Azken eguneratzea: 2010eko iraila
ERREPORTAJEA I: OSTALARITZAREN EGOERA

Energia berriztagarrien inguruko
aurreikuspenak positiboak dira

Energia berriztagarrien arloa gero eta garrantzi eta indar gehiago daukan kontzeptua edo ekimena da. Aurreko hilabetean, Estatuak energia hauetan oinarritutako egitasmo berria aurkeztu zuen Europako Batzordean, 2020. urterako energiaren zati handi samar bat berriztagarria izateko helburuarekin. Aipatutako planean, energiak datorren urtean izango duen ibilbidea zehazten da.

 

Estatu espainiarrak energia berriztagarrien inguruko Plan Nazionala (PANER) aurkeztu du Europako Batzordean. Txostenaren helburuetako bat energia berriztagarrien erabilera handitzea da; horretarako, Gobernu zentralak 2020. urterako energia guztiaren %22,7 jatorri berriztagarrikoa izatea espero du, hau da, egungo emaitzak bikoiztu nahi dira. Horren harira, Red Eléctrica taldeak datu esanguratsua jarri du mahai gainean, 2010. urtearen lehenengo seihilekoan sortutako elektrizitate guztiaren %40k jatorri berriztagarria izatea, hain zuzen ere. Aitzitik, eolikoari dagokionez, %18aren ekarpena egin du soilik.

Berriztagarrien ibilbidea

Horrez gain, energia mota honek sortutako egitura teknologiko eta industriala lehenengo mailakoa izan da, eta esportazio edo proiekzio izugarria izan duela erakutsi du azken urteetan.

Espainian orain arte jasandako menpekotasun energetikoa nabaria izan da; horregatik, energia berriztagarriak bide egokia izan daitezke menpekotasun hori murrizteko. Dena dela, oinarrizkoak dira, era berean, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokari indarrez aurre egiteko.

Gobernuak egindako estrategia eta planifikazio txostenari begira, parke mugikorrei dagokienez, xedea da %10era iristea, hots, 2020an 2,5 milioi ibilgailu inguru eskuratzea espero dute.

Hortaz, elektrifikazioak gauez sorrarazitako energia eolikoaren gehiegikeria era egoki eta eraginkorrean aprobetxatu ahal izango du, beste faktore edo abantaila batzuen artean.

Energiaren gorabeherak

Exekutiboak aurkeztutako programan hainbat aurreikuspen egiten dira; bertan zehazten da 2020an ezarrita egongo den potentziak hazkunde nabaria izango duela, %25eko gorakada hain zuzen ere, egungo datuen aldean. Horrek esan nahi du 126.072 megavatiora (MW) ailegatuko dela, eta horietariko erdiak berriztagarriak izango direla iragarri dute. Horretaz gainera, emaitza osoaren 35.000 MW energia eolikoari dagozkio,16.662 MW hidroelektrikoari, 6.735 eguzki-fotovoltaikoari, eta, azkenik, 3.807 MW termosolarekin izango du harremana.
Energia nuklearrari dagokionez, berriz, bere indarrak %5eko igoera izango du; beraz, 2020an 55.600 MWra iritsiko da.

Era berean, txostenak aurreikusi du hamar urte barru elektrizitatearen eskaerak 313.052 gigavatio orduko (GWh) lortuko duela, hau da, 2009an baino %28,3 gehiago. Bitartean, ekoizpen gordina %32,6 igoko da Gobernuaren iragarpenen arabera, eta horietariko %35,5 berriztagarriak izango dira.

Prezioak eta kostuak

Gobernu zentralak aurkeztutako aurreikuspenek diote gasaren prezioak %35 egingo duela gora, hots, joan den urteko 17 euro MWh-tik, 2020an 23 eurora pasako gara, Exekutiboaren arabera. Gauza bera gerta liteke CO2aren prezioaren igoerarekin, baina, kasu honetan, hazkundea nabariagoa izango da, txostenaren arabera, %85eko gorakada hain zuzen ere. Beraz, tona bakoitzeko 13,5 eurotik 25 eurora pasako ginateke 2020. urterako.


Energia iturri guztiek antzeko bilakaera izango dute iragarpenen arabera, murrizketa mugatu eta progresiboekin hain zuzen ere. Hala eta guztiz ere, energia nuklearraren kasuan, 2020an, %50eko beherakada izango du, baina eolikoak baino emaitza altuagoak izaten jarraituko du.

Ildo berari jarraituz, txostenak dio energia berriztagarrien kostuak murrizten jarraituko duela, baina erritmo irregularrean, hots, "beren garapenerako lortuko duten diru-laguntzaren araberakoa izango da 2020an energia hauek izango duten bilakaera edo kostu-murrizketa".

Aitzitik, gainerako energia motei begira, txostenak aurreikusten du ikatzaren ekoizpenak indarra galduko duela, 2009an lortutako %12,4ren aldean lau puntu baino gehiago jaitsiko baita 2020an.

   
   
Enpresen kokapena

Estatu espainiarrak nazioarteko eredu energetikoan parte-hartze handia izan du historian zehar, batez ere industria iraultzatik aurrera, non Espainiak paper garrantzitsua jokatu zuen eta aurrerapen garrantzitsuak egin zituen. Esaterako, potentzia eolikoari begira, Estatua munduko laugarren postuan dago, AEB, Txina eta Alemaniaren atzetik.

Horren harira, esan beharra dago Iberdrola Renovables taldea munduko lehen operadorea dela zentral eolikoetan; Acciona Energia, berriz, rankingaren hirugarren postuan dago. Aerosorgailuei dagokienez, aldiz, Gamesa euskal enpresa munduko seigarren ekoizle taldea da. Abengoak, bere aldetik, energia termosolarraren lidergoa du, AEBetako gobernuaren mailegua jaso baitu, Arizonan planta berria eraikitzeko, 1.154 milioi euroko mailegua, hain zuzen ere.

Bestalde, Getxon egoitza duen Sener enpresak etorkizunerako eraikin termosolarrak ere ekoizten ditu, Dubaiko Emirerrian, esaterako.

Horretaz aparte, Red Eléctricako Kudeaketa Zentroari begira, esan beharra dago mundu osoko aurreratuena dela eguzkitik eta haizetik datorren energia sarean barneratzeko kudeaketa egiteko orduan.

Datu esanguratsua da enpresa edo talde horietako asko Euskal Herrikoak izatea, non gero eta apustu garbiagoa egiten den energia berriztagarrien alde eta aldaketa klimatikoaren ondorioen aurka.

 


Sener enpresaren egoitza Getxon

Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK