Kontsumoko Euskal Institutu berria Kontsumobidek irailaren 1ean bere ateak ireki zituen. Bere eskumenen eta helburuen artean badaude, bitartekaritza eta arbitrajea; erreklamazioei erantzutea; eta merkatua eta informazioa kontrolatzea. Eusko Jaurlaritzako bezeroaren arretarako orain arte izan duten zerbitzua ez da “lagungarria” izan kontsumitzaile askorentzat, hauek ez daude ados zerbitzu publiko honek azken urteetan jarraitu duen bidearekin, “sarritan aurkeztutako kexak albo batera uzten dituzte, eta erantzuna ez da azkarra eta argia izaten”, salatu du gurekin harremanetan jarri den bezero batek.
Bestalde, kontsumo sailaren zati garrantzitsua euskal bezero eta kontsumitzaileen arretarako erabiltzen da, gehienbat errekamazioekin lotura duten kontuak.
Ildo berari jarraituz, bide telematikotik egiten diren izapidetze-sistemak hobetzen saiatuko da zerbitzu berria. Alde horretatik, Kontsumobideren lehen lana izan da lau telefonia-operadore nagusiekin hitzarmen bat sinatzea, posta elektronikoaren bidez egindako erreklamazio-izapideak arintzeko.
Lan-hitzarmenak
Institutuaren beste helburuetako bat da enpresen eta profesionalen erakundeekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea, jardunbide egokien esparruan aurrera egiteko. Halaber, bitartekaritza eta arbitraje jarduerak sustatuko dira aldeen artean hitzarmenak lortzeko, eta KIUBekin eta Kontsumitzaileen Elkarteekin dauden harremanak koordinatuko ditu.
Enpresekin eta profesionalekin harreman estua izatea positiboa izan daiteke, baina era berean negatiboa suerta daiteke, “hitzarmenak enpresekin sinatzea kontsumitzailearen kontra ipini daitekeen faktorea da, interes amankomunak defendatu ditzakete, hori ez da onuragarria izango kontsumitzaile edo bezero taldearentzat”, gaineratu du partikularrak.
Bestalde, Eguzki Talde Ekologista interes hauen aurka ere azaldu da, “zenbait pertsona eta erakundeen baitan trukea bezalako ekintzek gero eta indar handiagoa daukate, elkar truke hauek gainera ez dira produktuetara mugatzen eta zerbitzuak ere sistema honen parte dira”.
Erosketarik gabeko eguna
Garai honetan, krisialdian murgilduta, “aldaketa” hitza da gehien entzuten dena, baina Eguzki Taldearen arabera, momentu hauek bi gauza izan daitezke aldi berean, abiapuntu bat eta helmuga.
Zenbait adituek diote momentu hauetan aldaketei aurre egiteko gure eginbeharrak, gaitasunak, jarrerak aldatzeko joera daukagula. Izan ere, moldatzeko gaitasuna giza espeziearen berezko ezaugarria da baina, ez da beharrezkoa zerbait berria asmatzea, “askotan kontsumismoa eta ez gizartea elikatzeko eredu kapitalistek baztertutako portaera zaharrak berreskuratzearekin nahiko izaten da”, azaldu du ekologisten taldeko bozeramaileak.
Ildo berean, azaroaren 25ean erosketarik gabeko eguna ospatu zen, eta hainbat talde eta erakunde batu ziren kapitalismoaren kontra egiteko eta kontsumo arduratsua aldarrikatzeko. “Ez gaitezen nahastu, lehen mailako beharrak, gizartean bizi garen animaliak garenez gero, gizartean bizitzeko ezinbestekoak zaizkigun horiek dira.
Bigarren mailakoak berriz, alde batera utz ditzakegu, baina hauek lehen mailakoak bilakatu daitezke gizarte eredu kapitalista hauek zabaltzen aditua delako”, gaineratu dute Eguzki taldekoek.
Euskal kontsumitzailearen profila
“EAEko bezeroek ez dute profil finko edo egonkor bat, oso heterogeneo baita”, esan du Kontsumobideko zuzendariak. Gainera, generoari begira, emakume eta gizonen arteko portzentaia oso antzekoa erreklamazioak egiteko orduan eta aholkuak eskatzerakoan.
Aitzitik, atal batzuetan gazteriaren presentzia nabariagoa da, telefonia, bidaia edo teknologi berrien sektoreetan, esaterako. Arlo energetikoan, aldiz, erreklamazioak egiten dituztenek ez dira hain gazteak.
Oro har, 2011ko lehenengo seihilekoan kontsumitzaileek egindako erreklamazioek gora egin dute, joan den urteko epe berarekin alderatuz.
|