Merkatarien alor ekonomikoak Getxoko ekonomiaren %19 suposatzen du. Uribe Kostako inguru honek 1.300 saltoki baino gehiago ditu egun. Industria eza nagusi izanda, komertzioak zutabe ekonomiko garrantzitsua dira. Garrantzi hori berrindartzen dabil ostalaritza, zerbitzuak eta merkatariak barne hartzen dituen elkarte nagusiena, Getxo Enpresa eta Merkataritza (GEYC), hain zuzen ere. Komertzio getxotarrak Bizkaiko merkataritzaren nortasunaren antza du, "ez idatzizko hitzarmenaren" jai-egunetan ez irekitzeari dagokionez, behintzat. "Bizkaiko beste inguruetan ematen den joera bera dugu Getxon", azaldu du Getxo Enpresa eta Merkataritza elkarteko zuzendari kudeatzailea den Nuria Ruiz de Hillak, "orokorrean, ez irekitzearena, alegia". Betidanik jarraitutako joera hau eustera datoz euskal Administrazio Publikoek eta zenbait erakundek kaleratutako txostenak. "Kontsumitzaileen ohiturei buruz Eusko Ganberak eta Eusko Jaurlaritzak plazaratutako txostena joera hori indartzera dator", argitu du Nuria Ruiz de Hillak, hau da, "bezeroek euren beharrak sobera aseta dituzte egungo ordutegi komertzialarekin".
Irekierak, krisiak bultzatuta
Krisiak bultzatuta, komertzio askok euren ateak ireki dituzte urteko data zehatzetako bezperetan, aurreko hilabeteetan izan ez dituzten zenbait salmenta berreskuratzeko asmoz. "Ireki duten komertzioek egungo egoera ekonomikoak bultzatuta egin dutela esango nuke", onartu du Nuriak. Krisi garaian "bezeroak erakartzeko erraztasun handienak" eskaintzearen alde agertzen da elkarte getxotarraren kudeatzailea. Hala ere, egungo baldintzetan ordu gehiago irekitzearen kontraesana plazaratu du, "egungo ordutegiarekin bezeroek orain arte primeran kontsumitzen bazuten eta beraien beharrak asetzen bazituzten, ez dut beharrezkoa ikusten ordutegia luzatzea", azaldu du Nuriak, "krisi garaian kontsumoa moteldu egiten delako eta salmentek behera egiten dutelako". Irekieraren aukera bideragarriagoa ikusten du Nuriak oparoaldi garaietan, "gastuaren eskari handiagoa izanik, errazago uler zitekeen komertzioen ordutegiaren luzapena". Bestela esanda, "egoera normal batean eskaria egoki ase badugu", argitu du Getxoko elkarteko kudeatzaileak, "kontsumoaren murrizketa ematen denean, ez du inolako logikarik ordutegia eta zerbitzu horiek luzatzea".
Desadostasuna erakutsita, Nuriak bere kezka ere adierazten du, "banakako irekiera hauek merkataritza sektoreari ekar diezazkioketen ondorio negatiboak behar bezala baloratu diren zalantzan nago". Ondorio txar horien artean, Nuriak zera aipatzen du, komertzio txikiak jai-egunetan irekitzeak "merkataritza-gune handiek berbera egitera bultzatzea", alegia. Honen ondorioz, "hemendik gutxira guztion kalterako izan daitekeen dinamika batean murgildurik aurkituko gara", aurreikusten du Nuriak, ezkor.
Elkartearen nortasunaren aurka
Beste merkatarien elkarteen epeltasunaren aurrean, beraien kabuz negozioa ireki dutenen jarreraren aurkako desadostasun garbia erakusten du Getxo Enpresa eta Merkataritzak. "Jai-egunetan irekitzea ala ez merkatari bakoitzak bere kabuz erabakitzea merkatarien elkarteen nortasunaren beraren kontra doa", dio Nuriak, "bakoitzak bere uste nahiz eskubideen parteren bati uko egitearen beharrean oinarritzen baita asoziazionismoa". Komertzio bakoitzaren izaera desberdina izanda, Nuriaren ustez, "banakotasun horiek zertxobait etsi behar dute multzoaren menpean, lagun multzo baten onurako", hain zuzen ere.
Ika-mika handia sor dezakeen ordutegien luzapenari bitarteko irtenbidea eskaintzeko asmoz, BilbaoCentro bezalako merkatarien elkarteek eguerdietan komertzioak zabalik mantentzearen proposamena euren bazkideen artean sustatu dute. Nuriak ez du ideia horren errentagarritasuna Getxon aurreikusten, "Getxoko biztanleriaren zati handi bat lan egitera kanpora doala esango nuke", adierazi du, "egun osoa ematen dute Getxotik kanpo eta arratsalde nahiz gau aldera, eskualdera datoz bueltan". Horren ondorioz, ez dute ikusten, orokorrean, eguerdian komer-tzioak irekitzearen beharra, "lagun kopuru nahikorik ez baitugu". Horrekin batera, "ez du errentagarritasunik suposatzen, kostuen aldetik ikusita".
Euskadiko komertzioen ordutegiari dagokionez, merkatariei urtean 12 jai-egun irekitzea ahalbidetzen die Eusko Jaurlaritzaren arautegiak. "Neurri hori nahikoa dela uste dugu", baloratzen du Nuriak; "espainiar Estatuko araudiarekin alderatuz, oso araudi ona iruditzen zaigu, hura murrizten baitu". Komertzio txikientzat arautegi "onuragarria" dela uste du Getxoko kudeatzaileak.
Getxo turistikoa
Getxoko Udala eskualdeko turismoa suspertzen ari da. Aukera ugari eskaintzen dituen eskualdea da, eta gero eta gurutzaldi gehiagok dute Getxoko portua helmuga bezala. Turista horiek Getxon mantetzeko, komertzioen ordutegia luzatu beharra adierazi dute askok. Bateraga-rria al da Getxo turistikoa, itxita mantentzen diren komertzioekin? "Gaurdaino, ez dugu turismoak ekarritako jendetzarik izan", onetsi du Nuriak; "horrela izatea nahi genuke guztiok!". Hori dela eta, horren beharrik eta eskaririk ez dagoenez, "momentuz, ordutegia mantendu egiten da". Hala ere, "ez diogu ordutegien moldaketari uko egiten, unean-uneko gizarte aldaketen arabera". Nuriaren aburuz, "Getxoko merkatariok behar berrietara egokitzeko prest gaude".
Krisialdiaren aurrean
Krisialdiaren aurrean neurri berezirik hartu ez dutela azaldu du Getxoko elkartearen buruak, urteetan zehar prestatu dituzten kanpaina berberak sustatzen baitabiltza; "hemengo komertzioetan kontsumitzera animatzeko kanpainak egiten jarraitzen dugu, Getxoko biztanleei zuzendutakoak eta baita kanpoko bezero berriak erakartzeko ere", hala nola, "Uribe Kosta, Leioa, Sopela eta Plentziakoak". Eskualdeen arteko lehia ere mantentzen da; "Ezkerraldeko bezeroen kontsumoa ere erakartzen ari gara", azaldu du Nuriak, "Getxok duen primerako eskaintzari esker".
Enpresa txiki eta ertainen lehenetariko beharra likidezia omen da. Nuriaren ustez, Getxoko komertzioek ez dute era masiboan jo finantza-erakundeengana diru eske, baina banketxeen aldetik ezezko erantzunak ez izateko asmoz, Ipar Kutxa erakundearekin maileguak eskura ditzakete merkataritza-gune getxotarrek.
Euskara maila
Eusko Jaurlaritzak pasa den udan komertzioetan euskara sustatzeko kaleratutako dekretuak eragin urria izan omen du Getxoko merkataritza-guneetan. "Guk dekretua zabaldu genuen gure bazkideen artean, ezagutarazteko", azaldu du elkarteko kudeatzaileak; "hasiera batean, informatu egin dugu eta zenbait zalantza argitu". Haren aplikazioari buruz, dekretuak oraindik ere zehaztu gabe dauden alderdi ugari dituela salatu du Nuriak, eta indarrean sartzean "zenbait sektoretan zailtasunak ekar ditzakeela" aurreratu du. Izan ere, Getxoko euskara maila erdi mailakoa-baxua omen da, "bai ezagutza baita erabileraren aldetik ere". Nahiz eta maila nahi-korik ez egon, ase gabeko beharrik ez omen dago; "Eusko Ganberen txostenaren arabera, kontsultaturiko %85-90 konforme sentitzen da komertzioetan erabilitako hizkuntzarekin, gaztelerarekin, alegia", adierazi du Nuriak.