Azken eguneratzea: 2010eko urtarrila-martxoa
ERREPORTAJEA

Euskal kontsumitzaileen konfiantzak
behera egin du 2010eko lehen hiruhilekoan

Politikariek garrantzi handia ematen diote itxurari, baina, azken aldi honetan, ekonomia
ahularekin eta azaltzen diren porrot ugariekin, oso zaila da izen ona mantentzea.
Hori guztia biztanleen eta kontsumitzaileen konfiantzan islatzen da, eta, dirudienez,
Euskadiko eta Nafarroako Aurrezki Kutxen Federazioak egindako inkestaren arabera,
euskal kontsumitzaileen mesfidantza gero eta handiagoa da.

Euskal Herriko biztanleok gero eta mesfidatiago bihurtzen ari gara; gehienbat, hau guztia krisialdiaren hazkundearekin hasi zen, hots, euskal kontsumitzaileen mesfidantzak gora egin du egoera ekonomikoa hazi den heinean. Dena dela, egoera horrek bere alde positiboa ere badu: dirua aurrezteko dohaina azaleratu da eta, adituen ustez, hori onuragarria izan daiteke gizartearen etorkizunerako.

Krisiari dagokionez, euskaldunok gehien arduratzen gaituen gaia langabeziarena da; izan ere, aurtengo lehenengo hiruhilekoan, berriz ere egin du gora, 2009ko azken hiruhilekoarekin konparatuta, behintzat. Ondorio hauetara ailegatu den taldea Euskadiko eta Nafarroako Aurrezki Kutxen Federazioa izan da, Kontsumitzailea­ren Koiuntura-Inkestaren bidez. Txosten horretan, argi ikusten da euskal kontsumitzaileen konfiantzak hamabi puntu egin duela behera aurtengo lehen hiruhilekoan, aurreko datuekin konparatuta.

BBK, Kutxa, Caja Vital eta CAN izan dira inkesta edo txostena egin duten entitateak; hain zuzen ere, erakunde horiek dira aurrez izendatutako Federazioa osatzen duten taldeak.

Kontsumitzaileen konfiantzaren gorabeherak

Lehen esan bezala, aurtengo aurreneko hiruhilekoan, euskal kontsumitzaileen konfiantza-indizea 81 puntutan kokatu da. Horrek esan nahi du hamabi puntuko uzkurdura izan duela aurreko hiruhilekoarekin alderatuz.

Gauzak horrela, Euskal Herriko indizea Espainiako eta EBko datuetatik (84 eta 87, hurrenez hurren) nahiko hurbil dago. Emaitzetan, orokorrean, atzerantz egin arren, ikus daiteke euskal kontsumitzaileen konfiantza-indizeak susperraldirako joera arinari eusten diola.

Hala ere, neurri txikiagoan, euskal kontsumitzaileek etorkizunean aurrezteko izango duten gaitasunari dagokionez, atzera egin dute (9 puntu, hain zuzen ere).

Aldiz, ekonomia orokorraren kasuan, langabeziari eta etxeko ekonomiari buruzko itxaropenei dagozkien adierazleek susperraldi-joera arin horri eutsi diote, indize orokorrak bezala.

Europaren ikuspuntua

Europako Batzordeak %0,7 berretsi du euroguneko BPGren hazkunde-aurreikuspen moduan 2010. urterako, eta datu horrek alde nabarmenak erakusten ditu herrialde kideen artean: herrialde horietako batzuek, eta Espainia horien artean dago, hazkunde-tasa negatiboak iragarri dituzte. Informazio horiek eragin garrantzitsua izan dute euskal kontsumitzaileek ekonomia orokorraren eta, beraz, langabeziaren eboluzioari buruz duten ikuspuntuan.

Bestalde, inbertsio handiak egiteko probabilitate-indizeak eta aurreneko etxebizitzaren eta automobilaren azpi-osagaiek atzera egin dute berriro ere.

Izan ere, EAEko Lurralde Historikoen arabera, kontsumitzaileen konfiantza 77 puntukoa da Araban, eta 82koa, berriz, Gipuzkoa eta Bizkaian. Azken hiruhilekoetan lortutako datuak hobetu egin dira kasu guztietan. Ildo berari jarraituz, hiru lurraldeetan, kontsumitzaileek euren etxeko ekonomiaz duten pertzepzio hobeak eta aurrezteko itxaropenei eusteak ekarri du hobekuntza hori, egoera ekonomiko orokorraren eta enpleguaren suspertzeari buruz dagoen itxaropen negatiboa konpentsatuz.

Ibilgailuen salmentak

2010. urteko lehen hiruhilekoan, ibilgailuak eskuratzeari dagokion igurikimena oso maila apalean mantentzen da; gainera, atzera egin du berriz 2009ko azken hiruhilekoan aurrera egindakoaren maila berean. Laguntza-neurri publikoak eraginkorrak suertatu dira epe laburrean, baina ez dago batere argi etorkizunean mantenduko diren ala ez.

Joan den urtean, guztira 44.012 ibilgailu matrikulatu ziren Euskadin, 2008an baino %1,8 gehiago. Gehienbat, iazko azken hilabeteetako joera-aldaketak ekarri du 2009ko urteko emaitza positiboa. Estatu mailan, ordea, hilabete horietan jasandako hobekuntza ez da nahikoa izan, eta joan den urtean matrikulazioek %17,8ko beherakada izan zuten.

Aurtengo lehenengo hilabeteei dagokienez, urtarrileko eta otsaileko hilabeteetan hain zuzen ere, matrikulazioa 6.847 ibilgailukoa izan da EAEn. Hortaz, gorakada %32,9koa izan da iazko hilabete berarekin alderatuz gero, baina %27,6ko beherakada izan da 2008ko datuekin konparatuta. Txostenean nabarmentzen dute laguntza publikoek gai honetan izandako eragina, positiboa betiere.

Merkatu txikiaren eta handiaren arteko aldea

Salmenten gaiari lotuta, azalera handien salmenta-indizeak urte arteko hazkunde positiboa erakusten du abenduan eta urtarrilean; 2009an, oro har, balio negatiboak izan zituen.

Eta, azkenik, nahiz eta txikizkako merkataritzaren indizeak beherakadari eutsi, urte arteko aldaketa-tasa negatiboa izan da, %1,5ekoa hain zuzen ere, baina aurrekoak baino txikiagoa.

Euskadiko kontsumitzaileen ustez, prezioek ez dute gora egingo, aurreko hiruhilekoetan baino maila apalagoan baldin bada ere.

Kontsumoari lotutako beste adierazle batzuk

Burtsarekin edo interes-tipoekin lotura duten adierazleek ere harremana dute kontsumitzaileen edo erabiltzaileen konfiantza indizearekin. Adibidez, Euriborraren erreferentzia tasa %1,22an egon zen otsailean, ia beherago egiteko marjinarik gabe. Horrek diruaren prezioan eragindako murrizketaren ondorioak kontsumitzaileengan islatzen hasi dira.

Bestalde, joan den urteko abenduan Ibex-35 indi­zea 11.940 puntura iritsi zen; otsaila itxi ondoren, aldiz, Estatuko selektibo nagusiak 10.334 puntu lortu zituen.

 

   

Eguberrietako argiak

Euskal kontsumitzaileek oso argi dute zein den gehien kezkatzen dituen gaia; langabezia, hain zuzen ere. Gainera, otsaileko datuen arabera, langabeziak gora egiten jarraitzen du Euskal Herrian; otsailean aurreko hilabetean baino 2.018 lagun gehiago zeuden lanik gabe. Hori horrela, gaur egun 180.913 pertsona inguru daude langabezian.

Lurralde Historikoei begira, Bizkaian 946 lagun gehiago zeuden lanik gabe, Gipuzkoan 549 gehiago eta Araban 39 gutxiago.

Gaiarekin jarraituz, EAEn erregis­tratutako langabezia 137.143 pertsonakoa izan da otsailean, urtebete lehenago baino %23 gehiago.

Berriz, biztanleria okupatua 951,2 mila pertsonakoa da, eta gora egin du (%0,4), bost hiruhilekoz jarraian atzera egin ostean. Hala eta guztiz ere, langabezia-tasa %8,7raino igo da, eta zifrak orekatuta daude gizonezkoen nahiz emakumezkoen artean. Eraginik handiena 16-24 urte arteko pertsonengan dauka.

Bestalde, egindako soldata-berrikuspenen kasuan, azken bost hiruhilekoetako beheranzko joeraren bidetik doaz, prezioetan ere bilakaera horixe izan baita, KPIk erakusten duen bezala.

 

   

Jaurlaritzaren maileguak ez du laguntzen

Eusko Jaurlaritzak laguntza edo mailegu baten beharra izan du, “altxortegia hutsik baitago”, Carlos Aguirre Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak aitortu duenez; zehazki, 600 milioi euroko mailegua eskatzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak.

Honekin batera, euskal kontsumitzaileen (edo biztanleen, orokorrean) konfiantza murriztu egin da, eta instituzio nagusi batek dirua behar duela ikusiz gero, egoera larriaz ohartzen dira eta krisialdiaren ondorioak nabaritzen dituzte.

Jaurlaritzaren erabakiari dagokionez, azken aste hauetan hartutako erabakia ezohikoa da, aurretik gobernuak inoiz ez duelako eskatu behar izan krediturik. Hala ere, Aguirreren aburuz, “Euskadiko finantza egoera arrunta eta ona da”. Beste alde batetik, maileguaren iraupena edo epea sei hilabetekoa da eta interes tasa aldakorra da.

Aguirreren adierazpenak

Aguirrek adierazi du administrazioek altxortegi arazoak arintzeko erabiltzen duten ohiko formula dela, eta aipatutako kopuru hori aurtengo aurrekontuek baimendutako zorraren parte izango dela. Sailburuak iazko zerga-bilketan izandako jaitsiera izugarria aipatu zuen, horrekin erabakia justifikatuz. Hain zuzen ere, 2009ko aurrekontuak prestatzeko erabilitako diru kopurua baino %20 gutxiago bildu zuten.

Horretaz gainera, kontuan izan behar dugu aurten urtea ez dela oso ondo hasi, urtarrilean %17 jaitsi baitzen bilketa. Izan ere, hilabete horretan bildutako diru kopurua ez da oso adierazgarria; gauzak horrela, “urtearen hasiera gastu handiko tartea izan da”, adierazi du Aguirrek.

Iritzi kontrajarriak

Andoni Ortuzarrek, EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Ekonomia eta Ogasun sailburuaren jokabidea kritikatu du; “gobernua peto itxura ematen ari da; EAJk badaki diruak egon behar duela”, gaineratu du Ortuzarrek.

Halaber, Jaurlaritzaren jarduna kontrolatzeko osoko bilkuran, zerga sistema izan zuen hizpide Patxi López lehendakariak. Bere ustez, fiskalitatearen helburu nagusiak «ongizatearen estatua iraunkor egitea» izan behar du. Erabakia hartu aurretik, Lópezek aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak ezin duela zergei buruz alde bakarreko erabakirik hartu, eta eztabaida «lasai eta sakona» egiteko eskatu zien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiei.

 
 
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK