Azken eguneratzea: 2010eko abuztua
ERREPORTAJEA

Enpresen nazioartekotasunaren garrantzia

Nazioartekotasuna enpresetan, edozein ekimenetan eta entitate ugaritan gero eta garrantzi handiagoa hartu duen ezaugarria da. Krisialdiarekin batera, langileen eta enpresarien adimenak gora egin du, eta aurkitutako irtenbideetako bat nazioartekotzea izan da. Eusko Jaurlaritza, SPRI eta Euskadiko Merkataritza Ganberak kontzeptua sustatzeko erraztasunak eskaintzen saiatu dira.

Euskadiko enpresek sortzen dituzten ekimenak edo proiektuak gero eta gehiago ezagutzera ematen dira atzerrian, baina ibilbidea ez da batere erraza, eta kanpoan lanak aurkezteko edo arrakasta izateko diru-laguntzak behar dira; kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak hainbat programa abiarazi ditu nazioartekotasuna bultzatzeko xedearekin.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotasunaren Zuzendaritzak edozein motatako enpresei laguntza eskaintzeko zerbitzuak eta programak abiarazi ditu azken urteetan, batez ere, ETEei bideratuta daudenak, euren lehiakortasuna sustatzeko eta kanpoko jarduera bultzatzeko helburuarekin.

Euskadiko ETEen garrantzia

Ildo berari jarraituz, Jaurlaritzako Sailak eta SPRIk Euskadiko ETEek atzerrian duten presentzia sustatu nahi dute euren programen bidez; era berean, horrekin batera, nazioartean jada arrakasta izan duten Euskadiko enpresen esperientzia eta egoera mantendu nahi dute.

Hori dela eta, aurten aurkeztutako programa instituzional guztiek sektore guztietako laguntzak eskaintzen ditu; hala ere, zerbitzuen sektoreak gainerakoek baino garrantzi handiagoa hartuko du, bereziki, aholkularitza eta ingeniaritza azpisektoreak, balio erantsi altuagoa baitute.

Merkatu geografikoei dagokienez, toki edo lurralde berriak konkistatu edo eskuratuko direla aitortu dute Jaurlaritzako ordezkariek, gehienbat gaur egun garapen teknologikoaren arloan gorakada izugarria izan duten herrialdeei begira. Hau da, nazioartekotasuna ez da soilik betiko lurraldeetan zentratuko, baizik eta baita aukera berriak eskaintzen duten merkatu eta sailetan ere.

Profesionalak eratzeko bekak

Eusko Jaurlaritzaren beste helburuetako bat lankidetza sustatzea da. Horrekin, profesionalen edo ikasleen prestakuntza eta esperientzia handitzea lortu nahi du. Jaurlaritzak hartutako ildorik esanguratsuena beken eskaintza izan da; horri esker, langile edo ikasle askok atzerrian erabiltzen dituzten metodoak edo tresnak gertutik ezagutzeko aukera izaten dute, gerora Euskadiko enpresetan ibilbide bera jarraitzeko edo antzeko tresnak txertatzeko.

2010eko Nazioartekotasunaren eta Tituludun Atzerritarren inguruko Beken deialdiak itxi egin dira jada. Jaurlaritzak eskaintzen dituen programak edo bekak oso erakargarriak izan ohi dira enpresentzat, diru-laguntzak 500.000 eurora iritsi daitezke eta; diru kopuru hori proiektuetara edo kontratuetara bideratu behar da.

Enpresen nazioartekotasun maila igotzeko, Eusko Jaurlaritzarekin batera Euskadiko Merkataritza Ganberek ere hainbat programatan parte hartzen dute.



 

 

 
   

Bizkaiko esportazioek %25,2 egin dute gora

Aurtengo lehenengo lauhilabetekoan, nazioarteko merkataritzaren suspertzearekin batera, Bizkaiko kanpoko merkataritzak ere gora egin du. Horrela, bada, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak emandako datuek dioten bezala, 2010eko urtarrila eta apirila artean, Bizkaiko esportazioek 2.282 milioi euro egin dute gora; horrek %25,2ko gorakada erakusten du, joan den urteko epe bereko datuen aldean. Aitzitik, inportazioei dagokienez, %15eko hazkundea izan dute 2010eko lehenengo lauhilekoan, hots, 2.873 milioi gehitu ziren.

Merkataritza-defizitak hobekuntza nabaria izan du aipatutako igoera horien ondorioz, 85 milioi euroko murrizketa izan baitu; 590 milioi guztira, hain zuzen ere.

Gainerako lurraldeekin alderaketa

Estatu mailan, aurtengo lehenengo lauhilekoan Bizkaiak egindako esportazioak Espainiako %4 izan dira, Estatuko rankingaren bosgarren postuan kokatuz, Bartzelona, Madril, Valentzia eta Pontevedraren atzetik; horrez gain, Bizkaiko esportazioen kopuru orokorra ere Estatuko batez bestekoaren (%14,8) gainetik dago.

Aitzitik, inportazioen kasuan, Bizkaiko Lurralde Historikoak Estatu osoko %3,8 hartzen du; kasu honetan, ranking probintzialaren seigarren postuan dago.

Bestalde, EAEko gainerako lurraldeekin alderatuz, esportazioei begira, Bizkaian Euskadi osoko %43,9 gauzatzen dira. Gainera, Gipuzkoako esportazioek behera egin duten (%-0,6), eta Arabakoak, berriz, hazi egin dira (%1). Inportazioei dagokienez, aldiz, Bizkaian gauzatzen direnak EAE osoko %62,7 dira. Kasu horretan, Gipuzkoako inportazioek (%26,5) hazkunde nabariagoa izan dute.

Esportazioen norakoa

Bizkaiko esportazioen helmuga edo norakoa EB-27 izan ohi da, edo, gutxienez, hori adierazten dute datuek, esportazio guztien %59 zonalde horretara bideratzen baitira. Bizkaiko bezeroen artean, azken hilabete hauetan gehien igo direnak Frantzia (%43,7) eta Italia (%49,9) izan dira. Txanponaren bestaldean Erresuma Batua dago, non esportazioek %10,4ko beherakada izan baitute.

Sektoreei begira, "garraio tresnak" izan dira hazkunderik nabarmenena izan dutenak; era berean, "material arruntek eta manufakturek" gorakada azpimarragarria izan dute.


 

   
 
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK