Azken eguneratzea: 2010eko uztaila
ERREPORTAJEA I: ENPRESARIEN IKUSPEGIA

Lan erreformaren bilakaera eta ondorioak,
enpresarien ikuspegitik

Espainiako Gobernuak lan erreforma onartu du, baina neurrien alde egin duen alderdi politiko bakarra PSOE izan da, 168 botoekin; aldiz, alderdi ia gehienak abstentzioa bozkatu dute, 173 boto guztira. Dekretuaren aurka bozkatu duten alderdi bakarrak ERC-IU-ICV, BNG eta Na Bai izan dira, hau da, zortzi botoak. Hortaz, lan erreforma indarrean ipiniko da abstentzioz eta zalantzaz inguratuta

Zapateroren gobernuaren dekretua indarrean jarriko dute, baina exekutiboak adierazi du lege proiektu bezala tramitatuko duela eta talde parlamentarioek proposamenak egiteko aukera izango dutela.

Testuinguru ekonomiko larriari aurre egiteko ezinbestekoa dela argudiatuta egin du gobernuak. Oro har, gainontzeko alderdi eta eragileekin bate egin gabe darama Zapatero presidenteak proposamena Kongresura.

Dena den, alderdi politikoak ez dira neurrien aurka azaldu diren bakarrak, batik bat enpresaburuek erreforma murritzegia dela salatu dute, eta sindikatuek ere langileen eskubideak urratzen dituela diote.

Ondorioak kontratazioan

Lehenengo eta behin, Gobernu espainiarrak ezarritako neurririk ospetsuena kaleratzearen merketzea izan da, erreforma honek bultzatu nahi du 33 lan eguneko ordaina duen kontratu mugagabea. Adituek dioten moduan, praktikan,oso pertsona gutxi geratuko dira kontratu eredu hori sinatzeko aukeratik kanpo; hortaz, ohiko kontratua baino hamabi egun gutxiagokoa da kalte-ordaina.

Izan ere, beste neurriak ere inposatuko dira, hainbeste oihartzun ez izan arren, haien artean obra kontratuei mugak edo kalte-ordainaren gorakada. Lehenengoaren kasuan, lan erreformaren arabera, asko jota hiru urtek iraupena izango dute obra edo zerbitzu kontratuek, baina sektoreko itun kolektiboak baimenduz gero, lau urtera luzatu ahalko da. Berriz, kalte-ordainari dagokionez, obra edo zerbitzu kontratuei dagozkienak handituko dira, 2012. urtetik aurrera. Gainera, gaur egun zortzi lanegun dira, berriz, 2015erako hamabi izango dira.

Bizkaiko Metalaren Sektoreko Enpresen Federazioaren iritzia

Bizkaiko metalaren sektoreko enpresek Gobernuak inposatutako neurriekiko desadostasuna adierazi dute; “erreformaren aurreikuspenak ez dira batere positiboak enpresentzat, eta merkatuek ere kalteak izango dituzte, neurri hauek ezarri bezain laster”, kritikatu du Bizkaiko Metalaren Sektoreko Enpresen Federazioak (BMEF). Horretaz gainera, BMEFtik esan dute “neurri hauek ez dutela enplegua sortzen lagunduko, eta ez dutela malgutasunik bermatzen lan harremanetan”.

Egindako aldaketak ez dira nahikoak Bizkaiko federazioarentzat; “legebiltzarrean, gainerako taldeekin, beste mota bateko aldaketak sartu beharko dira; behinik behin, metalaren sektoreko enpresei ez digu onik egiten”, gaineratu dute.

Era berean, Ignacio Saenz de Gorbea federazioko presidenteak aitortu du ez dagoela batere ados Zapatero gobernuburuak gauzatutako erreformarekin, “zehaztugabea eta edukirik gabekoa” delako. Saenz de Gorbearen aburuz, adostutako neurriek ez dute enplegurik sortuko, eta ez dituzte asetzen instituzio edo erakunde gehienek eskatzen dituzten eskubideak.

Zehaztasunik gabeko aldaketak

Gainera, metalaren sektoreko ordezkariek pentsatzen dute egindako aldaketek era negatiboan eragingo dutela aldi baterako kontratuetan; are gehiago, “egindako aldaketek edo pasarte berriek ez dute argitzen nolakoa izango den kaleratzearen inguruko murrizketa”, gaineratu dute ordezkariek.

Kaleratze objektiboaren kasuan, “ez dira ondorioak zehazten, eta, gainera, enpresa batek sei hilabetez galerak izanez gero, ezin izango du kaleratzearen kostua murriztu; kasu horretan, ez da aldaketarik egin. Orokorrean, pasarte horiek ez daude ondo azalduta, eta erantzunak nahi ditugu", aldarrikatzen dute BMEFko bozeramaileek.

   
   

Adegi: “Gobernuaren kudeaketa ez da
egokia izan”

 

Adegi Gipuzkoako enpresariak eta enpresak ordezkatzen dituen taldea da. Era berean, Adegik enpresek aberastasuna eta bestelako onura sozialak sortzeko duten gaitasuna sustatzen du.

Elkartea Confebask patronalaren barruan dago, eta enpresa jardueraren lehiakortasuna eta garapena laguntzeko baldintzak sortzeko lan egiten du. Horrez gain, Adegik beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu, prestakuntza edo langileen hautaketa, besteak beste.

Eraginkortasun falta

Adegiko ordezkariek ez dute bat egiten Gobernu zentralak onartutako lan erreformarekin; “beharrezkoa den hobekuntza prozesua gauzatu arren, beste egitura-aldaketa batzuk ere gauzatu behar dira, batez ere Estatuko ekonomia eta lan merkatuan eragina eta indarra izan behar duten erreformak”, aitortu dute Adegikoek.

Zapateroren gobernuaren kudeaketa “ez da egokia” izan; Gipuzkoako enpresarien elkarteko bozeramaileek ez dute uste jarrera sindikala eta enpresarien iritzia kontrajartzea hoberena izango denik. “Helburu nagusiari garrantzia eman behar diote, hau da, Estatuko ekonomiaren erronkari erantzuna emateari”; hori dela eta, Adegik bat egiten du Confebasken ikuspuntuarekin, zeinek esaten baitu “lan erreforma bide erdian geratu” dela eta ez dela nahikoa egungo egoerari aurre egiteko.

Arazoak desagerrarazteko neurrien bila

Adegin beste mota bateko neurriak ezarriko dituztela adierazi dute, egungo arazoak konpontzeko erantzunak edo bideak, esaterako: enpresen lehiakortasunaren malgutasuna sendotzen duten neurriak edo lan erregulazioaren funtzionamendu zatarra hobetzeko formula berriak, langabeziaren kopuru harrigarriak errepika ez daitezen.

Lehiakortasunari dagokionez, Adegiko enpresarien iritzia argia da: “ez da aurrerapenik nabarmendu”; horretaz gainera, “zurruntasunak eta distortsioak” paper garrantzitsua hartu dute neurri berrietan, taldearen aburuz.


 

   
 

Gustavo Antépara
Ajebask - Arabako Enpresari Gazteen Elkarteko presidentea

 

“Hartutako erabakiak ez dio mesederik
egiten enpresen sorkuntzari”

Oro har, nola hartu duzue Ajebasken lan erreformaren inposizioa? Zuen ustez, zeintzuk izango dira erreformaren ondorioak?

Gure ustez, hartutako erabakiak ez dio mesederik egiten enpresen sorkuntzari, eta, batez ere, ez du enplegurik sortzen, ez eta sustatzen ere. Horrez gain, ezarritako neurri hauek ez dituzte ukitu ere egiten guretzat oinarrizkoak diren neurriak, negoziazio kolektiboaren erreforma, esaterako.

Are gehiago, idatziaren pasarte asko kolokan geratzen dira eta ez dira guztiz azaltzen.

Lan merkatuari dagokionez, zein izango da aurrera eramandako lan erreformaren eragina?

Gure ikuspuntutik, egoera ez da berehala konponduko. Besteak beste, enpresari gazteentzat ez da batere erraza kredituak lortzea, eta merkatuak oraindik beldurra sorrarazten du; hori dela eta, bertan inbertitzea zaila izaten da.
Dena dela, gure aldetik, sortu berri diren enpresak defendatzen ditugu, baina uste dugu instituzioek laguntza gehiago eman behar dituztela.

Erreformaren neurririk eztabaidatuena lan-kanporaketena izan da. Orain, kaleratzea merkatuta, zuen ustez, zeintzuk izango dira ondorioak?

Hori ez da guztia, kontratazioak galarazten dituzten faktore ugari daude, esaterako, gurekin lan egiten duten pertsonengan erantzukizun formala izatea. Horregatik, enpresari gazte askok egoerari ahal dioten moduan egiten diote aurre, langile berriak kontratatu gabe edota proiektu berrietan sartu barik, esaterako.

Zein da Arabako ekintzaileen egungo egoera? Eta azken urtea kontuan hartuta, zein da zuen balantzea enpresari gazteei begira?

Krisiak eragin izugarria izan du ekintzaileengan, baina baita kontsumitzaileen jarreran ere. Hala ere, Ajebasken, uste dugu une aproposa dela ideia berriak sorrarazteko; gainera, enpresa bat martxan jartzeko grina duen jende ugari bertaratu da gure bulegora azken hilabeteetan.

Lan erreformen aurka hainbat sindikatu altxatu egin dira; zer iruditzen zaizue, orokorrean, talde hauen jarrera gauzatutako murrizketen aurrean?

Oro har, esango nuke sindikatuen jarrera ez dela arduratsua; Estatuko egoera, langileak, enpresak edo ekonomia ez daude prest greba orokorra egiteko, guztion artean aurkitu behar baititugu irtenbideak.

 

 
 
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK