Azken eguneratzea: 2011ko abendua

ERREPORTAJEA
Tabakoaren aurkako legearen ondorioak,
urtebete igaro ostean

EAEn, tabakoa erretzeko ohitura gutxiagotu da apur bat, eta biztanleen gehiengoa ados dago jatetxeetan, tabernetan eta frontoietan erretzeko debekuarekin. Aitzitik, ostalaritzarekin harremana duten langile edo erakundeek tabakoaren aurkako legearen kontra segitzen dute, beraien diru-sarrerek behera egin dutela baieztatu dute, eta krisi ekonomikoarekin batera lege honi aurre egitea zaila suertatzen ari dela baieztatu dute

Ia urte bat pasa da Euskadin tabakoaren aurkako lege berria indarrean sartu zenetik. Ondorioen gaineko iritziak anitzak dira; kaltetuaren ikuspuntuaren arabera, egoera hobetu egin da, eta beste batzuentzat, aldiz, txarrera egin du.

Urte hasieran, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak adierazi zuen helburu nagusia zela Euskadi “Europako tabakorik gabeko gune berrian” kokatzea. “Horrela, ez-erretzaileak ez dira behartuta egongo erretzaileen kea arnastera leku publiko itxietan, eta haien osasuna babestu egingo da, bereziki ostalaritzako langileena eta adingabeena”, gaineratu zuen Zabaletak lege berria indarrean jarri zen unean.

Legebiltzarrean eztabaida zabaldu zenean, sailburuak argi utzi zuen legearen xedea “konbentzitzea” zela, “ez inposatzea”. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak bidali zuen mezua osasun kontua zela adierazi zuen.

Eragin ekonomikoak

Honek guztiak eragin ekonomikoa izan du, edo, behintzat, hori adierazi dute behin baino gehiagotan ostalaritza sektorean ari diren langileek.

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak, Angel Gagok, Eusko Jaurlaritzak hitzartutako legearen aurkako jarrera argia hartu du. Gagok ostalariek proposatutako irtenbidea gogorarazi du; “guk planteatutako irtenbideari jaramonik ez egiteak kalte handia eragingo du ostalaritzaren sektorean”, azaldu du Federazioko idazkari nagusiak.

Alabaina, taberna eta jatetxeek erretzaileentzako gune berezia izatea ere defendatu dute. Horrek, batetik, bat-bateko debekuak ekarriko lukeen kolpea arinduko luke, eta, bestetik, 2005eko Espainiako Tabakoaren Legea onartu zenetik erretzaileentzako guneak egokitzeko egindako inbertsioek zentzua izango lukete.

Hortaz, erretzaileen guneak egiteko aukera edo asmoa ez duten ostalariei bi urteko epea emateko eskatu dute.


Galerak ostalaritzan

Ildo berari jarraituz, ostalariek lehenengo hilabeteetan izandako galerak kalkulatu dute. Estatu mailan, 2011ko lehenengo hilabeteari dagokionez, %20-25 inguruko galerak salatu dituzte. Euskadira begira, Bizkaiaren kasuan, aurtengo lehenengo erdialdea ez dela oparoa izan baieztatu dute emaitzek.

Bizkaiko lurralde historikoan, 2011ko lehenengo lauhilabetekoan, lokal edo ostalaritza-zentroen %73,30ek galerak izan ditu aurreko urtearekin alderatuz. Ostalarien iritziari erreparatuz, horietariko %51k krisialdi ekonomikoari egozten dio errua; %47k, aldiz, tabakoaren aurkako legearen ondorioak direla ziurtatzen du; gainerako %2k, berriz, bestelako arrazoiengatik dela esan du.



 

Euskaldunak baikor azaldu dira tabakoaren aurkako legea ezartzearekin

2010. urtetik, tabakoa erretzen duten pertsonen portzentajea bi puntu txikitu da, hain zuzen ere, %28tik %26ra 2011n, 18 urtetik gorako biztanleen artean, egunero edo noizean behin erretzen dutenen portzentajea.

Elkarrizketatutako pertsonen erdiak baino gehiagok, %54k, “erretzea jendeak duen eskubidea dela eta ez dagoela zertan mugatu” uste badu ere, herritarren gehiengo zabalak, zehazki %93k, “toki publikoetan, erretzen ez duten pertsonen eskubideak errespetatu behar direla” uste du.

Bezero kopuruaren murrizketa

Toki publiko itxietan erretzeko debekua aldatzeak eragindako ondorioei dagokienez, elkarrizketatutako pertsonen %42k uste du ostatuetan bezero kopurua asko edo nahikoa gutxitu dela, eta, aldiz, %46k kontrakoa dio, ostatuetako bezeroak gutxi edo batere ez direla gutxitu. Bestalde, %46k uste du, debeku horri esker, zenbait lagunek erretzeari utzi diotela; %35ek dio lagun gutxiago direla erretzen hasten direnak, eta %84ren ustez, orain, erretzen ez dutenek eragozpen gutxiago sufritzen dituzte.

Biztanleen %81ek positibotzat jo du EAEn tabakoaren aurkako Legea ezartzea. Biztanleen %23k uste du oso positiboa izan dela tabakoaren aurkako Legea EAEn ezartzea, %58k uste du positiboa izan dela, %11k uste du negatiboa izan dela eta %3k oso negatiboa izan dela; azkenik, %5ek esan du ez dakiela edo ez du erantzun.

 
 
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK