zuzenduta dagoena, 18 hilabeteko epean 12.000 euro kutxan sartzeagatik eta pentsioa epe horretan ere bertan helbideratzeagatik, bi pertsonarentzako bidaia oparitzen dute Benidormera, lau izarreko hotel batean ostatu eta gosariarekin, eta gastuetarako 200 euro.

Baina bezeroek euren buruari egin behar dieten galdera da: "pena merezi du benetan?". Galdera horri erantzuteko, beharrezkoa da jakitea zein den opari horrek daukan UTB, produktua kontratatu aurretik. Adibidez, BBK-k Depósito Sonríe promozioan %1,01eko interesa eskaintzen zuen, eta Sanyo argazki-kamera bat oparitzen zuen. Emaria lortzeko, aurreztaileak 11.800 euro sartu beharko ditu entitatean 12 hileko epean. Kasu honetan, kamera digitala errentagarria aterako zaigu, %1,01 UTBko interesarekin 119,18 euro irabaziko genituzke, eta kamera horrek merkatuan 180 euroko balioa du.

Dirua diruaren truke

Banestok abian jarritako ekimena (Rafa Nadal kirolariaren irudiarekin) berritzaileena da, edo, gutxienez, Estatu mailan inoiz egin ez den promozioa da. Banku honetako eskaintza bezeroei dirua oparitzean datza, baina soldata edo nomina bertan sartzearen truke. Bezeroaren soldata 1.000 eurotik gorakoa izanez gero, entitate honek 500 euro sartuko ditu ordain-aurreko txartel batean; aldiz, nomina 2.500 eurotik gorakoa izatekotan, 1.000 euro sartuko dituzte. "Bankuetarako nomina beti da produktu izarra, eta gaur egun arrazoi gehiagorekin", aitortu du Banestoko presidente Ana Patricia Botínek.

Alabaina, ekimen honetan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da hiru ordainagiri helbideratzea. Kanpaina honetan, bankuak 100 eta 150 milioi euro artean banatzea aurreikusten du; horrekin batera, 200.000 nomina berri erakarriko dituzte, eta bezeroen kopurua %48 igoko da, iragarpenak betetzekotan.

Banesto

Nomina txikiak, saririk ez

Entitate finantzario gehienek gutxiengo bat eskatzen dute nomina edo pentsioa helbideratzerako orduan; gutxiengo hori pasatzen ez badute, sari edo oparirik gabe geratzen dira. Adibidez, Caixa Galician, soilik 600 euroko soldatarekin konformatzen dira, oparia emateko edo promozioan parte hartu ahal izateko. Hala ere, Bankiterren kasua zorrotzena da, izan ere, 1.500 euroko soldata minimoa eskatzen dute hilero, oparia eraman ahal izateko.
Banku eta kutxek, orokorrean, kontratu bat sinatzera derrigortzen dituzte erabiltzaileak, horrela iraunkortasuna bermatuko baitute. Kontratu horien iraupena 12 hilabetetik 40ra bitartekoa izaten da.

Oparia jasotzeko prozedurari dagokionez, sarritan bezeroak izaten dira igorpen gastuak beren gain hartu behar dituztenak, batez ere, emaria etxera bidaltzen duten kasuetan.

 
BESTE ERREPORTAJEAK



Euskal enpresen nazioartekotzea

Ikerkuntza Unibertsitatean: euskal enpresa pribatuen mesederako

PMPR Ziurtagiria: zuzendaria izateko titulua

Garapen Iraunkorra ETEetan

Elay Taldea: saritua izan den euskararekiko ardura

Krisi-kabinetea: enpresa zenbaki gorritan dagoenean

BIKAIN Ziurtagiria: euskararen bermea enpresetan




 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK