Azken eguneratzea: 2010eko uztaila
ERREPORTAJEA

Krisialdi garaian, ekintzaileen aldeko
apustua sendotu egin da

Askok diote gaur egungo krisi ekonomikoa positiboa izan daitekeela; gakoa egoera aprobetxatzea da, eta, beste faktore batzuen artean, ekintzailetza sustatzea. Dena den, sektore guztiak berritu egingo dira, baina, horretarako, garrantzitsua da ekintzailetza kontzeptua birformulatzea. Era berean, ekintzaileen paperak indar handiagoa hartzen duen heinean, berrikuntza ere nagusitzen da.

Euskal Herrian, ekimenak eta berrikuntzak bat egiten dute; horregatik, instituzio desberdinek programa ugari egiten dituzte, ekintzaileen lana diru-laguntzen bidez bultzatzeko eta euren ekimenak gauzatu ahal izateko.

Gauzak horrela, oinarri teknologikoa eta berritzailea duten proiektuak dira esanguratsuenak, beren balio erantsiagatik. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak, SPRI sozietate publikoaren bitartez, lehen adierazi dugun bezala, 102 enpresa sortu zituen 2009an; horretarako, sustatzaile indibidualek bultzatutako proiektuetarako laguntzak erabili ditu (Ekintzaile eta Barnekintzaile deituriko programak, besteak beste).

Azken urtean beste esperientzia batzuk ere jarri dira martxan, Enpresa Leihatila izendatutako ekimena, adibidez. Programa horrek, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru Merkataritza Ganberen arteko lankidetzaren bitartez joan den urtean lehen aldiz erabili dena, 142 enpresa sortzeko kudeaketak izapeditu ditu.

.Irudi desitxuratua

Ekintzailetzaren ideiaren inguruan irudi faltsua sortu da, eta ezohiko zenbait kasu eredutzat hartu dira, ekintzaile arrakastatsuaren irudia heroien pare jarriz. Ildo berean, hainbat mito sortu dira, esaterako, ekintzailetza gazte izatearekin uztartzea, edota pentsatu izan da ideia handiak izan behar direla arrakasta lortzeko. Sarritan, pentsatu ohi da ekintzailea pertsona independentea dela, zeinak arrakasta lortu baitu berak bakarrik egindako ahaleginari esker. Izan ere, elkarlanaren eta ekintzaileen arteko lankidetzaren bidez sortzen dira negozio eredu arrakastatsu berriak.
Hortaz, krisiak astindu ederra eman die mundu osoko sistema ekonomikoei. Krisiaren eraginez, murriztu egin dira enpresen mantenuarekin lotutako gastuak, eta gaur egun enpresetan prestakuntza eta talentu handiko langileak ari dira lanean.

Ekintzailetzaren prozesuak

Enpresa berritzailea sortzeko orduan prozesu bat gauzatu behar da, baina, lehenengo eta behin, dirua beharrezkoa da, eta, horretarako, laguntzak eskaintzen dira instituzio edo elkarte desberdinetan. Laguntza integralei dagokienez, aurretik adierazitako Ekintzaile eta Barnekintzaile programak dira horietako bi; horien helburua da enpresa-ekimen berritzaileen sorrera sustatzea.

Hain zuzen ere, joan den urtean 79 enpresa sortu ziren guztira laguntza honi esker. Bestalde, proiektuen %83 enpresa bihurtzen dira, eta sortutako enpresen %74k 42 hilabete irauten du gutxienez, hau da, plan hauekin emaitza onak lortzen dira oro har.

Ekintzailetza prestakuntzaren bitartez bultzatzearen kasuan, 2009an hainbat programa gauzatu ziren; esaterako Entreprenari programa, Euskadiko unibertsitateetan oinarri teknologikoko enpresak sortzeari eta ekintzaileei sustapena, aholkularitza eta laguntza emateko. Beraz, unibertsitateko irakasleen, ikertzaileen, bekadunen eta ikasleen gogo ekintzailea sustatzen da. Horrez gain, proiektuak heltzeko eta merkaturatzeko prozesuan laguntzen da.

Joan den urteko emaitzei begira, Entreprenari programara 1.573 pertsona jo zuten, 31 enpresa-proiektu berri jaso ziren, eta oinarri teknologikoko edo berritzaileko 13 enpresa berri sortu ziren.

Azkenik, kultura ekintzailearen sustapenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ekonomikoki babestu ditu 2009an Pertsona Ekintzailearen Eguneko ekitaldiak, tokiko eta eskualdeko 20 garapen-agentziak eta Garapen elkarteak antolatutakoak. Guztira 57 ekintza egin ziren, eta zuzenean 2.415 pertsonak parte hartu zuten.

 

   
   

Enpresak sortzeko laguntzak Euskadi osoan

Euskal Herriko Lurralde Historiko bakoitzak bere talde edo elkarte berezia du; dena dela, lurralde bakoitzaren barruan dauden hiriek edo herriek ere mota honetako tresnak izaten ohi dituzte. Kasu honetan, lurralde bakoitzeko entitate bat aurkeztuko dugu:

+ CEiA, Arabako Eraberrikuntza Industrialdea S.A.

Ekintzaileei eta enpresei zenbait laguntza-zerbitzu eskaintzen die, enpresa-ekimenak sustatzeko eta horiek gauzatzen bultzatzeko helburuarekin. Egun, tresna dinamitzaile moduan lan egiten du enpresa-proiektu berriak sartzeko. Hain zuzen ere, helburua proiektu horien geroari ahalik eta arrakasta-berme handienekin aurre egitea da, betiere, berrikuntzarekiko eta lehiakortasunarekiko konpromisoarekin.

Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez), Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak hartzen dute parte CEiAn.

+ Lan Ekintza-Bilbao

Bilbon kokatzen den elkarte honen helburuak dira: lanpostu gehiago sortzea, lehiakortasuna hobetzea, aukera-berdintasuna, eta udalerriko aukera-esparru bakoitzaren ekonomia-ehuna garatzea.

Lan Ekintza-Bilbaoren egitekoaren arrakastaren eta Bilboko Udalaren garapen ekonomiko, estrategiko eta solidarioarekiko konpromisoaren euskarria plantillako profesionalak dira, besteak beste.
+ GAZE

GAZEren kasuan, Gipuzkoako ikasleek sortutako sarea edo taldea dela esan genezake, haien helburua edo asmoa sare sozial bat eratzea izanik, Gipuzkoa ekintzailegoa irudikatzen duen edonork parte har dezan. Ikasle hauek hainbat arlotakoak dira, bai unibertsitatekoak bai prestakuntza zikloetakoak.

Taldea, Gipuzkoa Berritzen estrategia territorialaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarte Sailak bultzatzen du.

 

   
 
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK