Azken eguneratzea: 2010eko apirila-ekaina
ERREPORTAJEA

EAEko kaleratzeen kostuaren inguruko eztabaida ireki da

Euskadiko kaleratzearen kostua gehiegizkoa dela diote enpresarien eta ugazaben erakundeek; aldiz, sindikatu gehienek eta langileek diote enpresentzat oso erraza dela langileak kaleratzea, besteak beste, merke irteten zaielako. Hain zuzen ere, Euskadiko kaleratzearen kostuaren batez bestekoa EBkoa baino altuagoa da, baina, aldi berean, espainiar Estatukoa baino baxuagoa.

Krisia dela eta, kaleratzearen kostua gai eztabaidagarri bihurtu da azken aldi honetan; kontuan izan behar dugu, adibidez, Euskadiko langabezia tasa izugarri igo dela 2009. urtean, eta datu horiek 2010ean hobetzea lan zaila izango dela; zehazki esateko, EAEn, 134.000 langabe inguruk eman dute izena INEMeko zerrendetan. Dena dela, espainiar Estatuko emaitzak askoz larriagoak dira eta egoera hobetzea oso zaila da, 4 milioi langabe inguru baitaude, hau da, ia biztanleria aktiboaren %20.

Gauzak horrela, Estatuko enpresen erakundeek (CEOE buru) behin baino gehiagotan errepikatu dute kaleratzea garestiegia dela Europako mendebaldeko batez bestekoarekin alderatuz, Euskadiko kaleratzearen kostuak Europako batez bestekoak baino altuagoak baitira. Hau da, Euskadiko langile batek 56 asteko soldata eskuratzen du, eta Europar Batasunean (EB-15), berriz, 27 asteko soldata lortzen du, Munduko Bankuaren datuen arabera.

EBko kaleratzearen kostua

Halere, Alemaniako kasuan, kaleratzeengatik ematen diren kalte-ordainak Euskadikoak baino askoz ere altuagoak dira, Europar Batasuneko kaleratze kosturik garestienak baititu, 69 asteko soldata, hain zuzen ere. Alabaina, Europako merkatuen artean, Alemaniakoa da aurreratuenetarikoa, eta bere joera ekonomikoa ere onenetarikoa da. Adibidez, langabezia tasari dagokionez, Espainiako tasak Alemaniakoa bikoizten du.

Aldiz, Euskadiko emaitzen kasuan, kontuan izan behar dugu batez besteko soldata gordina 25.488 eurokoa (urtean) dela, Estatistika Institutu Nazionalaren (EIN) arabera. Zifra hori, EB-15ekoarekin alderatuz, nahiko baxua dela esan dezakegu; izan ere, duela bi urte inguru, Europar Batasuneko batez bestekoak 34.412 eurokoak ziren eta. Ildo berari jarraituz, EAEn langile bat kaleratzeak 27.448 euroko kostua duen bitartean, Alemaniako kostuak 55.320 eurokoak dira. Horretaz gain, EBko kaleratzearen kostua 17.867 eurokoa da.

Estatuko enpresen egoera

Estatuko kaleratzeek gora egin dute azken urtean, eta kaleratze horietako asko kontratu mugagabeak ziren. Hori dela eta, ugazaben erakunde batzuek, tartean Espainiako Enpresa Ertain eta Txikietako konfederazioak, kaleratzearen kostuak jaisteko eskatzen dute, langileak kanporatzea garestiegia delako.
Horren harira, ELA sindikatuak nahiz Madrilgo Gobernuak azpimarratu dute aldi baterako kontratuen kopurua hazi egin dela; izan ere, enpresariak, askotan, kontratu mota honetara mugatzen dira. Esate baterako, joan den urtean, hilabete bat baino gutxiagoko kontratuak 4,7 milioi izan ziren guztira Estatu osoan; zehazki, horietako 2,7 milioi, aste bat baino gutxiagorako izan ziren.

2009ko emaitza ezkorrak

Lehen esan dugun bezala, joan den urtea oso latza izan zen langabeziari dagokionez; Euskadin, adibidez, 26.000 langileri 'expres kaleratzea' deiturikoa aplikatu zitzaien. Beste alde batetik, kanporatze bakoitzagatik eman zen kalte-ordaina 43.812 eurokoa izan zen, batez beste; gainera, 4.323 langilek auzitara eraman zituzten euren kasuak.

Gauzak horrela, 2009. urtean, 35.000 euskal langile ingururen kontratu finkoak eten ziren. Hori Euskadiko markarik altuena da; gainera, lan-eten horietako 9.000 Enpleguen Erregulazio Espedienteen (EEE) bidez izan dira. Beraz, dirudienez, enpresek, aldi baterako kontratuak moztu ostean, kontratu finkoak hartu dituzte helburu gisa.


   

Sindikatuen jarrerak

Sindikatu bakoitzak bere izaera eta iritzi pertsonala du, eta kaleratzearen kostuari dagokionez ez da gutxiago izango, kasu honetan ere talde bakoitzak ikuspuntu desberdina edo batzuetan antzekoa izaten baitu. Hain zuzen ere, ELAko idazkari nagusia den Adolfo Muñozen aburuz, helburu nagusiak dira "arlo publikoan pribatizazioak zabaltzea eta finantzen sektorean eta enpresetan irabaziak handitzea, langileen eskubideen lepotik". Muñozen arabera, botere ekonomiko eta politikoen arteko azpikeria martxan jarri da.

ELAk, batez ere, Gobernu zentrala kritikatu du, esanez lan erreforma guztiak bide beretik joan direla; bestalde, Aldi Baterako Laneko Enpresa eta gainerako enplegu bitartekaritza pribatuei dagokienez, ELAko idazkari nagusiak gaineratu du irabazi asmoa duten enpresak direla eta "langileen soldatetatik lortzen dituztela etekinak". Ildo beretik jarraituz, Muñozen sindikatuak malgutasuna handitzeko eta gazteentzako kontratu prekarioak sortzeko asmoak salatu ditu.

UGT eta CCOOren ikuspegia

ELAko idazkari nagusiak beste bi sindikatu indartsuenen jarrera kritikatu du, UGT eta CCOOrena, hain zuzen ere. Hortaz, bere aldetik, Ignacio Fernández Toxo CCOOko idazkari nagusiak aitortu du prest dagoela kanporatzearen eredu desberdinei buruz eztabaidatzeko. Ohartarazi du, Austrian, eraginkorra izanda ere, herrialde txikiagoa dela eta hango langabezia %5ekoa dela.

Hala eta guztiz ere, mahaian proposatutakoa denborarekin eztabaidatzearen alde agertu da Toxo. CCOOko idazkari nagusiak argi utzi du zeintzuk diren, bere aburuz, hartu beharreko neurriak: lanaldia murriztea eta pizgarriak bideratzea iraupen luzeko langabe eta gazteentzat, besteak beste.

Dena den, Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko Ekintza Sindikaleko idazkariak argi utzi du bere ustez kaleratzea errazegia eta oso merkea dela, "nahiz eta askok garestia dela adierazi". Horretaz aparte, Ballesterosek dio erreforma berriak egin behar direla: "beharrezkoa da neurri berriak eta kaleratzea geldiaraziko dituzten neurriak hartzea", gaineratu du UGT-Euskadiko idazkariak.



 
 
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK