Azken eguneratzea: 2010eko uztaila
ERREPORTAJEA

Lanhitz programa euskarak enpresetan presentzia handiagoa izatera dago bideratuta

Eusko Jaurlaritzaren erronketako bat Euskadiko enpresen eta langileen euskara maila hobetzea da; horretarako, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak programa berezia sortu zuen duela hamar urte baino gehiago, aipatutako ekimena edo erronka sustatzeko xedearekin, Lanhitz programa deiturikoa, hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzak 12 milioi euro baino gehiago erabiliko ditu enpresa publiko eta pribatuetan, elkarteetan eta toki erakundeetan euskararen erabilera bultzatu eta sustatzeko. Hala eta guztiz ere, zifra horrek, iaz bideratutakoarekin alderatuta, 410.000 euroko murrizketa izan du. Halaber, Lourdes Auzmendi Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan du krisi ekonomikoaren egoerak eragina izan duela aurrekontuaren murrizketan.

Horrez gain, Auzmedik azaldu du berrikuntzak izango direla diru-laguntzen ordainketan eta programa desberdinetako (“Lanhitz”, “Euskalgintza”, “IKT”, e.a.) deialdietara aurkezten diren proiektuen puntuazioan.

Nahiz eta deialdi gehienek iazko diru kopuruak mantendu, Jaurlaritzak 510.000 euro kendu ditu Lanhitz deialditik, iazko 2,7 milioi eurotik aurtengo 2,2 milioi eurora murriztuz. Hain zuzen ere, joan den ekitaldian, Lanhitz programaren baitan, Jaurlaritzak ez zuen aurrekontu-sail osoa banatu, 175 enpresa eta 46.684 langile diruz lagundu ondoren, deialdia 200.000 eurorekin bukatu baitzuen.

Enpresetan euskara txertatzea

Orokorrean, enpresei mota hauetako diru-laguntzak ematearen helburu nagusiak hurrengo biak dira: alde batetik, euskararen erabilera plan berriak ezartzea, eta, bestetik, laguntzak jasotzen dituzten enpresek 2010erako kudeaketa plan bat egitea. Gainera, 'Bikain' Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortzen duten eta deialdiaren baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza osagarriak jasoko dituzte.

Ildo berari eutsiz, euskara enpresetan txertatzeko arrazoiei dagokienez, lehenengo urratsa edo helburua merkatu berriak bereganatzean datza, hau da, produktuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresak bezeroarengandik hurbilago daude.
Dena dela, kalitateari begira, euskara, beste edozein hizkuntza bezala, baliagarria da lan mundurako, euskaraz lan egiten duten erreferentziazko hainbat enpresa baitaude: CAF, Fagor, Euskadiko Kutxa, e.a. Pisu handiko beste arrazoi batzuk garapena eta komunikazioa dira: lehenengoaren kasuan, hizkuntza maila hobetzen duen langileak garapen profesionalean aurrerapausoak ematen dituelako; aitzitik, komunikazioari dagokionez, behargin euskaldunek lantokian euskaraz egiteko aukera badute, erosoago sentituko dira, eta, era berean, hizkuntza eskubideak bermatzen dira.

Esan beharra dago Lanhitz programaren xedea enpresa publiko eta pribatuetako langileen artean euskara sustatzea dela.



 

   
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK