Azken eguneratzea: 2010eko uztaila
ERREPORTAJEA
Euskadiko enpresa berritzaileen aukera eta garaia

Krisi garaian enpresen errendimendua eta diru-sarrerak mantentzea ez da erraza, baina, gaur egun, inoiz baino gehiago, enpresa berritzaileen aldeko apustu garbia egiten ari da. Hori dela eta, Euskal Herriko egoera, berrikuntzari dagokionez, oso ona da, batez ere Estatuko gainerako lurraldeekin alderatuta, non Euskadi nabarmentzen den.

Euskal Autonomia Erkidegoa gero eta indartsuago dago berrikuntzari dagokionez; Euskadiko enpresen teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua argia da, eta Europar Batasunaren parean dagoela baieztatzen dute zenbait adituk. European Innovation Scoreboard (EIS) ikerketaren arabera, EAE EB-27ko hamar lurralde berritzaileenen parean dago. Hala ere, Pedro Luis Uriarte, Innobasqueko presidente oiha, ez dago guztiz ados emaitza horrekin; “nire ustez, ez dago hain argi”, adierazi du Uriartek, “berrikuntzaren munduan kopuruak edo zifrak ez dira zehatzak, nahiz eta EISen azterketa erabat fidagarria izan, ezin gara itsutu, bidea luzea da eta oraindik asko falta zaigu”, gaineratu du.

Duela lau urte egindako aurreikuspenak bete egin dira; hori adierazi du Eustatek, hots, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2006-2010 Planak aurten 0,5eko indizea gaindituko zela iragarri zuen, eta, Eustaten arabera, EAEn helburua lortu egin da; beraz, EBko lehenengo hamar herrialdeekin parekatuta dagoela esan genezake.

Hala eta guztiz ere, Uriarteren aburuz, gainerako Estatuekin alderatzea “arraroa da”. Gure herrialdea txikia da eta garapen maila ez da oso altua; horregatik, Uriartek dio ez dela komenigarria beste herriekin alderatzea; “Finlandiako Nokiarekin edo Alemaniako ibilgailuen industriarekin alderatzea gustatuko litzaidake, baina errealistak eta serioak izan behar gara”, azpimarratu du. Horretaz gainera, Uriarteren ikuspuntutik, Europaren egoera okertu egin da krisialdiarekin batera; hori dela eta, bere ustez AEBekin edo Txinarekin alderatzea zuzenagoa izan liteke.


2009ko balantzea

Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia eta Gizarte Sustapenerako eta Industria Birmoldaketako zuzendari nagusi Tomas Orbea pozik azaldu ziren joan den urteko berrikuntza eta enpresa berrien emaitzekin; “osasun sektorearekin, IKTekin eta 2009an sortutako biozientziekin lotura duten 102 enpresa sortu ziren, eta, horiei esker, datozen hiru urteetan 1.400 lanpostu berri baino gehiago sortuko dira eta 110 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da”.

Alderdi popularrak arlo honetan beste neurri batzuk hartzea eta proposatzea erabaki du, enpresen sorkuntza bultzatzeko xedearekin; izan ere, beraien aburuz, “Gobernuak ez du ezer berririk egin”.

Dena dela, Jaurlaritza ez dago batere ados popularrek esandakoarekin, eta argi utzi du 11,6 milioi euro ekintzaileen politiketara bideratu zirela, eta kopuru hori murriztu egin dela 2010ean, hain zuzen ere, 10,7 milioi euro bideratuko baitira.

Ildo berean, 2009an 1.287 proiekturi eman zitzaien arreta eta orientazioa, 359 bideragarritasun-plan egin ziren eta 142 enpresa sortu ziren Enpresa Leihatilaren bitartez. Leihatila honen helburua da zerbitzuak erabiltzen dituen ekintzaile edo enpresa mota nagusia enpresari indibidualen eta sozietate zibilaren edo sozietate mugatuen ideiak edo ekimenak sustatzea.

Emaitzak, estatu mailan

EAE negozio eskolak ikerketa bat egin du, non Espainiako lurralderik berritzaileenak agertzen diren; negozio eskola horrek gauzatutako rankingaren arabera, Nafarroa, Euskadi, Errioxa eta Katalunia agertzen dira zerrendaren gailurrean; aitzitik, Balearrak, Kanariar Uharteak, Zeuta eta Melilla behealdean daude. Azterketan ikertu diren faktoreak hurrengoak izan dira: intentsitate berritzailea, 1.000 biztanle bakoitzeko enpresa kopurua, eta 2000 eta 2008. urteen artean izandako inbertsio hazkundea. Hortaz, lehenengo faktore edo adierazleari dagokionez, puntuaziorik onena atera duten lurraldeak Euskadi (%1,5), Gaztela eta Leon (%1,3) eta Nafarroa (%1,3) izan dira.

Ikerketaren ondorioen artean, ikus dezakegu jarduera ekonomiko eta industrial handiagoa duten herrialdeetan kokatzen diren enpresak Estatuko batez bestekoaren pare daudela.

 

Lehiakortasunaren garrantzia

Enpresa berritzailea izateko hainbat faktore izan behar dira kontuan, gaur egun sortzen diren enpresa guztiak ez baitira berritzaileak, eta berrikuntzari garrantzia ematen dioten guztiak ez dira gai lan-merkatuan bizirauteko.

Oso ezaugarri garrantzitsuak dira lehiakortasun ekonomikoa eta ingurumen-lehiakortasuna. Lehenengoari dagokionez, kapital eta lan faktoreetan oinarritzen ziren kontuak atzean utzi, eta ezagutzan oinarritutako ekonomiarantz bideratu behar ditugu proiektu berriak. Hain zuzen ere, etorkizuneko lehiakortasunaren iturri bakarra garapen teknologikoan eta berrikuntzan oinarrituko da.


Bestalde, ingurumenaren lehiakortasunari dagokionez, azken hamarkadetan zehar gizakiak gauzatu dituen jardueren eta neurrigabeko hazkunde ekonomikoaren ondorioz, klimaren endekapen prozesuak alerta guztiak piztu ditu gizartean. Hortaz, gaur egun, gero eta garrantzitsuagoa da ingurumena zaintzea.

Automozioaren aldeko apustua

Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Euskadik auto elektrikoari buruz duen estrategia aurkeztu die Europako eskualde eta erakundeei, Bruselan.

“Euskadi gakoa da Europarako, Euskadiko automobilgintza, industria eta zientzia-sektoreak Europako auto elektrikoa gure autonomia erkidegoan sortzeko baldintza guztiak betetzen dituelako”, azpimarratu du Echeniquek.


 
Eskualdeetako Batzordearen 'Automobilaren krisia' taldea Europako hainbat eskualdek osatzen dute, eta helburua da eskualdeek automobilgintzaren sektorearen krisia arintzeko proposamen eta ekimenak bilatzerakoan duten papera sustatzea. Ildo berari jarraituz, Jaurlaritzako ordezkariak adierazi zuen aipatutako estrategia “iraunkortasunaren aldeko apustu orokorraren parte” dela, eta helburua “2020an saldutako autoen %10 elektrikoak izatea dela”.
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK